Auzolanean egin dute aurten ere

Ana Abarisketa 2016ko api. 29a, 11:31

Haurren danborradak itxiko du Santzakutz jaien egitaraua asteartean. Ekain Guraso Elkartekoek eta boluntarioek egiten dute urtero karroza. Gaia sekretua da aurten ere.

[caption id="attachment_297325" align="aligncenter" width="300"]Zazpi eta zortzi lagun inguru elkartu dira batez beste azken asteetan haurren danborradako karroza egiteko. (Ana Abarisketa) Zazpi eta zortzi lagun inguru elkartu dira batez beste azken asteetan haurren danborradako karroza egiteko. (Ana Abarisketa)[/caption] Santakutzeko haurren danborradako karroza nolakoa izango den ez da azken momentura arte jakiten. Festa hauek ezkutatzen duten sekretu horietako bat da. Urtez urte, beraz, zain egoten dira gazteenak. Iaz, Ekaingo zaldiak ipuina hartu zuten gaitzat, eta Pirritx eta Porrotx bezala jantzita bi haur ere joan ziren karrozan. "Urtero zabaltzen dira zurrumurruak, baina aurten ez dugu halakorik entzun", esan du Itziar Elorza karrozaren egileetako batek. Beti bezala, Ekain Guraso Elkartekoen eta beste hainbat herritarren lanari esker aterako dute karroza Zestoako kaleetan zehar. Asteartean da hori, 18:00etan hasita, zentrotik hasita. Guztira, 240 ume inguruk parte hartuko dute danborradan, 4 urtetik 13ra bitartekoak. Sei joango dira amaitzear duten karrozan: hiruna neska-mutil.

Hilabeteetako lana

Inauterien ostean hasi ziren danborrada prestatzeko aurreneko bilerekin. Hain justu, batzar horietan proposatu eta onartu zuten asteartea arte sekretua izango den aurtengo karrozaren gaia. Behin erabakia hartuta, eskulanean hasi ziren. Boluntarioak egunero bildu dira azken asteetan udalak utzitako lokalean, karroza behetik gora eraikitzeko. Astean bizpahiru aldiz arratsaldez ere elkartu dira. Ez dira aurreko urteetan adina lagun izan oraingoan lantaldean, zazpi-zortzi kide, normalki. "Boluntarioek lan handia egin dute, aurten batez ere. Horietako askok esperientzia handia dute eta sekulako lana egiten dute", azaldu du Rakel Santamaria guraso elkarteko kideak. Emakumeak dira guztiak gainera, bat izan ezik.

Neska-mutilak, berdin

Aurtengo haurren danborrada berritasunekin dator. Izan ere, aurreneko aldiz neska-mutilez osatuta egongo dira gastadore, sukaldari eta kantineren taldeak. Sukaldari nahiz gastadoreak mutilak izaten ziren orain arte; kantinerak, berriz, neskak. Azken hauek zuriz jantziko dira, gonekin neskak eta prakekin, mutilak. "Bilera batean proposatu zuten, eta ados geunden denok. Umeak ere gustura daude, lau eta bost urte dituzte, eta ez dute halako bereizketarik egiten, normaltasunez bizi dute", dio Santamariak. Joan den abenduan aurkeztu zuen Zestoako Udalak herri hezitzailea proiektua. Danborradako berritasuna egitasmo horretatik jaio ez bada ere, balore horiek sustatzen ditu, hain justu,  herri hezitzailea proiektuak. Haurren interesetatik abiatuta, aniztasunarekiko eta ingurunearekiko errespetuan oinarritutako komunitatea sortzea zuten helburu hastapenetan. Ekimen horretan parte hartu dute herriko eskolak, udalak eta herritarrek. Lanean jarraitzen dute. Gastadore, sukaldari eta kantineren atzetik aterako dira panderojoleak, danbor-joleak, barrikak eta banderadunak. Festa hastear dago.

Danbor eta upelek hartuko dituzte santakutzak Zestoan

Bi egunez ospatuko dituzte Santakutz jaiak Zestoan .Helduen danborrada astelehen gauean izango da, eta zortzi taldez osatuta egongo da. Aurreneko danborrada 1930ean egin zuten. Iristear dira Santakutzak Zestoara. Datorren astelehen eta asteartean festan murgilduko da herria, eta danbor doinuek ez dute etenik izango. Danborrada ez ezik, musika eta kirola nagusi izango dira bi egun horietan. Umeentzako prestatutako tailerrek irekiko dute egitaraua datorren astelehenean. Tailerrek iraun bitartean, herriko ikastetxeko gaztetxoen pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Jaiei hasiera ofiziala 19:00etan emango zaie, suziria lehertuko baita ordu horretan. Gero, musika bandak eta Idiakaitz txistulari taldeak kalejira egingo dute herrian. Itzuntzean da danbor doinuen ordua. 86 urte beteko dira aurten Zestoako lehen danborrada hartatik. 1930an egin zen lehendabizikoa, Gure Txokoa elkarteak antolatuta. Zestoan ez zegoen beste elkarterik. Garai hartan, gainera, eta umeen danborrada sortu arte —1960an egin zen aurrena—, helduen danborradan ateratzen zuten karroza. 1931n, esaterako, botila handi batekin apaindu zuten, bainuetxeko ura irudikatzeko.

Iazko ibilbidea

Helduen danborrada 22:30ean hasiko da. Bi multzotan banatuko dira, danborrak eta upelak, eta multzo bakoitza lau taldez osatuko dute. Batetik, Gure Txokoa eta Gaztetxekoa aterako dira, Zestoako Bandarekin. Zitxontarrak eta Trapu Zaharrak, berriz, Ustekabe txarangarekin. Horiek ibilbide bera egingo dute. Pio Baroja plazatik Kale Okerra, eta handik Gesalagara joango dira. Ur Zaleak pasabidetik Gurutzera helduko dira. Beste multzoan, Aldrebesak eta Atabalak taldeak Azpeitiko Bandarekin joango dira, eta atzetik Ipintza eta Lau Iturri Zumaiako txarangarekin. Plazatik aterako dira, eta Ur Zaleak pasabideraino joango dira; Gesalagatik Gurutzera helduz. Beti bezala, hainbat abesti joko dituzte, gauerdian plazan egoteko.

Egitaraua

Maiatzak 2, astelehena 17:00-19:00. Umeentzako musika eta tailerrak, guraso talde batek antolatuta. 18:00. Zestoa Herri Ikastetxeko haurren pilota txapelketako finalak. 19:00. Jaien hasiera suziriekin. Jarraian, kalejira Idiakaitz Txistulari Taldearekin, Azpeitiko Bandarekin eta Zestoako Musika Bandarekin. 22:30. Danborrada nagusia, herriko kaleetan zehar. Gauerdian, ikurrina eta herriko bandera igoko dira. Jarraian danborrada taldeek martxa guztiak joko dituzte herriko plazan. 01:00. Ustekabe txaranga. Maiatzak 3, asteartea 10:30. Idiakatz txistulari taldearen diana. 12:00. Meza nagusia, Parrokiko Abesbatzak abestuta. 18:00. Umeen danborradaren hasiera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide