Sastarrain baserri eskola. (Sastarrain)
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 87 herrietako 15-18 urte bitarteko gazteek mankomunitate horrek sustatutako udalekuak hasiko dituzte bihar, asteartea, Zestoan. Lehen aldiz egingo dituzte Uemak antolatutako udalekuak, eta zazpi egunez, Zestoako Sastarrain baserri eskola izango dute bilgune hainbat gaztek. Udalekuetako ohiko jardueren artean, soziolinguistikarekin lotutako hainbat kontu landuko dituzte. Izan ere, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko asmoz antolatu ditu Uemak udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin.
Iaz, lehen aldiz, Salto! gazte topaketak antolatu zituen Uemak, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko helburuarekin. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketa haietan, eta hiru egunetan hainbat jardueratan parte hartu zuten lagunartean, begiraleekin eta sukaldariekin batera. Hiru egun haietan landutako edukiak modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean, aste osoko udalekua prestatzea erabaki du aurten Uemak. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" da asmoa, "euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko".
Aisialdiko ekintzekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarauarekin, "gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman" nahi du Uemak. "Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren, erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa da", azaldu dute sustatzaileek.