'Zestoa ikertzen' hezkuntza egitasmoarekin, herriko historia ezagutu dute ikasleek

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko ots. 27a, 19:24

Programa didaktikoarekin, Zestoako Herri Ikastetxeko, Arroa Beheko eta Aizarnako ikasleek ondare historikoa, kulturala eta artistikoa ezagutzea nahi dute Ekainberrik, Udalak eta eskolek.

Joxeba Larrañaga, Leire Etxeberria, Goizeder Iturain eta Aitziber Gorrotxategi (E. Albizu Lizaso) Zestoa ikertzen programa didaktikoa martxan jarri dute Zestoako Udaleko Kultura Sailak, Ekainberriko didaktika lantaldeak eta Zestoako Herri Ikastetxeak. Haiekin lanean ari dira auzoetako eskolak ere, hau da, Arroa Beheko eskola eta Aizarnako Herri Ikastetxea. Hezkuntza egitasmoaren helburua da Zestoako ikasleek herriko ondare historikoa, kulturala eta artistikoa ezagutzea, modu arin eta dinamiko batean. "Zestoa da oinarria, denok batzen gaituena, eta horren inguruan egin nahi dugu lana. Proiektuak, gainera, gure artean ere elkarlana sustatuko du, eskolen artean eta Ekainberri eta Lili Jauregiarekin", azaldu du Juanjo Aranburu Ekainberriko didaktika lantaldeko kideak. Horretarako, bi programa jarri dituzte martxan, Erdi Aroa eta Historiaurrea ezagutzeko. Bi ziklotako ikasleek jaso dute formazioa, hots, lau adin-tarteetako gaztetxoek: 9 eta 10 urtekoek, batetik; eta 11 eta 12 urtekoek, bestetik. Proiektuaren sustatzaileek, beraz, lau urtez irauten programa osatu dute oraingoz, baina "epe luzeko" proiektua nahi dute garatu. Aranburuk azaldu du ikasleen "errealitatera" gerturatu nahi izan dutela Zestoako ondarea eta bere historia."Ikastetxeek ere bazuen interes hori, eta udalak ere bai. Helburu komuna izanda, bildu egin ginen hori aurrera nola eraman erabakitzeko", gehitu du. Horrenbestez, gizakia sortu zenetik gaur arte igarotako historia jaso nahi izan dute. "Zestoarrek beraien ondarea benetan beraiena dela sentitzea nahi dugu, ikasle eta herritar bezala", adierazi du Leire Etxeberria Zestoako alkatea. Ekainberriko ordezkariek ere bat egiten dute Etxeberriarekin; izan ere, "oinarrizkoa" iruditzen zaie Ekainberri eta Lilik lotura "estua" izatea zestoarrekin. Ikasleentzat egokitutako saioak Zestoako eskolan egin dituzte saioak dagoeneko, eta auzoetan lanean ari dira.  Gaztetxoenekin, XVIII. mendea bitarteko historia landu dute, Lili Jauregia ardatz hartuta. Lilitarren maizter egun batez jarri diote izena proiektuari, eta 69 ikaslek hartu dute parte. 11 eta 12 urtekoekin, berriz, duela 13.000 eta 14.000 urteko gizakien bizimodua aztertu dute, Ekainberri oinarrian dutela. Ekaingo haitzuloa eta labar artea beraien testuinguruan landu dituzte 60 ikaslek, Ekain eta Ekainberri: historiaurrera bidaia egitasmoarekin. Saio horiek otsaileko lehen bi asteetan egin dituzte. [caption id="attachment_129309" align="aligncenter" width="268"]Zestoako eskolako gaztetxoak, esperimentazio saio batean (Ekainberri) Zestoako eskolako gaztetxoak, esperimentazio saio batean (Ekainberri) Talde txikietan landu dituzte ikasleek unitateak, eta erreplikak ere "familian" bisitatu dituzte. "Aukera hori eskaintzen dute Ekainberrik eta Lili Jauregiak, zerbitzu goxoa da, eta aprobetxatu egin behar dugu, hori baita egokiena eskolako haurrentzat", esan du alkateak. Liliren kasuan, gainera, herriko antzerki talde batek gidatzen du bisita, eta Etxeberriarentzat, hori ere "oso puntu positiboa" da. "Askotan hurbilen ditugun gauzak ez ditugu ezagutzen", esan du Aitziber Gorrotxategi hezitzaileak. Hori dela-eta, Ekainberri eta Lili Jauregiaz gain, herriko beste txoko batzuk ere landu dituzte. Proiektuaren sustatzaileek ondarearen "transmisioa" bermatzea nahi lukete, eta haurrek saio horietan ikasitakoa herriari ezagutaraztea. Itxura denez, bide onetik doaz, ikasleek interesa erakutsi baitute. Momentu hauetan, balorazioak egiten ari dira, proiektuak izandako harrera neurtu eta ekarpenak jasotzeko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide