Historiaurrera itzuliko dira Zestoan igandean, Ekainfest jaiarekin

Ana Abarisketa 2016ko eka. 8a, 11:33

Aurtengo Ekainfest egunaren aurkezpena. (Zestoako Udala) Zestoarrek historiaurrera egingo dute salto igandean, eta, Ekaingo kobetan duela 14.000 urte bizi ziren errealitatea gertuagotik ezagutzeko asmoz, VII. Ekainfest eguna ospatuko dute. Egun osoko egitaraua izango dute horretarako, eta goizetik historiaurreko lehiaketa, pottokekin ibilaldiak edo Irrien Lagunaken ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada eskainiko du jaiak. 2008. urtean Unesco Etxeak Gizateriaren Ondare izendatu zuen Ekaingo koba, eta handik bi urtera jarri zen martxan, lehen aldiz, Ekainfest egitasmoa; hasieran Ekaindarren eguna bezala ezagutzen zena. Ordutik, bi helburu nagusi ditu egitasmoak: alde batetik, Zestoako ondare historiko eta kulturala —batez ere historiaurrea eta Ekain— ezagutzera ematea eta herri gunera erakartzea ondare hori. Bestetik, herriko elkarte eta herritarren parte-hartzea sustatzea egun horretarako antolatzen diren kultur eta herri ekintzetan. Joan den urteko Historiaurreko Olinpiar Jokoek arrakasta handia izan zuten. (Eneritz Albizu Lizaso) Urtetik urtera indarra hartzen joan da Ekainfest, eta sustatzaileak ere ugalduz joan dira, pixkanaka: Ekainberri, Sastarrain Baserri Eskola, Zestoako Udala, Zestoako merkatari elkartea, tabernariak, bainuetxea, Zestoako interpretazio eskola...

Bi berrikuntza

Atzo bertan aurkeztu zuten Ekainfesteko egitaraua Donostian eta joan den astean, berriz, Zestoan bertan. Agerraldian parte hartu zuten Josetxo Mendizabal alkateak eta Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzaileak. Haiek aipatu zituzten aurtengo berrikuntzak: bi denera. Batetik, bi hitzaldi gehitu dituzte egitarau orokorrera, Historiaurreko Hitzaldiak du izena programa horrek. Bi saio horiek bihar eta etzi izango dira, Ekainfest egunaren aurretik. Hitzaldi horien helburua da orain dela 14.000 urteko bizitza herritarrei hurbiltzea, eta horretarako gonbidatu dituzte punta-puntako  historialari eta arkeologoak. Bestetik, igandean, Ekainfest jaiaren egunean, egingo diren herri bazkarian eta arratsaldeko meriendan batzen diren diru irabaziak Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko dituzte.

Izena ematea ixtear

III. Historiaurreko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko izena emateko epea ixtear da. Antzinako jokoetan inskripzioa egiteko hiru aukera jarri dituzte: Zestoako Ekainberriko informazio bulegora joanda —Portale kalea, 1—, 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta edo info@ ekainberri.com helbidera idatzita. Egitaraua Bihar, ekainak 9 19:00. Blanca Ochoa, EHUko Labar Artean doktorego ikerlariaren hitzaldia: Ekain. Gizateriaren Ondarea aurkikuntza berrien argira. Jardunaldia Zestoako udaletxeko pleno aretoan izango da, gaztelaniaz. Ostirala, ekainak 10 19:00. Alvaro Arrizabalaga arkeologoaren eskutik, Urola bailara iragan prehistorikoan hitzaldia, Zestoako udaletxeko pleno aretoan. Igandea, ekainak 12 11:00-14:00. Ibilaldiak pottoketan eta zaldietan, Lauiturrin. Animalia horiekin Sastarrain bailaran zehar paseatzeko aukera egongo da. 11:00-14:00. Zestoako III. Historiaurreko Olinpiar Jokoak, plazan. 13:00-15:00. Herri bazkaria, plazan. Euskal produktuak parrilan erreta. 17:00-18:30. Irrien Lagunak ikuskizuna, Ekainberri pareko zelaian. Irrien Lagunak taldeko pertsonaiek Ekainberriko ingurua alaituko dute beraien ikuskizunarekin. 17:00-18:30. Zestoako gazte olinpiadak, plazan. Helduek goizean bezala, hamabi eta hamasei urte arteko gazteez osatutako taldeei hainbat froga jarriko dizkiete. 19:00-21:00. Merienda jateko eta txarangaz gozatzeko aukera egongo da, plazatik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide