Ekainberri Fundazioak antolatuta, Zestoako Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko bisita gidatua egin dute gaur goizean. Ice Age Europe eguna da gaur, eta hori ospatzeko asmoz egin dute ekintza. "Izoztaroarekin harremana duten Europako hamahiru ondare lekuk osatzen dute Ice Age Europe sarea. Ekainberri hasieratik bertako kide da eta urtero jarduera bereziren bat antolatzen dute sareko kideek", azaldu dute Ekainberriko kideek. Eneko Salaberria biologoak gidatu du txangoa, eta hamabost herritar inguru bertaratu dira. Ibilaldiaren amaieran, "oso saio polita" izan dela nabarmendu dute haiek.
12:00etan hasi da ibilaldia, Ekainberriren Portale kaleko bulegoan. Salaberriak azaldu duenez, inguruko bizilagunek ondo ezagutzen dute Sastarrain bailara, baina hango paisaiari "beste ikuspegi bat" eman nahi izan dio gaurko bisitarekin. Hori horrela, ibibildean zehar geldialdiak egin dituzte, eta aldian-aldian ikusgai ziren landareen eta paisaiaren inguruko zertzeladak eman ditu gidariak. Besteak beste, klimak eta gizakiak urteotan nola eragin duten azaldu du, eta egungo paisaiaren ezaugarri nagusiak zein diren adierazi du: "Larreak, basoak eta eskaiak; zuhaixka lerroak dira azken horiek".
Ekain kobazuloan bizi ziren gizakien garaitik 14.000 urte inguru igaro direla aipatu du Salaberriak, eta urteotan landaredia asko aldatu dela nabarmendu du. Dena den, zenbait espezie urteetan mantendu direla ere esan du. Sastarrain ibaiaren ertzean landare ugari dagoela adierazi du, eta haien gaineko xehetasunak eman ditu; besteak beste, garoa, iratzea... izan ditu hizpide.
Zuhaitzei ere erreparatu die Salaberriak. Intxaurrondoa margoak egiteko erabili izan dela kontatu du, eta lizarra, berriz, lantzak egiteko erabiltzen zela. Bisitan parte hartu duen herritar batek ere egin du bere ekarpena: intsusa ukenduak egiteko erabiltzen dela kontatu du, besteak beste, azaleko arazoei aurre egiten laguntzeko.
Ibilaldian parte hartu duten herritarrek Lili jauregian, Ekainberrin eta Ekain kobaren atarian egin dituzte geldialdi nagusiak. Sastarrain ibaiaren hotsak girotuta, lasaitasunez egin dute ordu eta erdiko txangoa. Salaberriak ibaiaz ere eman ditu azalpenak; ibaietan landarediak eragin ikaragarria duela aipatu du, eta Sastarrain ibaia "osasunez oso ondo eta bizi-bizirik" dagoela nabarmendu. Herritar batzuek, gainera, lehen gune horretan errota bat zela gogoratu dute.