Benetako auto batean bezala

Ihintza Elustondo 2019ko ots. 8a, 10:13

Aulkian eseri, ordenagailua piztu eta kaskoa jantzita, auto lasterketetan parte hartzen du Alex Olaizola zestoarrak, etxetik atera gabe. Berak muntatutako simulagailuaren bidez egiten du hori. Indarra hartzen ari da jokoa.

Alex Olaizola. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Etxeko gela txiki batean, tramankulu berezi bat du Alex Olaizolak (Zestoa, 1988). Abiadura handian ibili ohi diren autoen aulkia, pedalak, bolantea... Benetako auto batek dituen elementu ia guztiak ditu tresnak, baina badu berezitasun bat: erregairik ez du behar batera eta bestera ibiltzeko. Hiru dimentsiotako betaurrekoak jantzita, lasterketa pista batean dagoela irudikatzen du Olaizolak, eta etxetik mugitu ere egin gabe, GT3 autoen lasterketetan parte hartzen du. Berak muntatutako simulagailuaren bidez, benetako auto batean dagoela sentitzen du.

Auto lasterketak aspaldidanik egiten dira batean eta bestean, baina simulagailuak duela gutxi hasi ziren indarra hartzen; 2000. urtearen bueltan, gutxi gorabehera. Teknologiaren aurrerapenei esker, pilotu profesionalek erabiltzen dituzten sistemak jarri ohi ditu jendeak etxean, eta ordenagailu bidez, bata bestearen aurka lehiatzen da. Izena ere badu kirolak: Sim Racing.

Modalitate horren barruan, joko ezberdinak daude, eta horietako bat erabiltzen du Olaizolak: rFactor 2. "Lasterketa bat ondoen simulatzen duen jokoa da, nire ustez", dio zestoarrak. Foro bidez funtzionatzen du jokoak: partaideak foroetan erregistratzen dira, eta ondoren, lasterketetan izena ematen dute. Errealitatean bezala, askotariko probak egiten dituzte: ordubetekoak, 24 ordukoak... "Ni orain GT3 autoekin lehiatzen den foro batean nago, baina kategoria ezberdinak daude; esaterako, 1 eta 2 Formulako autoekin lehiatzen diren foroak ere badaude". GT3 autoen txapelketa batean parte hartzen ari da egun.

Errealitatearen ahalik eta antz handiena izan dezan prestatuta dago jokoa. Lasterketak prestatzeko, entrenamenduak egin ohi ditu Olaizolak, adibidez. "Astean pare bat aldiz-edo entrenatzen dut. Segituan pasatzen da denbora; hiru ordu berehala pasatzen dira auto simulagailuan", adierazi du. Autoak margotu ere egiten ditu, birtualki. Gainera, lasterketak irabazteagatik sariak banatu ohi dituzte: simulaziorako materiala, dirua, benetako proba batean parte hartzeko txartela... Taldeak ere badaude: Fernando Alonsok bere taldea dauka, Williamsek eta Mercedes-Benzek ere bai... "Pilotu errealak ere ibiltzen dira jokoetan, hobby bezala".

Sim Racingerako afizioa tarteko, lagunak ere egin ditu Olaizolak. Ez ditu aurrez aurre inoiz ikusi, baina foroetatik ezagutzen ditu. "Whatsapp bidez hitz egiten dugu, eta elkarrekin entrenatzeko gelditzen gara", azaldu du. Galiziako, Madrilgo eta Valladolideko (Espainia) lagunak ditu, besteak beste. Euskal Herrian, modalitatea oraindik ez dagoela hain zabalduta uste du: "Orain ari da iristen hona".

Pixkanaka, kirola "indar handia" hartzen ari dela azaldu du Olaizolak, bai jende aldetik, bai negozio ikuspegitik. "Dirua mugitzen da mundu honetan. Markak interesatzen hasi dira; jarduera honen inguruko ekitaldiak antolatzen dituzte; Movistar telebista katean lasterketak ematen dituzte; jendeak bere lasterketak grabatzen ditu, eta jarraitzaile asko baldin badituzu, agian babesleren bat interesatuko da zutaz...". Olaizola kide den foroak Youtubeko kanala dauka, eta han ikus daitezke zestoarraren lasterketak.

https://www.youtube.com/watch?v=qK3qShvD9_o&feature=youtu.be

Eurekan ikusi, etxean jarri
Betidanik izan da autozalea zestoarra, baina ez dira hainbeste urte Sim Racing kirola praktikatzen hasi zela. Donostiako Eureka! zientzia museoan 1 Formulako auto baten simulagailua dago, eta horren berri izan zuenean, 2011. urtean, probatzera joan zen. "Izugarri gustatu zitzaidan, eta auto simulagailuen kontua zer den aztertzen hasi nintzen". Pieza bat aurrena eta bestea hurrena, etxean muntatu zuen simulagailua.

Ez da merkea etxean halako sistema bat jartzea: denera, 5.000 bat euro kostatuko da instalazio osoa. Olaizolak "pixkanaka" muntatu du, "garestia" delako.

Zestoarra gustura aritzen da aulkian eserita lasterketak jokatzen, baina haren arabera, "oso zaila" da txapelketa bat irabaztea, "oso maila altua" baitago. Zaletasun bezala praktikatzen du kirola, eta bera bezala gozatzen duten lagunekin ondo pasatzea da haren helburu nagusia. "Egongo da jendea honetatik bizi dena, baina hori ez da nire asmoa".

Simulagailua ez ezik, benetako kart-a ere badu Olaizolak. "Noizean behin gustatzen zait benetako sentipen hori izatea. Ederra da benetako autoan ibiltzea, baina ikusten duzu gauza batzuk simulagailuan bezalakoak direla. Inoiz ezin duzu simulatu auto bat; arriskua, beldurra nahiz ingurua ez dira berak izango, baina sentipen asko antzekoak dira, eta horrek sekulako gozamena ematen du". Benetako GT3 autoen proba bat ere ikusitakoa da zestoarra. "Konturatu nintzen zer ondo eginda dauden simulagailuak".

Zer du, bada, jokoak jendeari hainbeste gustatzen zaiona? "Lasterketa hasi aurretik, urduri jartzen zara; adrenalina sortzen zaizu...". Gelan dagoela ahaztu, eta jokoan erabat murgilduta egoten da Olaizola: "Lehen aldiz horrelako simulagailu bat probatzen duzunean, lasterketa pistan zaudela sentitzen duzu". Lagunak eraman izan ditu etxera simulagailua probatzera, eta jendea "harrituta" gelditzen dela dio: "Aulkian eseri eta ezin izaten dute jaiki". Jokoak "izugarri" harrapatzen duela azaldu du zestoarrak; nabari zaio benetan gozatzen duela. "Jokoan ibili ostean, izerditan blai bukatzen dut, ariketa fisikoa egin izan banu bezala. Lehiatzen ari naizela bihotzaren taupadak neurtuko banitu...".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide