50 urte bete ditu aurten Elhuyar Fundazioak. Talde horren sortzaileetako bat zaren aldetik, nola gogoratzen dituzu hastapenak?
1972an sortu genuen Elhuyar Taldea, dozena-erdi bat lagunek. Donostiako San Martzial kalean elkartzen ginen garai hartan, larunbatetan. Ni peritu industriala nintzen, beste batzuk kimikariak… Gure leloa hasiera-hasieratik zientzia eta teknika euskaraz izan da. Kultur elkarte izatea nahi genuen, baina lege aldetik ezin genuen, Franco oraindik ere bizirik baitzegoen. Orduan, finkatuta zegoen beste erakunde batera joan ginen laguntza eske, Euskalerriaren Adiskideen Elkartera, hain zuzen ere. Oso ondo hartu gintuzten haiek, eta urtean behin gure taldeak zer lan egiten zituen azaldu behar izaten genien. Aldizkaria ateratzen ere hasi ginen, beti ere Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen izenean. Franco hil eta bi urtera, berriz, Elhuyar Kultur Elkartea sortu ahal izan genuen, eta geure kontura hasi ginen aldizkaria ateratzen. Duela urte batzuk, bestalde, kultur elkarte izatetik fundazio izatera igaro ginen.
Euskara zientziara eta teknikara egokitzeko asmoz sortu zenuten, beraz, Elhuyar. Nolakoa zen garai hartan egoera?
Gu elkartzen hasi ginenean, bospasei literatur liburu ateratzen ziren urtean euskaraz; gu beste era batekoak ginen, espezialistagoak. Ordurako Gabriel Jauregik Pisia (1935) eta Kimia (1936) liburuak argitaratuta zituen. Aldizkaria plazaratzen hasi ginen, eta hori irakurleak trebatzeko baldin bazen ere, batez ere idazleak trebatzeko zen. Talde ederra genuen, eta larunbatetan elkartzen ginen zalantzak-eta argitzeko; tartean, matematika, fisika, kimika eta informatika lantzen genituen aldizkarian, eta horrez gain, hitzaldiak ematen ere hasi ginen. Gero, mugimendua sortu zen, eskoletan gai teknikoak eman behar baitziren euskaraz, eta horiek sortuaz urrats batzuk ere egin genituen, gaur egun gauden egoeraraino iritsita.
Hain zuzen ere, garai hartan euskarazko ikas-materiala falta zen. Egun bermatuta al dago ikasleentzako euskarazko eta kalitatezko materiala?
Bai, eta gaur egun baino pixka bat lehenago ere bermatuta zegoen. Kontu bitxi bat aitortuko dut: zientzian bada erreologia izeneko adar bat, eta gai horretako lehen testua euskaraz lehenago egin zen gaztelaniaz baino. Horrek erakusten du argitalpen uholdea zetorrela atzetik. Taldelanik gabe ezinezkoa izango zen halakorik lortzea.
Fundazioak azken urteetan zer-nolako bilakaera izan duela esango zenuke?
Luis Mari Bandres zen garai hartan gure lehendakaria. Berebiziko dohaina zuen hark gauzak alai egiteko eta taldea elkartuta izateko. Hasiera hartan, bestalde, administrazioan ordu batzuk lanean pasatzen zituen Maria Luisa Aizpuru azpeitiarrak. Aldizkariaren kontuak kudeatzen hasi zen hura, eta taldea profesionalagoa izaten hasi zen orduan. Egoitza askotan aldatu dugu sorreratik hona; jesuitek hasiera batean utzi ziguten lokala behar zutela esan ziguten, eta handik Atotxako frantziskotarren elizaren sotoetara lekualdatu ginen. Eta handik beste leku batzuetara, gaur egungora iritsi arte. Orain, Usurbilgo Osinalde poligonoan dago Elhuyar.
Zein izan da zuretzat ibilbidean zehar egin duzuen lorpenik handiena?
Gure bezeroek gugan konfiantza izatea. Horretarako saiatu gara material berriak ateratzen, zerbitzuak prestatzen… Taldeek, erakundeek eta enpresek gugan jarri duten konfiantza oso garrantzitsua iruditzen zait.
Ildo horretatik, CAF-Elhuyar merezimendu saria jaso duzue Elhuyarren sorreran ibili zineten kideok. Zer garrantzi du zuretzat halako sari batek?
Oso pozgarria da. Behin adin honetara iritsita oroitzapenak ditugu, eta CAF-Elhuyar sarietan elkartu ginenak hasierakoak ginen. Jende oso maitea dut hura, eta urte pila bat neramatzan haiek ikusi gabe. Barne poza sentitu nuen saria jasotzean.
Gaur egun oraindik ikusten al duzu zientzia eta teknologia euskaraz hedatzeko zailtasunik?
Terminologia teknikoa zientziaren eta teknologiaren hainbat adarretara zabaldurik dago, baita hainbat liburutan eta argitalpenetan ere. Ez da ahaztu behar zientziari eta teknikari dagozkien gauza berriak oso azkar ari direla ateratzen, eta arlo horietara hedatu behar da. Pentsa informatikak zer-nolako hedapena izan duen; guk disketeen mundua ezagutu genuen, eta orrialde batzuk idatzi eta Bilbora joan behar izaten genuen diskete horiekin, orrialde horiek inprimatzeko. Aurrerapenak egon dira, bestalde, finantzetan, teknologia mekanikoan, elektrikoan… Izugarrizko hedapena dago, eta adar berrietara iristea erronka da gaur egun.
Zer beharko litzateke alor horretan euskararen normalizazioa bultzatzeko?
Lagun batek esaten zidan perfekzioa trenbidearen bi errailen modukoa dela. Urrun begiratuta aurrean ikusten duzu perfekzioa bi puntu horiek batzen diren lekuan, baina aurrera jarraitu eta perfekzio hori gero eta urrunago ikusten duzu, gauza berriak sortzen baitira. Euskararen normalizazioaren gaian ere gauza bera gertatzen da. Pertsona bakoitzak duen ahalmena mugatua da, baina zientzia eta teknika berriak egunero ari dira sortzen. Guk poz ikaragarria hartzen dugu unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan dabilen jendeak egiten dituen gauzak ikustean.
Eta kultura zientifikoaren ikuspegitik, nabaritzen al duzu interesik euskal jendartean?
Badagoela iruditzen zait. Lanbide Heziketako eskolak eta unibertsitateetako fakultateak dira erakusle. Badaude ikerketan dabiltzan gazteak, baina lastima da horiekin gero zer gertatzen den. Inbertsioa hemengo jendeak egiten du horiek behar bezala hezteko, eta, ondoren, asko atzerrira joaten dira lanera. Ikerketa munduan dabiltzan gazte horiek ez dira behar bezala zaintzen. Kanpora badoaz, izan dadila beren burua lantzeko; lan errendimendua atzerrian aprobetxatzea ez dut ondo ikusten.
Erretiratuta zaude, baina duela bi urte, esaterako, Zestoaren historia (2) liburua plazaratu zenuen. Zer-nolako harrera izan du?
Liburu hori zabalduta dago, batez ere zestoarren artean. Zeregin horretarako ezinbestekoa izan da niretzat paleografia ikastea. Duela 500 urteko idazkiak oso hizki ulergaitzez eginda daude, eta horiek transkribatzea da lanik zailena. Liburu hori egiteko orduan, Zestoako herria hartu dut muga moduan, eta hainbat artxibotatik pasatu naiz informazioa biltzeko.
Eta ba al duzu oraindik idazten jarraitzeko asmorik?
Osasun aldetik ondo egongo banintz jarraituko nuke. Orain, ordea, gozatu egiten dut besteen lanak irakurtzen. Une honetan lasai bizitzea da nire helburua.