Lehengo eredua "hankaz gora" jartzen ari da. Argi dute hori Zestoako 3Z taldeko kideek. "Bizi itxaropena luzatzen ari da; emakumeen papera aldatu egin da; familia eredua ere ez da lehengoa –bikote homosexualak, seme-alabarik gabeko familiak, guraso bakarrak... gero eta ohikoagoak dira–". Eta egungo bizimodua hartzen ari den bidea ikusita, ondorio bat atera dute: "Gurasoak zainduko dituen azken belaunaldia gurea izango da".
Egoera horrek kezka bat sortu du jubilatu berriak diren edo jubilatzear diren hainbat zestoarrengan: gero eta gertuago ikusten dute zahartzaroa, baina zer gertatuko da haien etorkizunean? Lurdes Unanue (Zestoa, 1958), Pello Igarataundi (Zestoa, 1959) eta Ixiar Sagartzazu (Zestoa, 1961) duela denbora bat hasi ziren gai horren inguruan hausnartzen, herriko beste bederatzi bat lagunekin batera. Hortik sortu zuten 3Z taldea.
"Iazko abenduan hasi ginen elkartzen zenbait herritar, eta hasi ginen komentatzen zahartzaroaren kontua hartzen ari den joerak errezeloa sortzen digula. Ez dago pentsioentzako dirurik, bakardadea da egungo arazo nagusienetakoa, egoitza berriak egin behar dira, enpresa pribatuak horren kontura aberasten ari dira...", azaldu du Igarataundik. Horren aurrean, zerbait egin beharra sentitu dute, zahartzaroaren etapara iritsi aurretik.
Jubilatu berriak edo jubilatzear direnak dira 3Z taldeko kide guztiak. "Oraindik pertsona autonomoak garela aprobetxatu nahi dugu egoera horretara iritsi aurretik zerbait egiteko", adierazi du Sagartzazuk. "Ez dugu nahi egungo egoera bera izatea gu zahartzen garenean, eta horren aurka borroka egin behar dugu", erantsi du Igarataundik.
Hiru zeta, hiru ardatz
Hiru Z hizkiek adierazten duten moduan, hiru ardatz ditu taldeak: Zahartzaroa, Zainduz, Zestoa. Hiru zutabe horiek jasotzen duten moduan, zahartzaroa zaintzeko bidean indarrak jartzea da Zestoako taldearen helburua. Batetik, pertsonen zaintzan jarri nahi dute arreta; bestetik, herrian zahartzaroaren gaia mahai gainean jartzea nahi dute; eta azken helburua egoitzen alternatiba bilatzea da. "Etxebizitza kooperatiboak martxan jartzea nahiko genuke, baina hori aurrera begirako asmoa da; beste biak dira lehentasunezkoak", diote.
Zahartzaroa, izenak berak esaten duen moduan, bizitzako aro bat da, gaztaroa edo nerabezaroa diren bezala. Eta horri merezi duen garrantzia ematea nahi dute 3Z taldekoek. «Herrian gai hori mahai gainean jartzea nahi dugu, eta horretarako, udalean foro bat sortzea da gure asmoa. Gure taldeak, udalak, San Juan fundazioak, zaintza lanetan aritzen direnek, Malen Etxeakoek... parte hartuko genuke bertan. Udalak gaia garrantzitsutzat hartzea nahi dugu, eta gu bertan egotea arazoak eta alternatibak proposatzeko», azaldu du Unanuek.
Herrian bertan ikusten dute zereginik 3Z taldekoek, eta ideiarik ere ez zaie falta. Azken hilabeteetan itxita dagoen jubilatuen egoitza zabaltzea nahi dute epe laburrean, eta taberna huts bat izan ordez, zaintza leku bat ere izan daitekeela uste dute. "Lokal hori hor izanda, zergatik ez aprobetxatu arratsaldero etxean bakarrik egoten direnak eta eguneko zentrora joaten ez direnak bertara eramateko? Langile bat kontrata daiteke egoera horretan dagoen jendea zaintzeko. Gauzak erraz egin daitezke", esan du Unanuek.
Udalarekin harremanetan hasi dira dagoeneko, baina argi dute beraien zeregina ez dela erakunde publikoak ordezkatzea, baizik eta haiek zirikatzea, akuilu lana egitea.
"Gure helburua ez da irtenbideak ematea, baizik eta motor lana egitea. Soluzioak ez ditugu guk emango, guk dinamika bat sortzea nahi dugu, irtenbideak erakunde publikoek eman beharko dituzte", esan du Igarataundik.
Finean, zahartzaroaren bueltan dauden taldeak bateratzea nahi dute, gaia kolektibizatzea eta indarrak batzea. "Pertsona bat bakarrik bizi denean ez da bere arazoa bakarrik, inguruaren, herriaren arazoa da hori. Orain arte, zahartzarora iristean bakoitzak ahal duena egin izan du, eta gaia kolektibizatzea beharrezkoa iruditzen zaigu", adierazi du Igarataundik.
Argi dute hirurek: "Zahartzaroa zaharren arazoa bakarrik izan ez dadin nahi dugu. Gizarte osoaren arazoa da. Zahartzaroa 20-30 urteko kontua da, zati inportante bat da pertsona baten bizitzan; heren bat da. Eta hori duintasun osoz egin behar da".