Zestoan ere %3 igoko dituzte udal tasa eta zerga gehienak

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 16a, 15:55

Herenegungo udalbatzarraren une bat. (Mailo Oiarzabal)

Zaborrarena, ordea, %40 igoko dute, Europako zuzentaraura egokitzeko. EAJk kontra bozkatu du, zaborren tasagatik eta parte hartzeko aukera ezagatik. Markes Basoko udaberriko zuhaitz mozketak salatzeko mozioa ere onartu zuten atzoko ez ohiko udalbatzarrean.

Zestoan ere eman diete hasierako onarpena 2025ean udalerrian indarrean izango diren udal tasa, zerga eta prezio publikoei. Atzo, ez ohiko udalbatzarrean, onartu zituzten datorren urterako ordenantza fiskalak, EH Bilduren udal gobernuko kideen aldeko botoekin; oposizioko talde bakarra den EAJren zinegotziek ezezkoa eman zieten ordenantzei.

Inguruko herrietan bezala, Zestoan ere %3ko igoera orokorra izango dute udal tasek, zergek eta prezio publikoek 2025ean. Hala ere, "berezitasun" edo salbuespen garrantzitsu bat izango da: beste hainbat udalerritan bezala eta Urola Erdiko Mankomunitateko guztietan nola, gainerakoekin alderatuta nabarmen haziko da zaborraren tasa Zestoan ere. Hain zuzen ere, %40ko igoera onartu du udalak tasa horri dagokionez. Herritarrek hiruhilero ordaintzen duten tasa da hondakinena. Aurten hiruhilero 36 euro ordaindu duten etxebizitzetan, 2025ean 49 euro ordaindu beharko dute; horrenbestez, batez beste, hilean 4 euro gehiago ordainduko dute zestoarrek zaborraren tasagatik.

Eredu aldaketaren alde

Europako zuzentarau batek finkatutakoaren arabera, 2025eko apirilerako zaborren bilketak ezingo die erakunde publikoei gasturik eragin. Udalek zerbitzu horren kostuaren zati handiena bere gain hartu izan dute orain arte, baina defizit hori ezingo dute gehiago estali; zuzentarau horren arabera, herritarrek eta enpresek ordaindu beharko dute zaborren kudeaketaren gastua oso-osorik.

Zuzentarau hori betetzeko ezarri dute Zestoan ere hondakin bilketaren tasaren igoera deigarria. %40 gehiago izanda ere, Zestoako tasak bere biztanle kopuru beretsuko herrien artean "merkeenetakoa" izaten jarraitzen duela aipatu zuen Mikel Arregi alkateak. Igoeraren erabakia, ordea, Urola Erdiko Mankomunitatetik ezarrita iritsi zaiela azaldu zuen Arregik; eta behin baino gehiagotan egin izan duen bezala, oso kritiko agertu zen Urola Erdiko udalerriak batzen dituen erakundearen ereduarekin. "Hondakinen kudeaketaren eskumena udalena da, baina kudeaketa mankomunitateak egiten du", esan zuen alkateak, besteak beste, kontraesana nabarmentzeko. Urola Kostan "bi mankomunitate eta bi eredu desberdin" daudela gogora ekarrita, Zestoako alkatearentzat kostako herriek osatzen duten UKUE mankomunitatearena eredu egokiagoa da, eta Urola Erdikoak "berrikusi" egin beharko luke berea; UKUEren eredura gerturatzeko, batetik, eta mankomunitate beraren barruan hondakin bilketaren zerbitzuan herri batzuen eta besteen arteko aldeak bateratzeko, bestetik. "Hobekuntza margena" badela dio Arregik, eta sistema fintzen ahalegindu beharko luketela.

Ezezkoaren arrazoiak

EAJren zinegotziek 2025eko ordenantza fiskalen kontra bozkatu zuten atzo, eta bi arrazoi nagusi eman zituzten horretarako.

Batetik, ordenantza fiskalak lantzerakoan "udal gobernuak parte hartzeko inongo aukerarik ez" diela eman adierazi zuten jeltzaleek: "Udalbatzarraren aurreko azken batzordean jaso genuen planteamendua, hau da, pleno bezperan. Guk eskatuta, udalbatzarra bost egun atzeratu da. Ez dugu izan ez denbora, ez aukera, inongo ekarpenik planteatzeko edo eztabaidatzeko". Bestetik, zaborraren tasa udal gobernuak planteatu duen moduan egitea, guztiei %40ko igoera ezarrita, "onartezina" da EAJkoen ordezkarientzat; merkatariei, ostalariei eta industriari kopuru txikiagoa aplikatzearen alde egin dute.

Markes Basoko zuhaitz mozketen kontra

Lurraren Altxamendua izeneko taldeak Azpeitia eta Zestoa arteko Markes Bason joan den martxoan egindako zuhaitz mozketak gaitzesteko Gipuzkoako Baso Elkarteak nahiz EHNE eta ENBA sindikatuek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten atzoko ez ohiko udalbatzarrean. Azpeitia eta Zestoa arteko mendietan 7.000 zuhaitz gazte moztu zituen Lurraren Altxamenduak martxoan. Ekintza haren ondorengo agerraldian egin zuten bezala, orain, Azpeitiko eta Zestoako udaletan aurkeztutako mozioan, horrelako ekintzek, hainbat baso jaberi kalteak eragiteaz gain, mehatxu egiten diela eta beren aktibitatea oztopatzen dutela gaitzetsi dute Gipuzkoako Baso Elkarteak, EHNEk eta ENBAk.

Joan den astean Azpeitian bezala, EH Bilduk "aldeko boto kritikoa" eman dio Zestoan ere baso jabeen eta lehen sektoreko sindikatuen mozioari, azken hamarkadetan hainbat erakundek bultzatutako basogintza ereduarekin ez duelako bat egiten koalizioak.

Hau da, osorik, atzo Zestoako Udalak onartutako mozioa:

"Pasa den martxoan Zestoako eta Azpeitiko mendietan 6-7 hektareako sail batean 7.000 zuhaitz gazte moztu zituzten. Lurraren Altxamendua deituriko talde batek aldarrikatu zuen ekintza hori. Horrelako ekintzek hainbat baso jaberi kalteak eragiteaz gain, mehatxu egiten die eta euren aktibitatea, gure herriak behar-beharrezkoa duena, oztopatzen du. Horregatik adierazi nahi dugu:

  1. Herri honek ez ditu horrelako sabotajeak onartzen.
  2. Gure herrian eta eskualdean ehunka baso jabe ditugu. Hauek kaltetu eta izutu nahian eg¡ten diren eraso eta era guztietako ekintzak gaitzesten ditugu. Beraiei eraso egitea, gu guztion kontra egitea da.
  3. Egur produkziora bideratutako baso-landaketak era jasangarrian kudeatzen dira gure herrian, udalak berak eta aldundiak ezartzen dituzten araudiak zorrotz betetzen. Eta baso hauek ere beharrezkoak ditugu gure merkatuko eskaria hornitzeko eta gizartearen hainbat betebehar asetzeko.
  4. Basogintzak hiru funtzio betetzen ditu eta guztiak behar ditugu: ekonomikoa, soziala eta ingurugiroaren aldekoa. Hirurak defendatzen ditu udalbatza honek.
  5. Gure herriko baso jabeei elkartasuna adierazi nahi diegu eta lanean jarraitzeko deia egiten diegu, beti ere foru eta udal araudiak betetzen dituztela.
  6. Ez da zilegi ekologismoaren izenean gure mendietan horrelako triskantzak egitea.
  7. Udalbatza honek lehen sektorearen alde egiten du bere osotasunean, izan basogintza, baratzegintza, nekazaritza edo abeltzaintza".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide