Iban Pardo segalari zestoarra. (Danbolin)
Nolatan duzu segarako afizioa?
Izatez, Zestoako kalekoa naiz, baina emaztearen etxean ganaduarentzat jatekoa mozten zuten, eta han probatu nuen aurrenekoz. Gustatu, eta duela sei urte parte hartu nuen lehen aldiz txapelketa batean.
Nola prestatzen zara?
Neguan korrika egiten dut eta bizikletan ibiltzen naiz. Gero, belarra hazten denean, etxeko edo auzokoen zelaietan mozten dut belarra.
Auzotarrei, beraz, mesedea egingo diezu belarra moztuta?
Garai batean, bai, mesedea; gaur egun, enbarazu egiten dugu guk. Orain, makinekin azkar nahi izaten dute belarra moztu!
Sega nondik inguratzen duzu?
Garai batean zen materialik ez dago gaur egun. Legazpin zen sega fabrika duela 35 urte inguru itxi zen, eta geratzen diren segak dira hor bueltaka dabiltzanak. Austriatik ere ekartzen ditugu, baina ez dira hemengoak bezain onak. 200 eurotik gora balio dute, eta proba bakoitzean hiru sega erabili ahal ditugu.
Kirol honen gogorrena zer da?
Hasteko, ez dago erremintarik, eta eguneroko prestaketa saioetan aholkulari bezala baten bat behar duzu ondoan. Horrez gain, entrenatzeko belarra bilatu egin behar da, eta laguntzarik ez dago batere. Oraindik ez da ezkutatu, baina denborarekin desagertuko den kirola da sega.
Ez al zaio behar bezalako garrantziarik ematen segari?
Garai bateko baserritarrek sega erabiltzen zuten, eta handik sortutako kirola da. Noski, orain sega makinak daude, eta hau afizioa baino diru galtzea da.
Zer gastu dituzue segalariok?
Erremintenaz gain, txapelketetara hamar laguneko taldea eraman behar izaten du segalariak: aholkularia, sega zorroztailea, hiru eskuarezale, pisatze lanerako bi, belar piloak egiten bat, eta kontrako epaile bezala beste bat.
Segarako zer giro da egokia?
Kirol guztietan bezala, freskoa. Euria eginez gero, pisatzerakoan astunagoa da belarra, baina gehiago kostatzen da moztea.
Zer proba izaten dituzue?
Azkartasuna eta txukuntasuna neurtzen dituen proban 100 metro koadroko lur zatia ebakitzen dugu. Beste proba da ordu erdian nork belar gehiago ebaki.
Non izaten dituzue lehiaketak?
Gipuzkoan. Urtean pare bat lehiaketa bakarrik izaten ditugu. Zaldibiako kuadrilla bat Europan erakustaldiak egiten aritzen da, baina hemen ez dugu erakustaldirik izaten, aizkoran-eta bezala; Euskal Herrian erakustaldiak eskaintzea gustatuko litzaidake.