Maksim Grasmanek (Ivankiv, Ukraina, 1998) egunak daramatza etxetik ihes eginda. Joan zen ostiralean, gerra medio, autoa hartu eta Kievetik urruntzea erabaki zuen. Ordutik, kezkaz eta amorruz bizi du gertatzen ari den guztia.
Kieven bizi zinen, baina ostiralean atera zinen handik. Zergatik egin zenuen ihes?
Goizeko bostak aldean esnatu egin ginen, izugarrizko zarata zegoelako; zerbait lehertzen ari zela zirudien... Eta halaxe zen: errusiarrak goizaldeko bostak aldean hasi ziren Kiev, Kharkiv, Txernigov eta beste hiri batzuk bonbardatzen. Eguna etxean pasatu genuen, eta gaua parkinean, unetik unera areagotzen ari zelako bonbardaketa. Goizean, gaua lorik egin gabe igarota, Kievetik alde egitea erabaki genuen, Putinen lehen helburua hiri hori zela bagenekielako.
Norabide jakinik gabe alde egin zenuten bikotekideak eta biok. Nolakoa izan zen eguna?
Beldurgarria. Hamabi orduko bidaia egin genuen, Kievetik 400 kilometrora dagoen hiri batera. Hainbat errepidetan barrena joan behar izan genuelako behar izan genituen hainbeste ordu; izan ere, azkarrago joateko aukera ematen zuten hainbat errepide bonbardatuta zeuden ordurako. Bidaia luzea izan zen, eta gainera, errusiarrak nire hirira, Ivankivera, iritsi ziren; han bizi da nire familia, baita bikotekidearena ere. Egun osoan ez zuten telefono seinalerik izan haiek, eta errusiarrek hiria hartu zutela jakinda, egun osoa gurasoekin eta anai-arrebekin hitz egin gabe egotea... Ikaragarria da.
Non zaudete orain?
Lutsken, Poloniatik ehun kilometrora. Alokairuan bizi gara, baina etxejabeari ordaindu beharrean, Ukrainako armadari ematen diogu dirua. Hala adostu genuen etxejabearekin.
Zer moduz zaudete?
Ondo gaude hemen. Egoera oso lasaia da, baina dena prestatzen ari gara, hona iristen baldin badira ere.
Familiakoekiko kezka agertu duzu. Zer-nola ari zara bizitzen egoera?
Familia bizi den hiria katastrofe humanitariora bidean da. Herritar asko urik, argirik eta estaldurarik gabe daude. Hiria erabat kontrolpean hartuta dute errusiarrek. Gainera, hirira jakiak eramateko sarrerarik ere ez dago zabalik, eta ez dago herritarrak hiritik ateratzeko irteerarik.
Energia, telekomunikazio, garraio, janari... falta sumatzen al duzue?
Guk beharrezko guztia daukagu hemen; janaria, argia, Internet, ura... Zentzu horretan ondo gaude. Dena den, dena daukagu, eta ez daukagu ezer; izan ere, gure etxetik ihes egin behar izan dugu. Gainera, oso gaizki sentitzen gara Ivankiven diren gure senideek, lagunek eta ezagunek ez dutelako ezer. Egun osoa albisteak jarraitzen igarotzen dugu, eta ahal dugunari ekonomikoki laguntzen.
Duela egun batzuk, espero al zenuen gerra lehertzea?
Zortzi urte dira Ukrainan gerra piztu zela, baina asko orain konturatu dira gertatzen ari den guztiaz. Egia esan, ez genuen puntu honetara iristerik espero.
Nolakoak izan dira urte hauek?
Gatazka urrun zegoenez, jendeak ez zuen uste egoera hain konplikatua zenik.
Zer gertatu da gerra pizteko?
Oso galdera zaila da hori. Gu pertsona normalak gara, eta inoiz ez dugu jakingo Putinen burutik zer pasatu den XXI. mendean inon gertatu behar ez lukeen hori hasteko.
Gerra Legearen arabera, 18tik 60 urtera arteko gizonezkoek ezin dute Ukrainatik irten. Zu adin tarte horretan sartzen zara. Nola bizi duzu hori?
Ez nuen Ukrainatik ateratzeko asmorik; inoiz ez dut horretarako asmorik izan. Etxean nago, hemen jaiotakoa naiz eta hemen nahi dut bizitzea eta hiltzea.
Ukrainari laguntzeko prest agertu zara. Nola?
Momentuz, ekonomikoki baino ezin dut lagundu. Defendatzeko ez dituzte esperientziarik gabeko herritarrak hartzen. Gauzak zailtzen baldin badira, ordea, defendatzera joan beharko dut. Zalantzarik gabe, joan egingo naiz.
Etxera itzuli nahi duzue, baina Kieven egoera asko zaildu da egunotan. Zer asmo duzue?
Egunero ari gara Kievekin pentsatzen, etxera nola itzuli eta gu defendatzen ari diren herritarrei nola lagundu aztertzen. Gutxienez, jakiak, arropa eta behar dutena eman nahi genieke horiei. Putinen plana, ordea, Kiev alde guztietatik erasotzea da, eta, beraz, ezinezkoa da etxera arriskurik gabe itzultzea.
Zer sentitzen duzu gertatzen ari den guztiaren aurrean?
Nire herrialdearekiko harrotasun handia sentitzen dut. Gure lur zati bakoitzagatik ari gara dena ematen, eta bizirik garen artean horretan jarraituko dugu.
Euskal Herriko hainbat txokotan, tartean Zestoan, Ukrainara laguntza bidaltzeko kanpainak antolatzen ari dira. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Zestoan bizi izan naiz bost urtez, eta familia eta lagunak ditut han. Sekula ez dut zalantzarik izan: banekien beharra nuen unean laguntza emango zidatela horiek eta Zestoako edozein bizilagunek. Egunero eta une oro ari naiz laguntza sumatzen, eta Euskal Herria babesa eskaintzen ari zaigula sentitzen dut. Eskerrak eman beharrean nago.
Zer behar dituzue?
Uneotan ezin dut esan zer behar dauden Ukrainan; afera militarrak dira gertatzen ari diren ia guztiak eta horietaz Ukrainako presidentea-eta arduratuko dira. Hori bai, mundu guztiari gauza bera esaten ari gara: Ukrainako aire eremua ixteak lagundu egingo digu. Putinen hasierako plan guztiak pikutara joan dira, ezin izan duelako Ukrainako zatitxo bat bera ere hartu. Horregatik, azken egunetan zibilen etxeak, ikastetxeak, unibertsitateak eta ospitaleak airetik ari da bonbardatzen.