Seminarioko ikasketak amaituta eta apaiz izendatuta, zein dira une hauetan dituzun ardurak?
Sei urtez ikasi nuen Iruñeko seminarioan. Bosgarren mailan diakono izendatzen gaituzte, eta izendapen horren pean jaunartzeak eta ezkontzak egin ditzakegu. Diakono izatetik apaiz izendatu arte urtebeteko tartea dago. Beraz, bosgarren maila amaitzean izendatu ninduten diakono, eta aurten, seigarren maila amaitzean, apaiz izendatu naute. Apaiz ordenatzean, Elizak kargu bat ematen digu. Niri Zestoako, Aizarnako eta Arroa Goiko parroko izatea egokitu zait. Leku horietan ez ezik, Lasaon, Iraetan eta Arroa Behean ere arituko naiz lanean. Horrez gain, Zumaia aldera joango naiz laguntzera. Zumaiako apaiz etxean biziko naiz, eta nahiz eta han ez dudan mezarik emango, hango parrokoari lagunduko diot.
Noiz izendatu zintuzten parroko?
Ordenazioa ekainaren 28an egin genuen, Donostiako Artzain Onaren parrokian. Hiru lagun ordenatu ginen, ni 32 urterekin, eta beste bi kideak 26 urterekin. Behin apaiz izendatuta, uztailaren 19an ordenatu ninduten Zestoako parroko, herrian bertan egindako elizkizun batean. Jose Ignacio Munilla gotzaina, Koldo Intxausti Zestoako parroko ohia, beste apaiz bat eta ni izan ginen hitzorduan. Orduan hartu nuen Koldoren lekukoa.
Zestoako parroko ohiak, Koldo Intxaustik, lagundu al dizu errelebo aldaketan?
Koldo eta biok modu bitxian ezagutu ginen. Seminariora sartu aurretik, sukaldaritza ikasi nuen, eta han ikasitakoa praktikan jartzeko eta lagunekin afariak egiteko asmoz, Arroa Beheko soziedadeko bazkide egin nintzen duela urte batzuk. Arroa Beheko soziedadea Zestoako Parrokiaren lurretan dago; hori dela eta, Zestoako parrokoari soziedadean sartzeko aukera eskaintzen zaio. Koldo elkarteko kide zen, eta han ezagutu genuen elkar. Sekulako harremana egin genuen, eta aldaketa prozesu honetan izugarrizko babesa izan da niretzat. Ziur nago aurrerantzean ere harremana mantenduko dugula. Koldo pertsona ona da, eta asko dut beragandik ikasteko. Hura Alegian [Gipuzkoa] ariko da aurrerantzean.
Zein dira zure eginkizunak gaur egun?
Gehienbat eukaristiak ospatzea eta sakramentuak egitea. Horrez gain, gure eginbeharra da herrietako jendearekin harremana izatea, haiekin hitz egitea nahiz haiek entzutea; beraiekin bidea egitea, beraiekin egon bitartean. Esango nuke gaur egun hori dela parrokia bateko eginkizunik garrantzitsuenetakoa. Jendeak behar du norbaitek bere kezkak entzutea, eta gaur egun, baten batek zu entzutea nahi izanez gero, ordaindu egin behar duzu. Psikologoak egotea beharrekoa da, baina bada jende bat zerbitzu hori ordaindu ezin duena. Gu ez gaude psikologo lana egiteko, baina bai jendearekin egoteko, entzuteko eta laguntzeko.
Dagoeneko hasi zara ardurak betetzen. Zer moduz orain arteko esperientzia?
Oso gustura nago, baina lan askorekin nabil. Zestoan ez dute elizkizunik izan hiru urtean, eta hori asko nabaritzen da. Jendea beharrarekin dagoela nabaritu dut. Koldok lan asko egin du, lan ikaragarria egin du parrokiako obrak tarteko. Herritarrak, ordea, mezarik gabe egon dira, beste herri batzuetako parrokietako elizkizunetara joaten, eta horrek izan du eragina jendearengan.
Herritarrekin egiten den harremanari dagokionez, alde handia al dago herri txikietatik handietara?
Sekulako aldea dago, bai. Herri txikietan herritarrek elkar ezagutzen dute, eta guk ere ezagutzen ditugu herritarrak, baita beraiek gu ere. Hiri handietan egun batzuetan batzuk etortzen dira, eta beste batzuetan beste batzuk. Herri txikietan, aldiz, beti jende antzekoa etortzen da elizara, eta hartu-eman handiagoa izaten dugu herritarrekin. Harremana estuagoa izan ohi da; kafe bat hartzera joateko deitzen gaituzte edo besterik gabe hitz egiteko. Duela hilabete, esaterako, Zestoako zaharren egoitzako egoiliar batengana joan nintzen, hark herriko apaizarekin egon nahi zuela eta. Hori ez da gertatzen hiri handietan. Askoz politagoa da herri txiki bateko apaiz izatea hiri batekoa baino.
Zumaian lagunduko duzu aurrerantzean, baina Azpeitian ere ibili izan zara laguntzaile lanetan.
Hala da. Sei urte egiten ditugu seminarioan ikasten, eta asteburuetan herrira itzultzen gara. Asteburuak gure pastoralak izaten dira; praktikak bezala, baina parrokietan. Nik bi urte egin nituen Azpeitian, bi Bergaran eta bi Donostian. Baina, horrez gain, beste zenbaitetan ere lagundu izan diot Kepa Susperregiri, Azpeitiko parrokoari. Uda honetan, esaterako, laguntzen aritu naiz, berak egun batzuk libre hartzeko eta deskonektatzeko aukera izan zezan.
Nola ikusten duzu kristautasunaren etorkizuna? Egongo al da erreleborik?
Ezin da lehengo garaiekin konparaketarik egin, baina uste dut gaur egun badagoela fededun jendea; elizara joaten den jende asko dago, baita gazteak ere. Iaz hiru gazte sartu ziren seminarioan. Lehen, ehunka gaztek egiten zituzten ikasketak; orain, ez da halakorik gertatzen, eta planteamendua aldatu beharko da. Hori dela eta, pixkanaka unitate pastoralak sortzen hasiko gara. Modu horretan, herri bakoitzean parroko bat egon beharrean, zonalde bakoitzeko parroko bat egotea da xedea. Azpeitian hamasei apaiz izan ziren garai batean, eta hori ezinezkoa da gaur egun. Horregatik, indarrak neurtzen ari gara, ahalik eta toki gehienetara iristeko.