Elba Azpillaga DJ lanetan. (E.A.)
Arkitektura ikaslea da Elba Azpillaga (Lasao, Zestoa, 1994), eta ikasketak bukatzera eta master bat egitera joana da Bartzelonara. Eraikinak eraikitzearen ofizioa musikarako eta modarako dituen zaletasunekin uztartzea ditu etorkizuneko erronkak.
Aitarengandik herentzian jasotako ekipo txiki batekin saltseatzen hasi zinen, eta egun DJ lanetan zabiltza. Jolasa zena ofizio bilakatu al zaizu?
Bai, hobby bezala hasi zen guztia, eta begira... Musikarako pasioa gurasoengandik jaso dudan zerbait izan da. Aitari eta bioi musika elektronikoa izugarri gustatzen zaigu. Duela urte batzuk, ekipo sinple bat pasatu zidan aitak: kontrolatzaile txiki bat, ordenagailuko programak eta bafle batzuk. Botoiak ukituz eta musika deskargatuz jolasean hasi nintzen. Aitak lagun musikazale asko ditu, eta haiekin elkartzen hasi nintzen gero, eta zoro-zoro, begira noraino iritsi naizen.
Aitak pasatutako ekipoa hobetzeko inbertsiorik egin al duzu?
Dirua gastatu nahi baduzu, beti duzu ekipo hobea eta garestiagoa erosteko aukera. Egunen batean kontrolatzaile hobea erosi nahiko nuke, baina, momentuz, aitak pasatu zidanak ondo funtzionatzen du, eta harekin segitzen dut. DJ bezala egin ditudan lanen bidez irabazitako diruarekin ekipoa hobetzen joan naiz, eta orain tripodea eta askoz ere bafle hobeak ditut.
Lasaoko jaietan aritu zinen aurrenekoz disko jartzaile, 2012an. Nola gogoratzen duzu debuta?
Lasao txikia da, eta musikarako nuen zaletasunaren berri jakin zuten auzoan. Festetan musika jartzea proposatu zidaten, eta hala probatu nuen, 18 urterekin. Penagarria izan zen, baina, tira, horrela hasten da.
Geroztik, non aritu izan zara?
Donostian aritu naiz gehienbat. Tello oinetako dendaren irekieran aritu nintzen, eta Donostiako Kionita bainujantzien eta bikinien diseinatzailearen arreta piztu nuen. Nire estetika eta musika gustatu zitzaizkion. Bere marka eta nire musika zein estetika ondo uztartzen zirela iruditu zitzaion, eta geroztik berarekin egin ditut ekitaldi gehienak. Kolekzio berri bat aurkezteko antolatzen duen festa bakoitzean diskoak jartzen ditut. Oro har, batez ere, eguneko ekitaldietan aritzen naiz, marka eta saltoki txikientzat, eta horietan musika elektronikoa jartzen dut. Kinto afarietan eta ezkontzetan ere aritzen naiz, eta kasu horietan parrandarako musika jartzen dut.
Estetika aitatu duzu. Musika, beraz, belarrietatik ez ezik begietatik ere sartzen da?
Gaur egun gauzak asko aldatu dira, eta kontratatzen nautenek nahi dutena da musika estilo batetaz aparte, itxura bat ematea, beraiek lortu nahi duten estetikaren barruan egoteko guztia. Hala, ekitaldi horietan nahi dutena da beraien kolekzioa aurkezteaz gain, estetika eta musika jakin bat eskaintzea. Azken finean, musikaz gain, moda eta makillajea asko gustatzen zaizkit, eta Kionitari nire estetikak arreta deitu zion, bere mundura ondo egokitzen delako. Baina nik pentsatu nahi dut nire musika gustuko duela, bestela ez ninduen kontratatuko.
Musika ez da, beraz, zure pasio bakarra, ezta?
Modaren mundua izugarri gustatzen zait. Ez dut ezer berezirik egiten, baina askok esaten didate nire estetikak, makillajeak... arreta deitzen dutela. Arkitektura ikasten dut, baina ez naiz ongi moldatzen marrazten. Aldiz, aurpegiak marraztea, makillatzea, asko gustatzen zait. Mila koloretako makillajeak ditut, mila estilotako zapatak, koloretako arropa... Ez daukat estilo jakin bat, elegante, heavy, casual... janzten naiz, egunaren arabera. Asko gustatzen zait esperimentatzea.
E. Azpillaga. (E.A.)
Zein izan da orain arte eskaini duzun saiorik garrantzitsuena?
Zarautzen jokatu zen Nazioarteko Surf Txapelketan izan nintzen diskoak jartzen, apirilean.
Non pintxatzea amesten duzu?
Deitzen didatenean, normalean ez dut esaten ezetz, denera ausartzen naiz, baina festibalek lotsa ematen didate. Lagunartean eta eroso sentitzen naizen lekua bada, edonon gustura. Batez ere, eguneko ekitaldiak gustatzen zaizkit. Gauak errespetu handiagoa ematen dit, jendeak erantzun konstante bat behar baitu.
Egoera desatseginik bizi izan duzu?
Bai. DJen mundua estuki lotuta dago gizonekin, eta nire ikus-entzuleen %80 gizonak dira. Neska gaztea naiz, eta askotan tuntuntzat hartzen naute. Ekitaldi batera joan eta ekipoa muntatzen hasten naizenean, gizon askok galdetzen didate ba al dakidan egiten. Horrez gain, behin, diskoak jartzen ari nintzela, gizon zahar bat gerturatu zitzaidan eta berarekin afaltzera joatea proposatu zidan. Neska gaztea naiz, eta boteretsuago sentitzen zen bera. Egia esan, zer pentsatua ematen dizu.
Oraindik bide luzea du egiteko emakumeak musikaren munduan. Zer urrats egin dira eta zer pauso falta dira emateko ?
Lehen, batez ere, emakumea abeslaria zen, musika taldearen irudia. Gaur egun, askoz ere emakume baxu-jotzaile edo bateria-jotzaile gehiago dago. Zentzu horretan, izugarrizko aurrerapausoa eman da. Horrez gain, gero eta talde gehiago daude soilik emakumeenak direnak. DJ munduan ere gero eta emakume gehiago daude. Kontua da, publikoaren gehiengoa gizonak izanik, errespetua ematen digutela eta txiki sentiarazten gaituztela. Alde horretatik, oraindik lan asko dago egiteko.
DJen munduan lekua egiteko aldeko baldintza al da emakumea izatea?
Ezetz pentsatu nahi dut, baina egun arreta gehiago deitzen du emakume DJ batek gizon DJ batek baino. Azkenean, marketinga da itxura, eta emakume gaztea izateak erraztasunak eman dizkit. Halere, ez didate deitzen emakume izateagatik bakarrik, nire musika gustatzen zaielako baizik. Hori nahi dut sinetsi.
Sortzen al duzu kanturik?
Ez, oraindik ez, baina nahiko nuke. Une honetan, nire lehentasuna ikasketak dira.
DJ saio bat prestatzeak zer lan du aurretik?
Kontratatzen nauenarekin harremanetan jartzen naiz jakiteko zer eratako ekitaldia den, zer adinetako jendea izango den eta zer giro edo atmosfera sortu nahi duten. Behin hori jakinda, disko gogorra atera eta teherak entzun eta entzun hasten naiz, kantak aukeratzeko. Nolanahi ere, ordenagailuan beti eramaten ditut beste estilo bateko abestiak ere, giroa aldatzen bada ere. Momentuan inprobisatzen joaten naiz.
Bitxikeriak ere ez zaizkizu bada faltako?
Askotan esaten dit jendeak hain gaztea izanda, nolatan jartzen dudan garai bateko musika. Gaur egun parrandan entzuten den musika estilo hori, reggaetoia-eta, ez zaizkit gustatzen. Musika elektronikoa gustatzen zait, deep house estiloa, batez ere. Baina minimala, elektroa eta technoa ere entzuten ditut. Horiez gain, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako musika eta rock-and-rolla ditut gogoko.
Zertan lan egin nahiko zenuke?
Arkitektura, moda eta musika uztartu nahiko nituzke. Ez dira hiru mundu antonimo; antzekotasun asko dituzte. Zerbait egin ahalko dudala uste dut.
MOTZEAN
-DJ bat?
Maya Jane Coles.
-Abesti bat?
Creedence taldearen
Have you ever seen the rain.
-Pintxatzeko leku bat?
Edozein parke natural.
-Abeslari bat?
Frank Sinatra.
-Eraikin bat?
Le Corbusierren Ronchamp eliza eta Gaudiren Batllo etxea.
-Arkitekto bat?
Alvar Aalto.
-Kolore bat?
Beltza.
-Forma bat?
Marra zuzena.
-Amets bat?
Japoniara bidaiatzea.