Ikusi Zestoako amabirjinetako egitaraua

Ana Abarisketa 2015ko ira. 4a, 10:16

Txupinazoa lehertzean hasiko dira bihar Zestoan amabirjinak. Berrikuntza gisa daude biharko Patanen jaitsiera edo baltsa jaitsiera, eta igandeko pintxo lehiaketa.

Zestoar gazteak herri-jolasetan, iaz. Bihar baltsa jaitsiera egingo dute ibaian, bazkalostean. (Nerea Uranga) Festan sartuko dira zestoarrak txupinazoa lehertzearekin bat. Bihar eguerdian izango da hori, 12:00etan. Egun luzea izango da  Kuadrillen Eguna, egitaraua ekintzaz beteta baitago. Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin dator, Zestoako Patanen jaitsiera –baltsa jaitsiera– antolatu baitu jai batzordeak. Bihar arratsaldean izango da hori, paella-janaren atzetik. Aurreko urtean antzeman zuten bazkariaren ostean "hutsunea" sortzen zela. Festa batzordeko bileretan landu zuten gaia, eta, Donostian edo Azpeitian lortu duen babesa ikusita, baltsa jaitsiera egitea proposatu zuten kide batzuek. Hala azaldu du Janire Diaz festa batzordeko kideak, "izan genituen gure desadostasunak, batzuek ez baitzeuden  ados jaia plazatik ateratzearekin", dio. Azkenean, aurrera egitea erabaki zuten, eta neska kuadrilla bat aritu da ordutik dena gorpuzten. Facebook sare sozialean Zestoako Patanen Jaitsiera izeneko orria ireki zuten, herritarrekin harremanetan jarri eta parte hartzea bultzatzeko. Behin udalaren baimena jasota, kuadrillen parte hartzea lotzen aritu dira, eta, momentuz, lortu dute hamahiru baltsa izatea. Hala ere, baltsetan izateaz gain nahi bezala parte hartu daiteke. Antolatzaileak gustura daude lortutako babesarekin. Arocena Hotelaren paretik abiatuko da lasterketa. Behin paella-jana amaitu ostean, baltsak plazara hurbiltzeko deia luzatuko dute, eta, Skandalue Elektritxarangaren konpainian gerturatuko dira Urola ibaira. Lasterketa Zubimusu parera arte egingo dute, baina bidean izango dira ustekabeak, antolatzaileek jokoak prestatu baitituzte. Behin helmugaratuta, sari banaketa egingo dute, Zubimusun bertan. Baltsarik azkarrena eta originalena sarituko dituzte, eta ikusleen gustukoenak ere jasoko du domina. Biharko egun luzearen ostean, dultzaineroek argituko dute eguna igandean. Egitarauan bada beste berrikuntza bat, arratsaldean, 18:00etan, pintxo lehiaketa antolatu baitu jai batzordeak ordu berean izango diren zekorketen alternatiba gisa. Gurutze jubilatuen tabernaren atarian egingo dute, eta, partehartzaile bakoitzak sei pintxo eta bi koktel sortu beharko ditu. Norberak eraman beharko ditu osagaiak, nahiz eta lan tresnak tabernak jarriko dituen. Behin lehiaketa amaitutakoan, mokadua egingo dute landutako pintxo guztiekin. Astearteraino iraungo dute jaiek Zestoan, jai giroan udarari bukaera emateko.

Partidak bertan behera

Herenegun Platja Miamin (Katalunia) trenak harrapatuta hildako I.P. gazte zestoarraren hileta-elizkizuna dela-eta, gaur arratsaldean lehiatzekoak ziren Zestoako Gazteen VI. Pilota Txapelketako finalak bertan behera uztea erabaki du Zestoako Pilota Elkarteak. Finalak aurrerago jokatuko dira, eta honako hauek izango dira parte-hartzaileak: Anduaga eta Sasiain, Errasti eta Arrizabalagaren kontra; Iker Egiguren Aimar Egigurenen kontra, eta Mutiozabal eta Unanue, Odriozola eta Alberdiren aurka.

Egitaraua

Irailak 4, ostirala 22:00. Pilota jaialdia: Iribarria eta Urruzola, Jaka eta Irustaren kontra eta Martinez de Irujo eta Tolosa, Altuna III.a eta Rezustaren aurka. Irailak 5, larunbata 11:00. Hondar tailerra, umeentzat, Andoni Bastarrika eskultorearekin, Eliz Kalean. 12:00. Txupinazoa, herriko hainbat txapeldunen eskutik: Zestoako jubenil nesken taldea (futbola), Johnny Tamayo (arku-tiroa) eta Arantxa Zigaran eta Luisa Perez (lasterketa). Ondoren, herriko banda, buruhandi eta txistularien kalejira. 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Skandalue Elektrotxaranga egunean zehar. 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan. 17:00. Baltsa jaitsiera Urola ibaian. 22:30. Herritarren karaokea. Ondoren, Dj Julius, plazan. Irailak 6, igandea 09:00. Zestoako dultzaineroen diana. 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 11:30. Jolas parkea umeentzat, frontoi inguruan, 14:00ak arte. 13:00. Bertso saioa balkoitik balkoira: Andoni Egaña eta Jon Maiaren eskutik. Ondoren, nafar ikurrari omenaldia, Laranjadin, bertso, jota eta dantza saioarekin. 17:00. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte. 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz. 18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Adrien Salenc. Ordezkoa: Baptiste Andrea Cisse. Ganadutegia: Santafe Marton (Villafranca, Nafarroa). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak. 18:00. Pintxo lehiaketa, Axun Arrazola plazan. Izen-ematea, Mollergi tabernan, gaur arte. Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean. 20:00. Haur eta gurasoentzat jolasak, Ikurrinaren Plazan. 22:30. Zezen karretoiarekin kalejira, plazatik irtenda. 00:00. Txatarra antzerki-zirkua, umore eta akrobazia ikuskizuna. Irailak 7, astelehena 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 11:00. Haurren udalbatzarra. Ondoren, Erdikalean hasita, haurren udalbatza, udaltzainak, buruhandiak eta abarrekin kalejira Ustekabe txarangarekin. 12:00. Umeen txupinazoa udaletxetik. Jarraian, entzierroa umeentzat, gezurrezko zezen beltz beldurgarriekin. Ustekabe txaranga egunean zehar. 12:30. Zezen bolaztatuak eta pottokak, ume eta gaztetxoentzat. 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria. Ondoren, aurpegi margotzea. 17:00. Zirkoloretsua ikuskizuna, Laranjadin. 18:30. Kantujira, Ustekabe txarangarekin. 19:00. Meza parrokiko abesbatzarekin eta, jarraian, Ama Birjinari Salbea. 20:00. Tximeleta taldea, Laranjadin. 21:00. Oilasko jana, arkupeetan. 23:00. Tximeleta taldea, Laranjadin. Irailak 8, asteartea 09:00. Zestoako dultzaineroen diana. 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin. 12:00. Meza nagusia, parrokiko abesbatzarekin. 13:15. Zestoako Musika Bandaren kontzertua. 17:00. Altxorraren bila, umeentzat. Abiapuntua, Laranjadi plaza. 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz. 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ignacio Ruiz Ropero. Ordezkoa: Baptiste Andrea Cisse. Ganadutegia: Santafe Marton (Villafranca, Nafarroa). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak. Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean. 20:00. Alurr dantza taldearen emanaldia, Laranjadin. 22:00. Joxe Replay taldearen kontzertua eta Trikimailu taldearen dantzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide