Joan den urtean izan zen Arroabean hitzaldia ematen Usabiaga (Ane Olaizola/Hitza).
Marcelo Usabiaga komunista euskalduna gogoan izango dute urriaren 31n, Arroabean. Zestoako Udala ekitaldi berezi bat ari da prestatzen; izan ere, Arroabeko lantegian eduki zuten preso Usabiaga, eta erreferentea izan zen frankismoaren aurkako borrokan eta langileen aldeko mugimenduetan. Francoren erregimenak behartutako langilea izan zen, eta ehun errepublikar ingururekin bizi izan zen Zestoako auzoan.
Uztailean hil zen Usabiaga, eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak azaldu duenez, «omenaldi xume bat» egin nahi diote. «Urriaren 30ean izango litzateke haren urtebetetzea, eta data aprobetxatu nahi dugu ekitaldiari forma emateko», esan du. Mendizabalek nabarmendu du Usabiagak, beste langile askok bezala, «gobernu legala» defendatu zuela frankismo garaietan, eta langileek «harreman estua» izan zutela Arroako jendearekin: «Herritarrekin izandako bizikidetza eta politikoki izandako jarrera oroituko ditugu».
Usabiaga nor zen
Usabiaga Ordizian jaio zen, 1916an. Alderdi komunistan sartu zen gerra garaian, eta zenbait espetxe ezagutu zituen. Frantzian ere egon zen ihes eginda. Hamaika istorio eta historia zituen kontatzeko Usabiagak, eta haietako batzuk jaso zituen
Horrelakoa izan zen Iruneko guda liburuan.
Urtebete eta hiru hilabete egin zituen Arroan langile hark. Ondoren, Frantziara egin zuen ihes, beste hiru lagunekin. Berak alde egin eta gutxira itxi zuten espetxe hura. Gero, berriro atxilotu zuten urte batzuen buruan, eta 21 urtez eduki zuten preso. Kartzela eta heriotza zigorra izan zituen bizitzan zehar ordiziarrak, baina 98 urte harrapatu zituen Usabiagak. Aukera izan zuen bizitakoa kontatzeko, eta herrian aztarna lagatzeko. Hain zuzen, iaz eman zuen hitzaldi bat Arroabean. Txapela eta makila oparitu zizkion orduan Zestoako Udalak.
Usabiagaren familia joango da urriaren 31n omenaldira, eta ordiziarraren beraren eta Arroan izan ziren preso guztien omenez jarriko dute plaka bat.
Oraindik ordutegia guztiz zehaztu ez badute ere, 11:45ak inguruan bilduko dira Zestoako Udaleko politikariak, Usabiagaren familia eta herritarrak Arroabeko pilotalekuan. Ondoren, adierazpen instituzionala irakurri eta ekitaldia egingo dituzte. 12:00etan puntuan, fabrikako sirena joko dute auzoan, garai haietako oroigarri. Familiari eta emazteari omenaldia egin, eta plaka jarri ondoren, mokadurako tartea ere edukiko dute.