Pili Alkorta: "Proiektu berriak ditut esku artean; ez nau nekatzen margotzeak"

Gipuzkoako Hitza 2022ko ira. 9a, 14:47

Korrespondentzia bidez hasi zen margotzen ikasten Pili Alkorta, eta gero, batik bat, bere kasa jardun du koadroak egiten. Paisaiak eta erretratuak landu ditu, asko eta asko Zestoa jaioterriari eta inguruari lotutakoak. Gipuzkoako Hitzak argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

60 urte baino gehiago daramatza Bartzelonan bizitzen Pili Alkortak (Zestoa, 1932), baina udararo jaioterrira itzuli ohi da egun batzuk pasatzera. Maite du Zestoa. Haurra zeneko eta gaztaroko oroitzapen politak ditu; orduan hasi zen lehen arrastoak marrazten, baita aurreneko pintzelkadak egiten ere. Alkortak hainbat koadrotan jasoak dituen Zestoako eta inguruko toki asko desagertuta daude egun. Orain gutxi, herritarrek utzitako Alkortaren hainbat lan erakutsi dituzte Zestoako udaletxean.

Bizitza erdia baino gehiago Bartzelonan egin arren, jaioterria ez daukazu ahazteko, ezta?

Ez, ez, hemengo jendea ona da, eta garai batean denok oso harreman ona genuen. Zestoan bizi izan nituen urteetako oroitzapen zoragarriak ditut. Garai hartan, Zestoan udak oso interesgarriak izaten ziren. Kanpotik jende asko etortzen zen bainuetxera, eta oso pertsona inportanteak etortzen ziren Madrildik, Bartzelonatik, Aragoitik eta Portugaldik. Gure amak taberna eta gozotegia zituen herrian, eta, ezkondu aurretik, etxeko negozioan egiten nuen lan, gozotegian. Bi anaiak, berriz, tabernako mostradorean aritzen ziren zerbitzari. Oso oroitzapen onak ditut; telebista eta horrelako ezer ez geneukan, baina oso ondo pasatzen genuen.

Margotzen ere sasoi hartan hasi al zinen?

Haurra nintzela hasi nintzen marrazten, neure kasa. Etxean genituen aldizkariak hartu, eta haietan ikusitakoa kopiatzen nuen arkatzarekin. Mojetan ikasi nuen, eta eskolan marrazketarako ordua gozamena zen, ikasgai zoragarria zen niretzat hura.

Jarraitu irakurtzen elkarrizketa Gipuzkoako Hitzan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide