Urola Erdiko Mankomunitateak ez du Azpeitiko Lapatx zabortegia itxiko, oraingoz. Gaur egin duten ezohiko batzarrean erabaki dute
Gipuzkoako hondakinak jasotzen jarraituko dutela, zabortegia bete bitartean. Gehiengo osoz hartu dute erabakia, udalerri guztietako EH Bilduren eta EAJren bozekin. Aurrera Beizama Bai plataformako ordezkaria soilik abstenitu da.
Mankomunitatearen arabera, bi edo hiru hilabete beharko dira Lapatx betetzeko, "kontuan izanda hilean 15.000 tona zabor jasotzen dituela". Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakariak esan du "berriro ere elkartasuna" adierazi dietela gipuzkoarrei, eta luzapenarekin, GHKri "beste alternatiba batzuk" prestatzeko denbora eman diela. "Gure zaborrak kudeatzeko espaziorik gabe geldituko gara, ezin dugu erakutsi solidaritate gehiago", esan du. San Markos zabortegiaren kasua gogorarazi du lehendakariak: "Guri elkartasuna eskatzen digute, baina badirudi ahaztu zaiela San Markos itxi zutenean, oraindik 20 edo 30 urtez zaborra jasotzen jarraitzeko lekua zuela".
Azaroaren 3ko zuzendaritza batzordean erabaki zuen mankomunitateak, GHKrekin akordiorik lortu ezean, otsailaren 3a izango zela azken eguna bailaratik kanpoko hondakinak jasotzeko. Erabaki horren alde bozkatu zuten udalerri guztietako ordezkariek, EH Bildukoek zein EAJkoek. Aurrena Beizama Baiko kidea izan zen abstentzio bakarra, eta ez zen aurkako botorik egon. Gaurko batzarrean ez dute berretsi azaroko erabaki hura.
Handitzeari ezetz
Bestalde,
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lapatxen zabortegi berria egiteko edo hura handitzeko eskatu zion Urola Erdiko udal elkarteari, baina hark ezezkoa erantzun dio. "Prentsan irakurri dugu epai-bideak aztertzen ari direla horretarako, baina ezin dugu hori onartu; gutxiago, horrenbeste alternatiba daudenean", azaldu du Bereziartuak.
Beraz, GHK-ren bigarren eskakizuna ukatu dute, eta
lehendakariak esan du Azpeitiari dagokiola gai horren inguruko "azken iritzia" ematea, udalerri horretan egongo delako zabortegia; baita "ondorioak, kiratsa eta aire kutsatua" ere. "Azpeitiarrak eta Elosiaga auzoko bizilagunak izango dira gehien sufrituko dutenak: hori ulertzea eskatzen dugu", nabarmendu du. Ez dute zehaztu nola hartuko duen erabakia herriak.
Mankomunitatearen eskaera
Urola Erdiko Mankomunitateak eskatu du GHK-k ere ardurak har ditzala. Gogorarazi du "errespetatu ez den" hitzarmen bat egin zutela 2009an, eta hori betetzea galdegin du lehendakariak. Honako puntuak aipatu ditu Bereziartuak:
- Tranferentzia zentro bat egingo zutela agindu zuen GHK-k, Lapatx ixten zenerako. Transferentzia zentro horri esker aukera legoke zabortegia itxi ostean ere, kamioiak han betetzeko; eta merkeagoa litzateke hondakinen garraioa. Oraindik ez dute egin, eta Lapatx itxi aurretik egitea eskatu dute.
- Lapatxek 375.000 tona gehiago jasoko zituela hitzartu zuten. Urte hauetan, tokatzen zitzaiona baino 165.000 tona gehiago jaso ditu. Bereziartuak esan du hor ez dagoela "atzera bueltarik", baina hori kontuan hartzeko eskatu die "solidaritateaz" hitz egiten dutenean.
- Konpostaje planta bat egingo zutela esan zuen GHK-k. Egin zuten, baina "ez du funtzionatzen agindu bezala". Teknologia "ez da egokia", eta beste modu batera egin behar da konposta, eskuz.
Ezin itxita
1988an ireki zuten Lapatx zabortegia Azpeitian, Elosiaga auzoan. Hastapenetan, hamar urterako proiektua zela jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak, baina behin eta berriro luzatu da zabortegia ixteko epea, gaur egun arte.
Azken saiakera joan den urtean egin zuten. 2015eko apirilean itxi nahi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Lapatx. 2014ko otsailean iragarri zituzten Gipuzkoako zabortegietako itxiera epeak, eta 2014 eta 2015 urteetan itxi zituzten Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta. Errenteriako San Markos, berriz, 2008an itxi zuten. Beraz, 2015etik, Lapatx da Gipuzkoako zabortegi bakarra.