Smartphonea duten herritarren gehiengoak izango du sakelako telefonoan instalatuta Instagram sare soziala. Gero eta eduki sortzaile gehiagorentzako plaza bilakatu da app hori, argazkiak ez ezik, askotariko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko tresna baita. Hainbat dira edukiak euskaraz sortzera animatu direnak, haien zaletasunak partekatzeko asmoz. Horietako bat da Ander Iribar (Zestoa, 1997). Duela hilabete batzuk ireki zuen Orbel Explore izeneko kontua (@orbel.explore), eta edukien sorkuntzan dabil.
Iribarrek azaldu duenez, "betitik" izan du sorkuntzarako sena eta grina, eta aspalditik zuen buruan Instagramerako edukiak sortzen hastearen ideia. Dena den, iaz hartu zuen bere kabuz bideoak sortzen hasteko erabakia. "Beti izan naiz sortzailea, eta asko gustatu izan zait askotariko gauzak egitea. Buruan nuen ikus-entzunezko edukiak sortzen hastea, baina ez nekien zer gai hartu abiapuntu bezala. Azkenean, oso mendizalea naizenez, naturari eta mendiari buruz aritzea erabaki nuen", azaldu du. Gaztetxotan hasi zen mendira zaletzen, eta gaur egun lasterketetan ere badabil: "Gaztetatik dut mendiarekiko zaletasuna, eta gaur egun, mendia terapia da niretzat. Lehen, lagunekin-eta sarri joaten nintzen, baina ez nuen lasterketetan parte hartzen. Duela hiru urte ingurutik, ordea, gehiago ari naiz trail mundua ezagutzen. Dena den, oraingoz, mendiaz gozatzea da nire helburua".
Ibilbide proposamenak, elkarrizketak nahiz entretenimenduari lotutako edukiak sortzen ditu, mendia eta natura oinarri
Askotariko edukiak
Mota, luzera eta mami desberdineko edukiak sortzen ditu: egindako ibilbideen laburpenak, bisita daitezkeen lekuen edo egin daitezkeen txangoen proposamenak, aisialdiari lotutako planak, elkarrizketak... "Hasieran, jendeari baliagarri izango zitzaiolakoan, hainbat ibilbideren inguruko xehetasunak partekatu nituen proposamen formatuan, baina, gerora, denetarik egin dut. Azken boladan, berriz, gehiago ari naiz entretenimendura bideratutako bideoak egiten, esaterako, Domusa Teknik 40 MLK probaren bueltan egiten dituzten emakumeen irteeren laburpenak partekatzen", kontatu du, adibideak aletuz.
Era berean, irteera horiek probestu izan ditu kirolariak elkarrizketatzeko. "Duela gutxi, entrenamendu saio horietako batera Ainara Urrutia etorri zen gonbidatu berezi gisa, eta pentsatu nuen polita izan zitekeela bideoz elkarrizketa bat egitea, gonbidatua bera gehiago ezagutzeko eta trail munduan duen esperientzia jarraitzaileekin partekatzeko", adierazi du.
"Taldeko irteerek bizipoza ematen didate; lehiakortasuna albo batera utzi eta kirolaz beste era batera gozatzeko aukera eta modu bat dira"
Taldeko irteeren inguruko edukiak partekatzen ditu sarritan, eta horien inguruko hausnarketa ere partekatu du Zestoakoak: "Bizipoza ematen didate; lehiakortasuna albo batera utzi eta kirolaz beste era batera gozatzeko aukera eta modu bat dira. Sortzen den giroa ikaragarria da; jende asko ezagutzeko parada ematen dute, eta lagun asko ere egin ditut saio horietan. Hasieran beldurra sentitzen da, gai izango ote garen gainerako kideei jarraitzeko, baina ekimenaren helburua jendea mendira lasterka animatzea da, eta jendearen erritmoa errespetatzea". Hori dela eta, dei egin du taldeko irteeretan parte hartzera, bai Domusa Teknik lasterketaren barruan emakumeei zuzendutakoetan nahiz Zipitze eta Saltaka taldeek antolatutakoetan.
Ikasi eta egin, bere kabuz
Zaletasunak bultzatuta ikasi du bideoak egiten, grabatzen nahiz muntatzen. "Argazkigintza eta bideogintza beti izan ditut gustuko, baina lehen batere pretentsiorik gabe egiten nituen. Gerora hasi naiz helburu zehatzagoarekin edukiak sortzen, eta eginez ikasi dut dakidan guztia", azaldu du zestoarrak. Edukiei beste forma bat emateko bide horretan, kamera eta gailu desberdinak erabili izan ditu, eta dronea ere badarabilki azkenaldian. "Ikaragarri gustatzen zaizkit dronearekin lor daitezkeen irudiak. Beste perspektiba bat ematen dute, egunero ikusten ez diren irudiak lor daitezke, eta uste dut edukien maila hobetzen dutela", dio.
Proiektuak harrera "oso ona" izan du, eta jendearen babesa sentitu izanak edukiak sortzen jarraitzeko grina piztu dio Iribarri. Gainera, jende asko ezagutzeko aukera eman diola ere aitortu du: "Edukiekin hasi nintzenean, ingurukoek harriduraz hartu zuten. Gerora, ordea, oso harrera ona egin diote egitasmoari, eta jendearen erreakzioak jasotzeak motibatu egiten du, zerbait sinbolikoa den arren. Oso eskertuta nago jaso dudan babesagatik".
Orain, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketen bueltan dabil, saltsan, eta proba laburrean parte hartuko du. Denbora baten barruan sartzeko asmoarekin dabil, baina itxutu gabe eta disfrutatzeko gogoz. "Proba zoragarria da, ibilbidea polita, egoten den giroa mundiala, eta jendea animatzen ikustea magikoa izaten da", dio. Lasterketaren egunean egingo dituen edukiez galdetuta, "zerbait polita" etorriko dela aurreratu du.
Helburuak, hainbat
Orbel Explore proiektuarekin lanean jarraitzeko gogoz dago Iribar, eta hainbat helburu edo erronka jarri dizkio egitasmoari: "Helburua da jendeari baliagarri izango zaizkion edukiak partekatzea, komunitatea eratzea eta saltsa pixka bat sortzea". Hori lortzeko era askotako edukiak sortzen jarraituko du: umorezko bideoak, dronearekin grabatutakoak, elkarrizketak...