"Pasioa". Hala definitzen du Iñaki Mantzizidorrek (Zestoa, 1980) txakurrekiko sentitzen duena. Txikitan, aitaren ehizarako txakurrekin izan zuen lehen harremana, eta 15 urte zituela, bere lehen txakurra ekarri zuen. Ordutik, txakur ugari hazi eta hezi ditu, eta 2008an, txakur hezitzaile titulua atera zuen. Azkenaldian, binan-binan izan ditu txakurrak; egun, Malinois Artzai Belgiar arrazako bi txakur ditu: Erik, 8 urteko arra, eta Kea, 6 urteko emea. Ondo ikasita daude animaliak: Mantzizidorrek eseri esanez gero, eseri egiten dira; etzan esanez gero, berriz, etzan; eta hanka batekin agurtzen ere badakite.
Zer ezaugarri ditu ondo hezitako txakur batek?
Oinarrizko obedientzia denek jakin behar dute: jabeak esandakoan etzateko, esertzeko nahiz etortzeko gai izan behar dute. Horrez gain, paseatzerakoan, jabearen ondoan joan behar dute txakurrek, ez aurretik. Hori egiten kaleko txakur denek jakin behar dute. Eta gero, txakur bakoitzaren arabera: batzuk esanekoagoak dira, beste batzuk ez hainbeste, beste batzuek kirola egitea behar dute... Arraza bakoitza ezberdina da.
Garrantzitsua da, beraz, txakur bakoitza ezagutzea eta horren arabera heztea.
Hori da. Garrantzitsua da zuk jakitea zertarako nahi duzun txakurra, eta horren arabera arraza bat, beste bat edo mestizo bat ekartzea. Txakurrekin zenbat denbora pasatu dezakezun ere kontuan hartu behar duzu; izan ere, txakurra egunean behin atera behar da gutxienez. Jatea bezain garrantzitsua da txakur batentzat kalera ateratzea.
Zer da pertsona batek txakur bat ekartzen duenean egin beharko lukeena?
Lehenik eta behin, ekarri aurretik kontsultatu. Eta behin ekarritakoan, esanekotasuna lantzeko ariketen saio motzak egin behar dira, egunerokotasunean. Denbora eskaini behar zaio txakurrari; txiza eta kaka egin eta segituan etxera eramaten baduzu, deitzen diozunean txakurrak badaki etxera eramango duzula, eta ez dizu kasurik egingo. Horregatik, ondo ikas dezan, zortzi-hamar aldiz deitu beharko diozu, eta etortzean jatekoa eman, laztandu eta berriro libre utzi. Horrela ikasiko du txakurrak.
Ezjakintasun handia al dago?
Bai, eta horregatik, taberna askotan debekatuta dago txakurrak sartzea. Jendeak solte eta nahi bezala erabili ditu txakurrak, eta leku askotan sarbidea debekatu diete. Hori gertatzen da ez dagoelako txakurrak hezteko kulturarik. Alemanian, esaterako, metrora, arropa dendara, jatetxera edo hondartzara joan zaitezke txakurrarekin.
Zeintzuk dira txakur jabeen ohiko akatsak?
Zure txakurrak beste batekin borroka egin dezakeela ikusi, eta arazoa saihestearren, beste espaloira joatea. Txakurra konturatu egiten da gertatu denaz, eta are harroago jartzen da; beraz, arazoa handitu egiten da. Ohiko beste akats bat honako hau da: txakurra beldurtuta dagoenean, babestea; hori ez da egin behar. Beldurtuta dagoenean laztantzen baduzu, txakurrak pentsatuko du ondo egiten ari dela, eta egoera horren aurrean, beti beldurtuko da. Horregatik, txakurra beldurtzen denean, ez da ukitu behar, ez zaio begietara begiratu behar eta ez zaio hitz egin behar. Bestalde, txakurrak zerbait gaizki egin badu, momentuan egin behar zaio errieta, ez gerora. Izan ere, denbora pasatu bada, txakurrak ez du jakingo zertaz ari zaren, eta horrek deskonfiantza eragiten dio.
https://www.youtube.com/watch?v=C1zrdFg1Nsg
Txakurra aske eraman ohi du jendeak. Ondo iruditzen zaizu?
Ez, beti lotuta eraman behar da. Niri txakurrak asko gustatzen zaizkit, baina gerta daiteke beste bati batere ez gustatzea, edo beldurra edo nazka ematea. Besteekiko errespetuagatik, kalean lotuta ibili behar da txakurra.
Zergatik izan ditzake jokabide arazoak txakur batek?
Normalean izaten da humanizatu egiten ditugulako txakurrak. Txakurrak umeak bezala hezten ditugu; hori da arazoa.
Zer kalte ekar ditzake horrek?
Txakurra sofaren edo etxearen jabe izatea, esaterako. Etxe batean, txakurrak debekuak izan behar ditu, gune batzuetara sarbidea debekatuta izan behar du; etxe osoan libre ibiltzen den txakurra desorekatutako txakurra da. Horregatik da garrantzitsua txakurrarekin egoten diren pertsona guztiek elkarrekin hitz egitea, debekuak adosteko.
Txakurra ez al da familiako gainontzeko kideen maila berean jarri behar?
Txakurra beti bigarren mailan jarri behar da. Ezin duzu etxe batera txakurra ekarri eta txakurra familiaren gainetik jartzea onartu. Etxera iristean, bikotekidea, umeak eta txakurra zain badaude, nahiz eta txakurra aurrena hurbildu, azkena egin behar zaio kasu. Txakurra ez da tristeago biziko azkena egin diozulako kasu, baina arazoak izan ditzakezu beti aurrena agurtzen baduzu. Txakurrari besteei baino lehen egiten badiozu kasu, etxeko gainontzeko kideen gainetik jartzen ari zara txakurra, eta hori antzeman egiten du animaliak. Ondorioz, gerta daiteke, txakurra sofan dagoenean, etxeko kide batek jaisteko esatea, eta txakurrak hortzak erakustea edo hortzaka egitea. Etxera sartzeko eta irteteko orduan ere azkena izan behar du beti txakurrak.
Egia al da txakurra dela gizakiaren lagunik onena?
Zalantzarik gabe. Nik bi lagun bakarrik dauzkat: Kea eta Erik.
Gizaki bat baino hobeto ezagutu al daiteke txakur bat?
Nire ustez, bai. Lagunik handienak saldu egin zaitzake zerbaitegatik, baina txakurrak inoiz ez du hori egingo. Txakurrak jabearen bizia arriskuan ikusiko balu, bere bizia arriskuan jarriko luke hura salbatzearren. Eta pentsa jendea zer eskasa den eta txakurrak nola abandonatzen dituen.
Txakurrek gizakiak nola dauden ulertzeko gaitasun berezia dutela diote.
Bai, seigarren zentzumen bat dute. Niri anaia hil zitzaidan, eta orduan nuen txakurrak pila bat markatu ninduen. Txakurrak bazekien zerbait gertatu zela, triste nengoela nabaritzen zuen, eta momentu haietan maitasun handiagoa adierazten zidan.