Piaspe proiektuaren inguruan "zalantzak eta desadostasunak" agertu ditu Zestoako Udal Gobernuak

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 5a, 13:06

Zestoako Udalak deituta, Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan eraiki nahi duen Piaspe zentral eolikoaren inguruko batzar irekia egin zuten atzo, ostirala, Zestoako Kultur Etxeko aretoan. Helburu zehatza zuen atzoko bilkurak: Zestoako Udal Gobernuak proiektuaz duen informazioa herritarrei jakinaraztea, udalaren iritzia zestoarrekin partekatzea eta haien iritziak eta kezkak jasotzea. Jendez bete zen Kultur Etxeko aretoa hitzordurako. Aretoaren kanpoaldean bi pankarta zintzilikatu zituzten Sañu Bizirik taldeko kideek: Sañu Bizirik irakur zitekeen pankartetako batean; Mendiak ez industrializatu leloa bestean. Ia bi ordu iraun zituen bilkurak. Joan zen urrian egin zuten Azpeitiko batzar irekia

Mikel Arregi alkateak eta Nerea Odriozola zinegotziak hartu zuten hitza. Sarrera labur bat egin zuen Odriozolak, batzarraren nondik norakoen berri emateko, eta Arregik hartu zuen hitza ondoren. Alkatea arduratu zen azalpenak emateaz eta herritarrei erantzuteaz. "Foku mediatikoa" Azpeitian jarri dela adierazi zuen Arregik, baina proiektuak Zestoari ere eragiten diola azpimarratu zuen. Horren karitik, Statkrafteko kideak Zestoako bilkuran parte hartzeko prest agertu zirela jakinarazi zuen alkateak, baina argitu zuen udalak erabaki zuela batzarra haiek gabe egitea, udalaren eta herritarren arteko hartu-emanari lehentasuna emateko. "Gaiaren inguruan iritzi desberdinak daudela kontuan izanda, batzarretik sentipen eraikitzailearekin ateratzea espero dugu", adierazi zuen alkateak. Era berean, "zestoarren arteko herri hausnarketak duen garrantzia" jarri zuen mahai gainean.

 

Kontsumo eta sorkuntza datuak 

Batzarraren lehen zatian, "azalpen orokorrak" eman zituen Arregik. Hizpide izan zituen, besteak beste, larrialdi klimatikoa, baliabide eta lehengai fosilen agorpena, sistema energetikoaren gainbehera eta ingurumen auzietako marko juridikoa. Kontsumo datu orokorrak ere eman zituen alkateak, baita Zestoako kontsumo elektrikoaren eta sorkuntza elektrikoaren datuak ere. Arregik jakinarazi zuenez, Zestoako kontsumo elektrikoa 41GWh-koa da urteko. Gainera, industria kontsumoa Azpeitikoa baino handiagoa dela azaldu zuen alkateak, "Zestoan dauden enpresak handiagoak direlako". Sorkuntza elektrikoari dagokionez, Argiola energia kooperatibaren eta Piaspe zentral eolikoaren datuak jarri zituzten parez pare. Hain zuzen, Argiolak urteko 1,5 GWh sortzea aurreikusten dute, eta 84,7GWh Piaspek. 

Trantsizio ekologikorako, estrategia integrala

Piaspe proiektuak nahiz Gipuzkoan eraiki nahi dituzten zentral eolikoek hedabideetan hartu duten oihartzunari eta emandako trataerari ere egin zion aipamena Zestoako alkateak. Hark azaldu zuenez, beste autonomia erkidegoekin alderatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "atzeratuta" doaz energia berriztagarrien ekoizpenean: "Gure erakunde txiki honetatik etxeko lanak egiten hasteko presio orokor bat nabaritu dugu". Hori dela eta, "trantsizio ekologikoaren garrantzia" jarri zuen mahai gainean. "Trantsizio ekologikoa egiteko ezinbestekoa da berriztagarrietan sakontzea, elikadura burujabetzarantz jotzea eta baso politika egokiak ezartzea. Ez da nahikoa zentral eolikoak egitea beste guztia egiten ez badugu", adierazi zuen Arregik.  Zentzu horretan, autokritika egin zuen, eta azaldu zuen Zestoak hobetzeko eta egiteko "etxeko lan asko" dituela oraindik. 

Lehen pausoak eman dituzte dagoeneko. Hain zuzen, "Zestoa trantsizio energetikorako bidean" dagoela aipatu zuen alkateak. Hori dela eta, azken urteetan Udal Gobernuak hartutako neurrien eta egindako hausnarketen berri eman zien herritarrei. Besteak beste, Argiola kooperatibaren proiektua, eraikin publikoetako teilatuen azterketa, eraikin publikoen efizientzia energetikoaren garrantzia, Iraeta agroaldeko proiektua eta baso politikak –Igarobide ekologikoa– izan zituen hizpide. Erronkak ere plazaratu zituen: "Herri hausnarketa antolatzea, egungo energia sistema iraultzea, aurreko elikadura sistemara itzultzea eta eredu ekonomikoaz birpentsatzea". 

Proiektuaren xehetasunak eta Udal Gobernuaren iritzia

Gaiaren testuinguraketa orokorra eginda, Piaspe proiektuaren inguruko xehetasunak plazaratu zituen Arregik. "Ez pentsa informazio asko daukagunik", azpimarratu zuen. Aurrena, aerosorgailuen kokapenaz aritu zen. Hain zuzen, bost aerosorgailu jartzea aurreikusten du Statkraft enpresak, hiru Azpeitiko lurretan eta bi Zestoako eta Errezilgo mugan. Horien kokalekua mapa zein irudi bidez erakutsi zieten herritarrei atzokoan. Aerosorgailuek 205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango dute, eta horiek eragingo duten inpaktua "ikaragarria" izango dela aitortu zuen Arregik: "Errotek eragingo duten inpaktu bisuala nahiz paisajistikoa ikaragarria izango da, eta eragina izango dute bertako bizilagunen jardueran". 

Piaspe zentral eolikoa eraikitzeko materiala garraiatzeko Zestoako lurrak erabili nahi ditu Statkraft enpresak. Hain zuzen, Akoa inguruko bideak erabili nahi dituzte horretarako, eta, horrenbestez, lur horietan eragina izango du zentral eolikoak. Eragin horiek izan zituzten hizpide atzokoan. Udal Gobernuak ez du bideragarri ikusten materialak bide horretatik garraiatzea. "Informazio oso mugatua dugu, baina dakiguna da Akoako aldapatik gora egin nahi dituztela garraio lanak, eta horrek esan nahi du bide berria egin beharko dutela, gaur egungo bidetik material horiek eramatea ez baita posible", adierazi zuen Arregik. "Balio handiko eremua da, eta txikizio handia eragingo luke hor bidea irekitzeak. Beraz, ezin dugu hori babestu", gaineratu zuen. Gaiaren konplexutasuna tarteko, Akoako eta Santa Engraziko bizilagunekin auziaz hitz egiteko hainbat bilera egin dituztela jakinarazi zuen alkateak. 

Zentral eolikoan sortutako energia Lasaoko azpiestaziora bideratzea da Statkraften asmoa, eta Lasaoko estazioa "%100ean" Zestoako lurretan dagoela nabarmendu zuen alkateak. "Proiektua lehen fasean" dagoela azpimarratu zuen, eta azaldu zuen energiaren banaketarako aukera desberdinak nahiz alternatibak egon badaudela. 

 Finean, "Piaspe proiektuarekiko zalantzak eta desadostasunak" agertu zituen Udal Gobernuak. Era berean, aipatu zuen krisi energetikoaren "arazoari irtenbide integrala" ematea ezinbestekoa dela: "Estrategia integralik gabe ez du zentzurik zentral eolikoak eraikitzeak". Era berean, proiektua aztertzeko prestutasuna agertu zuen Udal Gobernuak, eta gaiaz herri hausnarketa egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen. 

Marko juridikoari erreparatuta, gaiaren aurrean Zestoako Udalak duen erabaki-ahalmena “mugatua" dela esan zuen alkateak, lege eta dekretuetan sakonduz. "Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua martxan jarri du. Gainera, Interes Publiko Goreneko Proiektuen Legeak (PIPS) udalak eskuduntzarik gabe uzten ditu. Inoiz udalen eskumenen kontra hartutako neurririk zorrotzena da hori", adierazi zuen Arregik. "Eskumenik ez izateak ez du esan nahi posizionatu behar ez dugunin; are gehiago, posizionatu egin behar dugu", egin zuen azpimarra. 

Galderak, proposamenak eta argipenak

Udal Gobernuaren iritzia jakinarazi ostean ireki zuten galderen txanda. Hainbat izan ziren herritarrek egindako galderak eta proposamenak. Besteak beste, zentral eolikoak Akoako lurretan izango lukeen eraginaz, hori saihesteko dauden alternatibez, udalak dituen eskumen juridikoez, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalen arteko harremanaz nahiz Statkraft enpresaren inguruan Zestoako Udalak duen iritziaz galdetu zioten Zestoako alkateari. 

Arregik argitu zuen berak apirilean jakin zuela Statkraften asmoen berri "modu informalean", eta orduz geroztik egindako urratsez mintzatu zen bilkuran. "Zestoako Udalean ni izan nintzen berria jakin zuen aurrena, Azpeitiko Udaletik egin zidaten dei baten bitartez. Udal Gobernuko kideei jakinarazi nien lehenik; indar politikoaren [EH Bildu] barne bilkura batean ere hitz egin zen gaiaz, eta Goienerrekin batera Zestoako energia kooperatibaren proiektua gorpuzten ari den herriko talde sustatzailean ere elkarbanatu genuen geneukan informazio apurra. Herritarrei dimentsio honetako proiektuen berri eman egin behar zaie, eta hori horrela da; zentzu horretan badaukagu arantza bat, baina ezer finkorik ez genekienez... Dena den, aitortu beharra dago apiriletik genekiela proiektuaren berri".

Arregik adierazi zuen Zestoako Udal Gobernuak "autonomiaz" jokatuko duela Piaspe auzian, udalen arteko harremanaz galdetu zuen zestoarrari erantzunez. Herritarrak Azpeitiko alkate Nagore Alkortak HITZA-n egindako adierazpenak ekarri zituen gogora bilkuran. "Hiru herriak eskutik goaz", adierazi zuen Alkortak. Horri erantzun zion alkateak: "Oraingoz, enpresarekin bilera bat egin dugu. Beraz, ezin dugu esan batera goazenik, oraingoz, ez baikoaz inora. Etorkizunean batera joan beharko genukeela ez dut ukatuko, baina uneotan ez nuke esango batera goazenik. Berdin pentsatzen dugunik ere ezin dut esan, eta kontu hau tarteko barne eztabaidak izan ditugula egia da, baina hori normala ere bada", adierazi zuen Arregik. "Politikan askotan pentsatzen da indar politiko berdina ordezkatzeagatik guztiok berdin pentsatu behar dugula, eta ez dago zertan. Nik ez dut eredu horretan sinesten, eta iruditzen zait, indar politiko baten barruan, guztiek ez dutela zertan iritzi berekoak izan behar, eztabaida beti delako aberasgarria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide