Maria Blanco, bakarrizketalaria

"Bizitzan gertatzen zaizkidan gorabeheren inguruan jarduten dut"

Ane Olaizola 2022ko aza. 2a, 10:17

‘Barre librea’ telebista saioan murgildu zen Maria Blanco Mendizabal zestoarra bakarrizketen munduan, eta ordutik, hainbat txokotan aritzen da jendeari barrea eragiten.

Antzerkia ondo baino hobeto ezagutzen du Maria Blanco Mendizabalek (Zestoa, 1995), baina azkenaldian, bakarrizketen mundua ere ari da urratzen. Batean zein bestean, publikoa gertu izaten du artistak, baina antzerkian ez bezala, bakarrizketetan bere burua da jendaurrean "biluzten" duena.

Noiz hasi zinen bakarrizketak egiten?

ETB1eko Barre librea saiorako castingean parte hartu nuen, eta orduan hasi zen guztia: telebistan oso eroso sentitu nintzen bakarrizketak egiten. Jarraitzea pentsatu nuen, baina justu COVID-19a iritsi zen, eta horrekin, geldialdia. Gero, saiatu nintzen bakarrizketekin segitzen, eta ordutik, gaztetxetan edota tabernetan aritu naiz.

Nola oroitzen duzu telebistan egin zenuen debuta?

Oso gustura sentitu nintzen, asko gustatu zitzaidan. Aurretik, Atziberrekin [Garmendia] eta Jonekin [Plazaola] egin nuen elkarrizketa, eta han aurkeztu nuen bakarrizketa ez zen umorezkoa, aldarrikatzailea baizik. Esan zidaten ideia asko gustatu zitzaiela, eta neuk ere oso ondo pasatu nuen. Ordea, telebistan egon nintzenean, ez zitzaidan gustatu publikorik ez egotea; taberna batean, esaterako, publikoaren aurpegiak ikusten dituzu, eta publikoak ematen dizun energia zeharo orgasmikoa da; jendea barrez ikustean konturatzen zara haiekin konektatu duzula. Telebistan, zentzu horretan, ez nuen hainbeste disfrutatu; alde ederra da jendearen aurrean egotea.

Zerk bultzatu zintuen bakarrizketen munduan sartzera?

Ezjakintasunak; probatzea nahi nuen, jakiteko gustatuko al zitzaidan edo ez. Izan ere, antzerkia erosoagoa izan daiteke, beste pertsonaia bat antzezten duzulako, baina bakarrizketetan nire buruaz jarduten dut; hori gustatzen zait, eta, aldi berean, ez. Orokorrean, ordea, polita da jendeak ikustea ni nor naizen.

Nolako bakarrizketak eskaintzea gustatzen zaizu? Zer gai lantzen dituzu?

Bakarrizketa eskaini behar duzun lekuaren, orduaren eta publikoaren araberakoa izaten da hori; ez da gauza bera saioa taberna batean gauez eskaintzea edo arratsaldez plaza batean egitea. Dena den, bizitzan gertatzen zaizkidan gorabeheren inguruan jarduten dut. Tinderra, esaterako, asko gustatzen zait; aplikazio hori oso baliabide aproposa da bakarrizketak egiteko. Oro har, bakarrizketak egitea denontzat nahiko erraza dela uste dut, guztioi gertatzen baitzaizkigu gauza xelebreak eta barregarriak. Gertaera edo ideia horiek hitzez nola azaldu pentsatzea da zailena. Famatuak direnei beste batzuek idazten dizkiete testuak, baina gure moduko bakarrizketalariei buruhauste handiak ematen dizkigu gauzak nola esan asmatzeak. Saioaren aurretik, lanketa handia dago.

Non aurkitzen duzu inspirazioa?

Nire buruan edo lagunengan. Zorte handia dut, lagunen eta ahizparen babes izugarria dudalako, eta inolako zalantzarik baldin badut, haiekin kontsultatzen dut. Esaterako, aurreko batean bakarrizketa saioa nuen Bilbon. Aurreko egunerako idatzita nuen testua, eta lagunartean nengoela, gauza bat komentatu nuen. Haiek esan zidaten bakarrizketa baterako mamia zegoela esaten ari nintzen horretan. Azken unean testua aldatu nuen, eta publikoari asko gustatu zitzaion.

Bakarrizketetan, ezin duzu pentsatu guztiei grazia egingo diezunik. Nire asmoa da nik neuk gozatzea eta ondo pasatzea; publikoak ez badu barrerik egiten baina ni ondo banago eta disfrutatu badut, pozik geratzen naiz. Hori kudeatzea ere ez da erraza izaten, baina askotan, norberak ondo pasatu badu, besteek ere ondo pasatuko dute.

Zer ezaugarri izan behar du bakarrizketa on batek?

Txispa, grazia, izan behar du; eta publikoak, hein batean, identifikatuta sentitu behar du kontatzen ari zarenarekin. Izan ere, guztiok sentitu izan gara noizbait identifikatuta bestea kontatzen ari denarekin; denak desberdinak izan arren, gure artean antzekotasun pila bat ditugu.

Ba al duzu erreferenterik?

Asko gustatzen zaizkit, esaterako, Eva Hache eta Irune Lazkano irundarra. Halere, horiek ez dira nire erreferenteak. Uste dut bakoitzak bere gauza propioak bilatu behar dituela, norberaren ezagutzari jarraituz bere bidea landu behar duela.

Duela gutxi Zestoan bertan eskaini zenuen bakarrizketa saioa. Gertuko pertsonen aurrean jardutea zailagoa al da?

Dagoeneko bi aldiz aritu naiz Zestoan. Aurrenekoa Gaztetxean izan zen, baina batzuei zaila egiten zaie hara joatea, eta pena izan zen, badakidalako jendea ni ikusteko gogoz geratu zela. Egia esan, herrian bakarrizketa saioa ematea oso ederra iruditzen zait. Batari eta besteari adarra jo, inguruko herriak xaxatu... Ez nuke esango zailena izan denik. Zailena litzateke umore txarrez edo gaizki nagoen egun batean saioa eman behar izatea. Baina herrian bakarrizketa saioa ematea baino gauza hoberik ez dago.

Ingurukoen zer harrera jaso duzu?

Egia esan, gauza on gehiegi eta txar gutxiegi ari naiz entzuten; uste dut kritika gutxiegi jaso dudala. Ondo dago kritika egitea, ordea; ez dit minik eragingo. Bakarrizketen munduan ikasten ari naiz oraindik, eta gauza txarrak esatea ez da ezer negatiboa, hortik ere ikasiko dudalako.

Euskal Herrian bakarrizketetarako joera hazten ari dela uste al duzu?

Euskal Herrian lehen ikusten ez zen giro bat sumatzen dut. Iruditzen zait dezente ari dela hazten bakarrizketen mundua; hor daude Luze edo Motz bezalako ikuskizunak. Lehengoan, lagun batek komentatu zidan, garai batean bazkalondoren bertsoak ikusten ziren moduan, gaur egun bakarrizketak ikustera jotzen dugula. Asko gustatzen zait hori. Euskal Herrian oso umorista onak daude, eta garrantzitsua da barre egitea. Gainera, antzerkia baino erakargarriagoa ere bada. Jendeari gehiago kostatzen zaio antzezlan bat ikustera joatea. Bakarrizketak arinagoak dira, eta jendea gehiago animatzen da horietara.

Bakarrizketetan emakumeen presentzia ere handiagoa al da egun?

Norbaiti zenbat bakarrizketalari ezagutzen dituen galdetuz gero, hark, ziurrenik, gizonezkoen izen-abizenak esango ditu batez ere. Bilbon badago Despotorre izeneko ikuskizun bat. Bere helburua da emakumeei bultzada ematea, eta beraz, saioak eskaintzen dituztenak beti dira emakumeak. Ikuskizun horretan parte hartu izan dut; elkarren artean dugun giroa izugarrizkoa da. Beren asmoa ere bada saioak euskaraz eskaintzea, eta niri horrek ateak zabaldu dizkit, saioa euskaraz eskaintzen duten emakume bakarrizketalari oso gutxi baikaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide