Markel Etxeberria Izeta: "Zeure burua munduari erakusteko erreminta da moda"

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 19a, 08:28

Markel Etxeberria Izeta. (Hitza)

Modarekiko interesak eraman zuen Markel Etxeberria Izeta (Zestoa, 1991) Parisera; duela lau urtetatik han bizi da. Lehenik, Loewe markarentzat lan egin zuen, eta martxotik, Balenciaga etxeko langilea da. Urriaren hasieran izan zen Parisko Moda Astea, eta han aurkeztu zuten 2023ko udako kolekzioa. Haren bueltan buru-belarri lanean aritu ostean, "lasaiago" dago orain.

Goi mailako modaren industriako izen handienetako bat da Balenciaga. Zer egiten duzu, zehazki, etxe horretan?

Bildumen zati baten –flou deiturikoa: soinekoak, blusak, gonak...– koordinatzailea naiz. Pieza bat diseinatzen den momentutik prototipo bat sortzen den arte dauden mugimendu guztiak koordinatzea da nire egitekoa. Batetik, sormen prozesuan hartutako erabakiak transmititu behar izaten dizkiet jostunei: "Diseinatzaileak halako moztea edo luzatzea nahi du, edo kolorea aldatzea...". Bestetik, produkziora bideratu behar izaten dut informazioa: "Soineko batek halako kremailera edo halako oihala behar du...". Prototipo bat garatu ahal izateko informazioa mugitzea eta dagokionari transmititzea da nire egitekoa.

Zenbat pertsonak lan egiten dute Balenciaga etxean?

Diseinatzaile buru bat dago: gaur egun, Demna Gvasaliak du ardura hori. Haren azpitik beste diseinatzaile batzuk daude, bost bat edo. Horietako bakoitzak diseinuak egiten ditu, eta horiez gain, beste hainbat langile ere badira: koordinatzaileak, teknika lantzen dutenak, patroiak egiten dituztenak, horiek digitalizatzen dituztenak, jostunak, marketina lantzen dutenak... Jende askok lan egiten du Balenciagan.

Parisko Moda Astearen barruan, urriaren 2an erakutsi zuen Balenciaga etxeak 2023ko udako kolekzioa. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Aurretik hainbeste lan egiten dugunez, egun horretarako ia dena prest egoten da, eta nahiko ondo atera zen guztia. Pieza denak ondo kolokatuta zeuden, modeloak prest... Egunean bertan, guk baino lan gehiago izaten dute makillatzaileek, komunikaziokoek, ile apaintzaileek... Piezak ondo janzten eta ondo bueltatzen direla ziurtatu behar izaten dut nik, baina askoz gehiago ez. Aurreko egunak txarragoak izan ziren; dena ondo prestatzeko, goizaldeko ordu txikietara arte egoten nintzen bulegoan. Hala ere, momentu zirraragarria izaten da desfilearena, lan eta tentsio askoren emaitzak erakusten direlako.

Nola iritsi da zestoar bat Balenciaga markarentzat lan egitera?
Halako moda etxeetan mundu guztiko jendea dago, ez Pariskoa bakarrik: Asiakoa, Ameriketakoa, Europakoa eta edonongoa. Ni beste guztiak bezala iritsi naiz, esfortzua eginda.

Zer ikasi zenuen?

Kazetaritza ikasten hasi nintzen, baina urtebeteren ostean, utzi egin nuen. Orduan, Londresera joan nintzen, eta Art Direction deituriko ikasketak egin nituen, pixka bat moda mundura bideratuta. Ikasketa horiek mugatuak zirela konturatu nintzen, eta Enpresa ikasketak egin nituen gero. Ondoren, ikastaro bat egin nuen Parisen; aurrez ere egona nintzen han, Erasmus bekarekin. Moda munduan enpresa barruko koordinazioa nola egin landu genuen ikastaro hartan, eta horrek ateak ireki zizkidan. Hainbat elkarrizketa egin nituen, eta azkenean, zorte pixka batekin, lortu nuen goi mailako modaren industrian lan egitea. Egia esan, ate asko jo behar dira horretarako, eta ez da sartzeko mundu erraza, jende asko ari delako ate horiek jotzen.

Non hasi zinen lanean?

Loewen, eta handik aldatu nintzen Balenciagara.

Goi mailako modan lan egiteko, ezinbestekoa al da Euskal Herritik alde egitea?

Mundu osoko edozein lekutan egin dezakezu lan modaren munduan, baina luxuzko modan aritzen diren goi mailako enpresek hiru lekutan dituzte egoitza nagusiak: Parisen, Milanen [Italia] edo New Yorken.

Markel Etxeberria Izeta, Balenciaga etxean. (Hitza)

Zer alde nabaritu duzu Loewe eta Balenciaga etxeen artean?

Diseinatzaile bakoitzak bere arauak eta giroa jartzen ditu, eta badaude ezberdintasun batzuk. Loewe enpresa zaharra da, eta aspalditik dago goi mailan murgilduta, baina duela hamar-hamabost urte sartu zen luxuzko hamar marka gorenen artean. Horregatik, lan egiterakoan, nabaritu egiten da enpresa berriagoa dela; Balenciaga, berriz, pixka bat finkatuago dago.

Zer ezaugarri ditu goi mailako modaren industriak?

Esklusibitatea, eta horren barruan, diseinua, kalitatea eta artisautza. Horiek bereizten dute, batez ere, luxuzko moda. Horrez gain, prozesu guztia Europan egiten da, eta soldata duinak ordaintzen dituzte; ezin da konparatu moda azkarrarekin, adibidez. Orain, beste ezaugarri bat ere ari zaio gehitzen goi mailako modari, sekulako indarrarekin: jasangarritasuna. Oso kontuan hartzen da hori oihalak, tindagaiak nahiz materialak aukeratzerakoan, ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Horrekin ez dut esan nahi jendeak luxuzko arropa erosi behar duenik; izan ere, luxuzkoa izanik, ez dago denon eskura, zoritxarrez. Baina ezinezkoa da denon eskura egotea: ezin dira soldata duinak ordaindu, kalitatezko gauzak egin eta produktuak prezio barregarrietan saldu. Arropa prezio horietan saltzearen atzean, mina, odola eta sufrimendua daude. Horrek ez du esan nahi moda azkarretik kanpo dagoen eta jasangarriagoa den arropa nahi baduzu, derrigorrez luxuzkoa erosi behar duzunik. Erdibidean badaude gauza gehiago: bigarren eskuko arropa, politikak asko zaintzen dituzten beste marka batzuk...

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste modaren mundua?

Etengabe berritzen ari da modaren industria, sormena duen jendez inguratuta nago, beti proposamen berriak ikusten ari naiz, beti dago harritzen nauen zerbait... Etengabe gauza berriak deskubritzeko aukera ematen dit lanak. Eta batez ere, zeure burua munduari erakusteko erreminta da moda; zeure burua besteei nola erakutsi nahi diezun aukeratzea ahalbidetzen dizu. Soinean duzuna da inguruko jendeak ikusten duen lehen gauza, eta gustuko baduzu eta horretaz baliatu nahi baduzu, erreminta ederra da moda.

Moda edertasunarekin lotu ohi da. Zer da zuretzat edertasuna?

Koloreen, bolumenen eta formen arteko armonia da niretzat edertasuna, eta erronka bat da hori lortzea. Halere, ez dago zalantzan jarri beharrik edertasuna subjektiboa dela.

Jende ospetsuarekin lan egiteko aukerarik izan al duzu?

Jende ospetsuarekin lan ez, jende ospetsuarentzat lan egiten dut; ezberdina da. Baina ospetsuak ikusi izan ditut, bai: modeloak, modarekin zerikusia duen jendea, aktoreak, abeslariak...

Zestoar bat getariar batek sortutako marka batentzat lanean, Parisen. Bitxia, ezta?

Egia esan, kuriosoa da. Esan didatenez, Cristobal Balentziagak beti izaten zuen euskaldunen bat ondoan lanean. Orain, Balenciaga etxean lanean ari den euskaldun bakarra ni naiz, eta jendeak zera esaten dit: "Kasualitatea euskalduna izatea, Cristobal bezala". Gaur egun, Demna Gvasalia izango litzateke Cristobalen parekoa Balenciaga etxean, eta ni inolaz ere ez naiz ari harekin eskuz esku lanean, e; ni ez nago maila horretan.

Gustura al zaude Parisen? Nolako hiria da bizitzeko?

Polita, baina aldi berean, nekagarria. Niretzako oso garrantzitsua da familia eta lagunak gertu izatea, eta sarritan itzultzen naiz Zestoara. Euskal Herrian denok dauzkagu sustraiak gertu, eta Parisen ematen du inork ez daukala ez amama, ez osaba, ez inor. Nekagarria egiten zaidan hoztasuna sortzen du horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide