TSren adjudikazioa «lorpena» bada ere, lanean jarraituko dute ELAk eta LABek

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 29a, 00:00

Gonvarrik Arroako lantegia hartzearen inguruan balorazio bateratua egin dute, eta ekainaren 6ko jaiaren berri eman dute. Elkarlanaren balioa nabarmendu dute.TS Fundicionesen adjudikazioa albiste «ezin hobea» dela eta «langile guztiek merezi duten la...

Gonvarrik Arroako lantegia hartzearen inguruan balorazio bateratua egin dute, eta ekainaren 6ko jaiaren berri eman dute. Elkarlanaren balioa nabarmendu dute.

TS Fundicionesen adjudikazioa albiste «ezin hobea» dela eta «langile guztiek merezi duten lanpostua» lortu arte borrokan jarraituko dutela esan zuten atzo ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, Zestoan. Horrez gain, adierazi zuten jai bat antolatzen ari direla ekainaren 6rako, langileei, herritarrei eta erakundeei eskertzeko «bide luze horretan eskainitako babesa». Asteartean jakinarazi zuten Gonvarri Renewable Industries enpresaren eskaintza onartu duela Pedro Malagon epaileak, 5.150.000 eurogatik, TS Fundiciones enpresa berriro martxan jartzeko, eta lantegiko sindikatu nagusiak balorazioa egiteko bildu ziren Zestoan.

Asier Lizaso TS Fundicioneseko langile ohien LABeko ordezkariak esan zuen albiste «oso pozgarria» dela lantegia Gonvarriren esku gelditzea. «Zestoan eta Urola Kostan beste enpresa garrantzitsu bat berreskuratuko dugu, eta industria jarduerari ezinbesteko bultzada emango dio TSk», nabarmendu zuen.

Bestalde, Juan Diez ELAko ordezkariak azaldu zuen bidean zehar «ilusioa» sentitu dutela, baina «lur jota» ere egon direla langileak, prozesua «luzea eta zaila» izan delako: «Lehiaketa luzatzea ekarri dute epaitegietako burokraziak eta baliabide faltak». Hala ere, Diezen arabera, arrazoia eman diete orain: «TS bideragarria zen, eta da; eta ez zen langileen erruagatik itxi, zenbaitek salatu duten bezala». Lizasok ere nabarmendu zuen «oztopo» asko izan dituztela bidean, eta ez dituztela ahaztu enpresa itxi zutenak eta «inongo erantzukizunik gabe» handik atera zirenak.

Azaroan sartu zen lehiaketa publikoan TS Fundiciones lantegia, baina lan gatazka lehenagokoa da. 2012ko maiatzean TSren Zestoako lantegia itxi zuten, eta 2014ko otsailean jakinarazi zuten Arroakoaren jarduna ere eten egingo zutela. Urteetako borroka izan da, beraz, TSko langileena, eta haien «batasuna izan da aurrera egiteko indarra», Diezen arabera. «Gure arteko diferentziak gaindituz, elkarrekin borroka egiteko gai izan gara», gehitu zuen Lizasok.

Horrez gain, ELAko ordezkariak sindikatuen arteko elkarlana nabarmendu du, «baliabide guztiak» langileen alde jarri dituztelako, haientzat proiektu bideragarria aurkitzeko.

Ekainak 6

Herritarren eta erakundeen babesa eskertzeko, eta aranasa hartzeko, jaia antolatu dute bi sindikatuen artean, Zestoan. Ekainaren 6an izango da festa, eta «denen artean lortutako garaipena guztiek ospatzea» nahi dutela esan zuen LABeko ordezkariak: «Merezi bezala ospatu behar dugu hau, langileek merezi dutelako garaipena aitortzea, eredu ekonomikoa aurka izan duten arren». Zestoa eta Urola Kostako herritarrak izan zituzten mintzagai, eskualdeak «babes handia» eman dietelako.

Bestalde, adierazi zuten oraindik ez dela bukatu bidea: «Orain proiektu industriala martxan jarri arte, lanean jarraituko dugu, langile guztiek merezi duten lanpostua lortu arte». LABentzat, «asko dago egiteko», baina «gogotsu» daude. ELAk ere ildo beretik hitz egin zuen: «Orain lan asko dugu, familia askori amaitu zaizkie langabeziko laguntzak, baita bestelakoak ere, eta errealitatea oso gordina da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide