Urola Kostako Errepresioaren Aurkako Eguna egingo dute ostiralean, Zestoan

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 23a, 11:43

"Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako jazarpen kasuak" salatuko dituzte bertan; besteak beste, terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen diren Altsasuko zortzi gazteen kasua eta Iruñeko istiluen ondorioz auzipetuta dauden 11 gazteena. Eskualdeko hainbat gaztetxe zein gazte asanbladatako kideak bilduko dira.

Urola Kostako Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu dute Zestoan, ostiralerako –urtarrilak 26–. "Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako jazarpen kasuak" salatuko dituzte bertan; besteak beste, terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen diren Altsasuko zortzi gazteen kasua eta Iruñeko istiluen ondorioz auzipetuta dauden 11 gazteena. Mobilizaziorako, eztabaida politikorako eta festarako tartea izango du ostiraleko egitarauak. Goizean, "euskal gazteriaren aurkako, eta, konkretuki, Altsasuko zortzien eta Iruñeko 11 gazteen aurkako kasu errepresiboak" salatuko dituzte eskualdeko hainbat ikastetxetan egingo diren kontzentrazioetan. Arratsaldean, 18:00tan, hausnarketarako gunea zabalduko dute Zestoako Gaztetxean. Bertan mahai-ingurua egingo dute Altsasuko Gaztetxeko eta Oreretako 4ak askatu! plataformako kideekin. "Jazarpen kasu" konkretu horien nondik-norakoak azaltzearekin batera, estatu espainiarraren eta bere indar armatuen lan politikoaren "zantzu estrategikoak" argitzen ere saiatuko dira. Gauean, Zestoako Gaztetxean bertan, Rodeo, Verräter eta Argizulo Dub Station taldeen kontzertuak izango dira. Kontzertuetan bildutako etekin ekonomikoa salatuko dituzten bi epaiketetako kideei laguntzera bideratuko dute. "Muntai polizialak salatu eta horien zergatien inguruan gogoeta egiteko bildu gara eskualdeko hainbat gaztetxe zein gazte asanbladatako kideak. Ostiralean errepresioa salatzea helburu duen egun honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, eta batik bat, jazarpen polizialaren aurkako salaketa orokorra egitera", azaldu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide