Elustondo-Leunda familiako kideak Mohamed Nayemekin. (Hitza)
Ekainaren 25ean iritsi zen Mohamed Nayem Azpeitira. Ziurrenik, bere bizitzan lehen aldiz hartuko zuen hegazkina, bere herrialdea, Sahara, uzteko. 10 urte ditu, eta Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, Euskal Herriko familia batekin igaroko du uda. Hasieran, erdi lotsatuta eta erdi beldurtuta iritsi bazen ere, berehala egokitu da errealitate berrira. Ez daki euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten, baina zer moduz dagoen galdetzean, hatz potoloa gora begira jarrita adierazten du ondo dabilela. Ederki ikasi ditu bere familia berriko kideen izenak ere: "Jexux, Maio [horrela deitzen diote Rosari], Oinatz eta Ihintza".
Marokoren okupazioa dela eta, sahararrek 42 urte daramatzate Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen. Hori dela eta, basamortuan du bizilekua Nayemek, eta hango bizi baldintzak ez dira onenak hezkuntzari, osasunari eta elikadurari dagokienez: 55 graduko tenperatura izaten dute urteko sasoi honetan, medikuarenera joateko zailtasunak dituzte... Egoera horren aurrean, beren herrialdetik irten eta bolada bat Euskal Herrian igarotzen dute, Oporrak Bakean egitasmoak egiten duen lanari esker. Hemen, behar dituzten osasun azterketak nahiz ebakuntzak egiten dizkiete, dentistarenera joaten dira...
Aurten, 113 haur saharar etorri dira Gipuzkoara. Horietako ume batzuek aterpeetxetan igaroko dute uda: hamahiruk Tolosakoan eta beste hamarrek Arrasatekoan. Gainontzeko 90 haurrak, berriz, familiek beren etxeetan hartu dituzte. Horietako bat da Nayem; hain zuzen ere, Elustondo-Leunda sendiarekin igaroko du uda.
Familia horretako kideek aspalditik zerabilten buruan horrelako proiekturen batean parte hartzea. "Askotan komentatu izan dugu etxera ume bat ekartzearen kontua, baina lana tarteko, ez genuen horretarako aukerarik izaten. Aurten, ordea, lasaiago ibiltzea egokitu zaigu, eta oraintxe zela momentua pentsatu genuen. Gainera, irakurri genuen gero eta familia gutxiago animatzen direla Saharako haurrak etxean hartzera, eta animatu egin ginen", azaldu du Rosa Leundak.
Elkarrengana egokitzen
Haurra Azpeitira iritsi zenean, bazituzten kezka batzuk Elustondo-Leunda familiakoek: ea umeak ondo jango zuen, familia faltan sumatuko ote zuen... Baina, alde horretatik, "uste baino arazo gutxiago" izan dute. Komunikatzeko dituzte zailtasunik handienak: "Guk euskaraz hitz egiten diogu, eta berak hasanieraz erantzuten digu. Ez gara oso ondo elkar ulertzen, baina mimika eginez-eta moldatzen gara", azaldu du Ihintza Elustondok.
Gainontzean, "ondo" egokitu da denera Nayem. "Oso haur mugitua" da, eta etengabe gauza berriak probatzea gustatzen zaio: udalekuetan hasi da, Jexuxi baratzeko lanak egiten laguntzen dio, igerilekura eta hondartzara joatea izugarri gustatzen zaio, baita parkean jolastea ere... "Dena berria da berarentzat, eta dena izugarri gustatzen zaio", dio Jexux Elustondok.
Familiak bazekien Saharako eta Euskal Herriko bizimodua oso ezberdinak izango zirela, eta haurraren jokabideak adierazten die zenbaterainokoa den diferentzia horren neurria: "Iritsi zenean denak harritzen zuen: ez zekien eskailerak jaisten, estoldak saihesten zituen, aparatu teknologiko guztiei begira-begira gelditzen zen, etengabe ura eskatzen zuen... Hitzez ez gara oso ondo ulertzen, baina ikusten dugun horretatik ateratzen ditugu ondorioak", azaldu du Leundak.
Errealitate hain ezberdinetatik datozen pertsonak etxe berean bizitzean, "zerbait oso berezia" sortzen dela dio Ihintzak. "Etengabe elkarrengandik ikasten ari gara, eta hori oso polita da". Denentzako da zerbait berria bizitzen ari direna, eta "pixkanaka elkarrengana egokitzen" ari direla diote. "Horixe da garrantzitsuena".
Nayemen familiak asko eskertzen du Azpeitiko familia egiten ari dena. "Beti esaten digute orain gure umea dela Mohamed, eta asko eskertzen dutela egiten ari garen guztia". Haurrari gustura galdetuko liokete horren inguruan, baina hizkuntza tarteko, ezin. "Esaten ez badigu ere, badakigu beti oroituko dela gurekin pasatutako udaz. Gu ere beti gogoratuko gara Moha txikiaz".
Saharako haurrei ongietorria egingo diete Zestoan
Wadna taldeak antolatuta, Saharako haurrei ongietorria egingo diete igandean, Zestoan. Larrabetzuko (Bizkaia), Tolosako (Gipuzkoa) eta Arrasateko (Gipuzkoa) aterpetxeetan nahiz familien etxeetan uda pasatzen ari diren umeak elkartuko dira bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ehun lagunetik gora bilduko dira. Festaren helburua da Euskal Herrian dauden Saharako haurrak elkartzea eta herria sentsibilizatzea. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute: 13:00etan, ongietorria izango da udaletxean; 14:00etan, bazkari herrikoia egingo dute; eta 16:00etatik 20:00etara, puzgarriak izango dira. Horrez gain, tea banatuko dute haiman.