Asier Lizaso 'Ipintza':"Askoz gehiago ikusi ditut jokoagatik hondoratuta, aberastuta baino"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko api. 22a, 10:45

19 urterekin hasi zen Ipintza zestoarra artekari lanetan, aitaren erreleboa hartuta. 24 urteren ostean utzi du ofizioa.

Apustuen mundua asko aldatu da urte gutxian. Asier Lizaso Ipintzak (Zestoa, 1973) kirol egunkari bat hartu du tabernara sartu orduko, Internet bidezko apustuen iragarkiak kontatzen hasi da. Bi orritik batean dago halakoren bat, eta "asko kezkatzen" du horrek artekari ohia. Nola hasi zinen artekari? 19 urterekin hasi nintzen. Artekaria zen gure aita, eta pilota partida batetik bueltan hil zen, trenak jota. Langabezian nengoen, eta pentsatu nuen gustatuko litzaidakeela haren pausoak jarraitzea. Aita asko estimatzen zuten, eta izugarri lagundu zidaten. Edonork ezin du izan artekari, ezta? Ez, pilota munduaz asko jakin behar duzu, eta apustuetarako abilezia izan. Horrez gain, kontaktuak edukitzeak garrantzia du. Azkar ikasi zenuen ofizioa? Horren gazte artekari izatea oso arraroa da, eta kostatu zitzaidan martxa hartzea. Muturrekoak hartuz ikasi nuen. Bestalde, Zestoako Landa artekariak erakutsi zidan kontuak egiten. Oso mundu gordinean sartu nintzen gazte-gazterik, baina gustua hartu nion martxa hartu nuenean. Nola funtzionatzen du? Gure lana da kontrario bat aurkitzea apustu bat egin nahi duenarentzat. Batek 100 euro jokatu nahi baditu gorriaren alde, hari urdinarekin 100 euro jokatu nahi dituen bat aurkitu behar zaio. Galtzen duenak 100 euro ordaindu behar dizkigu, baina irabazten duenak 84 jasotzen ditu. Izan ere, guk %16 kentzen dugu: %9 enpresarentzat, eta %7 guretzat. Artekariak bermea eskaintzen du; alegia, irabazten duenak beti kobratuko duela. Galtzen duenak artekariari ez badio dirua ematen ere, irabazten duenak jaso egiten du. Beraz, artekariak jartzen du dirua, beharrezkoa bada. Horregatik da gogorra mundu hau, zure dirua jartzen duzulako arriskuan. Zenbat urte egin dituzu? 24 urte. Ez dut dirutza egin, baina galtzen ere ez naiz irten, eta oroitzapen onarekin gelditzen naiz. Bezeroen mezu pila bat jaso ditut pena sentitzen dutela esanez, eta dagoeneko lagun ere bihurtu dira. Ez naiz izan jendea jokora bultzatu duen pertsona bat. Behar izan denean, geldiarazi egin ditut, eta lasai nago. Zergatik utzi duzu? Enpresa kanon bat eskatzen hasi zaigu. Horrek esan nahi du dirua galtzen irten behar dudala etxetik, eta ez nago prest. Artekaritzan, batzuetan irabazi egiten duzu, eta besteetan galdu. Ez dugu dirua irabaziko dugunaren bermerik. Horren erakusle da bat baino gehiagok ofizioa utzi izana. Asegarcen zazpi artekari ginen lehen, orain bi gelditzen dira. Arriskuan ikusten duzu artekaritza? Kanon horiek jarraitzen badute, gerta daitekeena da. Horrez gain daude joko makinak ere, eta horiek aurrez aurreko apustugintzari eragin diote. Oraindik, ordea, ikusten dut beharrezkoa dela frontoian zerbitzu hori. Apustuak ere jaitsi dira? Bai, %80 inguru. Baina duela urte batzuetako gorakada hori ez zen normala. Pezetak zeudenean, 5.000 pezeta jokatzen zituztenak, 100 euroko apustuak egiten hasi ziren. Txanpon aldaketa egon zenean, jendeak duroak bezala jokatzen zituen euroak. Artekarientzat urte onenak izan ziren, baina buelta etorri da. Artekaritzatik bizi daiteke? Hori bezeroen araberakoa da. Gauzak ondo joateko, nahikoa da bi bezero on izatea. Garrantzitsuena kobratzea da. Izan ere, artekari askok izan ditugu arazoak dirua jasotzeko. Tokatu zait langile soil bati jokatzeko bideak moztea, banekielako bizitza eta familia bat zituela. Jokatzeko beste modu batzuk daude, gaur egun? Bai. Lehen hiru aukera zeuden apustuzaleentzat: frontoia edo herri kirolak, kasinoa eta karta-jokoa. Gaur egun, futbolean ikaragarri jokatzen da, eta makinak eta Internet oso gogor sartu dira. Jokoa presentzia handia hartzen ari da, eta umeengana ere iritsi da. Niri gustatzen zait jokoa, baina pasatzen ari gara. Eusko Jaurlaritzak ere babestu egiten du politika hori, zerga asko jasotzen dituelako. Gorantz jarraituko du arazoak, eta jendeak gero eta erraztasun gehiago izango ditu etxetik irten gabe jokatzeko. Arazo larria izango da familientzat eta gizartearentzat. 2.500 pertsonako herri txikietan, 60.000 euro inguru xahutzen dira horretan, batez beste. Eta gauza bat esango dut, askoz gehiago ikusi ditut jokoagatik hondoratuta, aberastuta baino. Joera hori, gainera, hazi egingo da. Pilota, kirol bezala, aldatu da? Hein batean, negoziora bideratu dute. Pilotari gazteak hartzen dituzte, oso soldata baxuekin, eta herri guztietako jarraitzaileekin ehunka sarrera saltzen dituzte. Ondoren, olatu hori pasatzean, kalera botatzen dute mutila. Kirolarientzat ere gogorra da; izan ere, asko exijitzen diete, eta gero ez dute ordain duina jasotzen. Gora begira daude beti, eta ez dute inbertitzen beheko mailetan, formazioan. Alkohola debekatu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako frontoietan. Zer iruditzen zaizu? Akats handia. Uler dezaket tabakoa debekatzea, ingurukoak molestatu ditzakezulako; baina alkoholarena, norberaren hautua da. Ondo ikusten dut kanpaina bat egitea alkohola eta kirola ez nahastearen alde. Debekatzea, ordea, azken aukera da. Ez dauka inongo zentzurik jokoa bultzatzen duten bezala bultzatzea, eta edatekoa debekatzea. Gainera, herrietako klubek, esaterako, taberna erabiltzen dute xoxa batzuk ateratzeko, eta haiei ere kalte handia egingo die. Eragin nabarmena izango du? Bai, frontoiko anbientea jaitsi egingo da. Jende asko ez da egunero joaten pilotalekura, egun berezietan joaten da: lagunekin, otordua egin eta gero, egun berezi bat borobiltzera. Pertsona horiei ez zaie utzi behar kopa bat edaten? Bada, agian, soziedadean gelditzen hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide