Azkoitiko Udalak helegitea jarriko dio Urola Erdiko Mankomunitateari

Ana Abarisketa 2016ko urt. 29a, 10:00

Mankomunitateko mahaiak Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko diru laguntza jasotzea adostu zuen ingurumen programetarako; orduan, Azkoitiko EAJko bi ordezkarik kontra bozkatu zuten.

Azkoitiko Udalak errekurtsoa jarriko du Urola Erdiko Mankomunitatearen, Urola Erdiko Lapatx zabortegiaren eta Azpeitiko Udalaren artean onartutako hitzarmen baten aurka. Akordio horrek aurreikusten du Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko diru laguntza jasotzea ingurumen programetara bideratzeko. Asteazken arratsaldeko ohiko batzarrean onartu zuen udalbatzak hitzarmenaren aurkako helegitea jartzea. EAJ, Irabazi Azkoitia Bai eta PSE-EEren aldeko botoei esker erabaki dute; EH Bildu abstenitu egin zen. Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak pasa den abenduaren 10ean onartu zuen hitzarmena. Azkoitiko Udalak, ordea, alegazioak aurkeztu zituen eta, behin alegazioei erantzunda behin betiko onartu zuen mankomunitatearen mahaiak. Bozketa horretan Azkoitiko EAJko bi ordezkariek hitzarmenaren kontra bozkatu zuten, Beizamako ordezkaria abstenitu egin zen, baina mahaiaren gainerako kide denek alde egin zuten. Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomitateko lehendakariak honakoa esan dio Hitzari: "Azkoitiko bi ordezkariek izan ezik, gainerako herri guztietakoek, kolore guztietakoak gainera, hitzarmenaren alde egin dute, Beizamako ordezkariaren abstentzioa ahaztu gabe". Lehendakariak argi du zentzu horretan: "Mankomunitateak ez ditu azkoitiarren interesak bakarrik ordezkatzen, Urola Erdiko gainerako herrienak ere kontuan hartzen ditu". Bereziartua Azpeitiko udal zinegotzia ere bada EH Bildutik.

Legezkoa, bai ala ez

Ana Azkoitia Azkoitiko Ogasun zinegotziak Hitzari azaldu dio, mankomunitatearen estatutuek ez dutela aukerarik ematen diru laguntzak jasotzeko: "Garbi dago diru laguntza horiek ingurumen programa baterako direla, eta ez dugu ezer horren kontra, ez gara hor sartzen. Esaten duguna da, estatutuek ez dutela ahalbidetzen diru kopuru hori erabiltzea. Azkenean, diru laguntza bat jasoko dute, baina mankomunitatearen objektuen barruan ez da jasotzen diru laguntzak jasotzeko aukerarik. Forma kontua ere bada". Azkoitiko Udalak zera eskatu dio mankomunitateari, Lapatxen egungo egoera juridiko eta ekonomikoak jasotzen dituen txostena osatzea, ikusteko ea gai den zabortegiaren itxiera posible bati eta ondorengo mantenu gastuei aurre egiteko. Behin txosten hori ikertuta, prest leudeke diru laguntzak emateko aukera planteatzeko. "Gure aldetik ateak irekita daude mankomunitatearen estatutuak aldatzeko", dio Azkoitiak. Bereziartuaren iritzia bestelakoa da. Mankomunitateak 2008an egin zuen txosten juridiko eta ekonomikoa, eta, urtebetera, 2009an, Lapatx irekita mantzentzeko hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin (GHK). "Egunen batean GHKrekin beste hitzarmen bat sinatu behar bada egingo da beste txosten bat, horixe izango da momentua". Mankomunitateko estatutuei dagokionez honakoa dio Bereziartuak: "Akordioa interes publikokoa da. Aurretik ere eman dira diru laguntzak: 2012tik Loiolako Ingurugiro Etxeari hitzarmen bidez ematen zaio, eta, 2014an ere halaxe egin zen pixoihalen kanpaina".

Lapatxen lursaila

Azpeitiko Udalak eta mankomunitateak 2011n sinatutako akordioaren ondorioz, 1.823.840 euro jaso ditu azken bost urteetan Azpeitiko Udalak Lapatx zabortegia herriko lurretan izateagatik. "Diru kopuru hori lursailaren erabileragatik bakarrik jasotzen du Azpeitiko Udalak, ez du inoiz bestelako konpentsaziorik jaso", gehitu du Bereziartuak. Azkoitiko Udaleko webgunean zintzilikatutako oharrean beste diru kopuru bat ere aipatzen da: 2014an mankomunitateak Azpeitiko Udalari 1.565.000 euroko diru kantitatea ematea, hain zuzen, Azpeitiko berdura plaza berritzeko. Orduan erabaki zuten eraikin eraberrituko solairu bat erabiltzeko baimena ematea Urola Erdiko Mankomunitateari, 33 urtez bertan eraikitzen ari diren instalazioak eta bulegoak erabiltzeko.

Ordezkaritza

Urola Erdiko Mankomunitatea Aizarnazabal (%2,43ko ordezkaritza). Mari Karmen Arregi (EH Bildu), Ainhoa Etxabe (EH Bildu) eta Joseba Mujika (EH Bildu). Azkoitia (36,12). Javier Zubizarreta (EAJ), Ana Azkoitia (EAJ) eta Ainara Goenaga (EH Bildu). Azpeitia (45,88). Eneko Etxeberria (EH Bildu), Aitor Bereziartua  (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ.) Beizama (0,52). Nekane Otaño (Aurrera Beizama Bai). Bidania–Goiatz (1,64). Joxe Erramun Goikoetxea (EH Bildu) eta Miren Agurtzane Zelaia (EH Bildu). Errezil (1,86). Xebero Agirretxe (EH Bildu), Bittori Otaegi (EH Bildu) eta Jon Ziarsolo (EH Bildu). Zestoa (11,55). Josetxo Mendizabal (EAJ), Gorka Unanue (EAJ) eta Mikel Arregi (EH Bildu).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide