[caption id="attachment_337808" align="aligncenter" width="300"]

Iñaki Odriozola ikertzailea. (I.O.)[/caption]
Iñaki Odriozola (Zestoa, 1986) "gustura" agertu da joan den maiatzaren 16an Donostian CAF-Elhuyar sarietan Neiker sari berezia jasota. Urtero moduan, zientziari eta teknologiari lotutako dibulgazio, ikerketa eta sormen lanak saritu zituzten, eta Odriozolaren dibulgazio artikuluak jaso du sarietako bat.
Euskal Herriko, mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaiak lanari esker lortu duzu saria. Zertan datza proiektuak?
Proiektua nire doktore tesian oinarrituta dago. Bertan, itxurazko saiakera bat egin nuen: mendian, itxiturak erabilita, herbiboroak beraien berezko bazkalekutik kanpo utzi nituen, aurrez hautatutako hainbat larretako dibertsitatean eta funtzionamenduan izandako ondorioak zeintzuk ziren ikusteko.
Tesia hiru artikulu zientifikok osatzen duten arren, dibulgazio artikulurako, kontakizun laburtu bat sortu nuen, guztiok ulertzeko moduko hizkuntza erabilita.
Eta zer dela-eta animatu zinen arlo hori ikertzera?
Ekologiaren ikerketan zerbait egiteko gogoa neukan, baina ez nuen bereziki larreak ikertzeko interesik. Masterra egin nuenean, saguzarren ekologiaren inguruan ikertu nuen, baina ondoren Euskal Herriko larreen inguruan ikertzeko aukera sortu zitzaidan, eta ikerketako zuzendaria ere ezagutzen nuenez, martxan jartzea erabaki nuen.
Ikerkuntzarekiko interesa betidanik al daukazu?
Ez nuke esango ikerketarako bokazioa aspalditik datorkidanik. Gauzak etorri diren bezala hartu ditut, eta ikerketarako aukera ikusi nuenean, aurrera egin nuen. Orain, egia esan, asko gustatzen zait, baina ikerkuntza ez da aspalditik egin nahi izan dudan zerbait. Graduko ikasketak egiten ari nintzenean, gauzak ez nituen oso argi eta ez nekien non amaituko nuen. Tesia amaitzen ari nintzela ikusi nuen, ordea, gehienbat zer gustatzen zitzaidan eta zer ez.
Landare ekologian doktorea eta ikertzailea zara. Horraino iristeko, zer ikasketa bide egin duzu?
Biologia Graduko ikasketak egin nituen EHUn eta, ondoren, biodibertsitatearen eta ekosistemen funtzionamenduari buruzko masterra egin nuen.
Egun, zertan aritzen zara?
Ikertzaile lanetan nabil Txekiako Zientzia Akademian, baina ez, zehazki, landare ekologian. Basoetako mikrobiologiaren arloan nabil lanean orain, hain zuzen ere, ingurumen mikrobiologian aritzen den talde batean, aholkulari estatistiko lanetan. Tesian zehar asko erabili nituen metodo estatistikoak eta, gaur egun, datu analista moduan nago kontratatuta.
Atzerrian bizi zara, ezta? Zer dela eta?
Bai, gaur egun, Pragan bizi naiz. Nahi dudalako nago hemen, baina, egia da, behin ikasketak bukatuta kanpora joateko beharra ikusi nuela, Euskal Herrian ez dagoelako aukera askorik ikerketan aritzeko, batez ere, ekologiarekin lotutako gaiak lantzeko.
Beste dibulgazio artikulurik idatzi al duzu inoiz?
Mota honetako txapelketa batera aurkezten naizen lehen aldia izan da. Hala ere, duela denbora batetik nahi nuen nire ikasketei buruzko euskarazko artikuluren bat aurkeztu CAF-Elhuyar sarietara. Etorkizunera begira, nik egindako lan zientifikoren batek historia polita daukala ikusiko banu, denbora ateratzen saiatuko nintzateke, berriro ere horrelako artikuluren bat idazteko.