"Plataformaren egiteko nagusia, azken egunetako gertakarien aurrean izandako kezka azaldu eta horren inguruko azalpenak eskatzea izan da. Baina oraindik ere, bidea luzea da. Plataformari babesa emateko sinadura bilketan 500 pertsona baino gehiagok eman dute izena eta horietatik asko plataforman aktiboki lan egiteko prest daude. Bi aldiz batu eta informazio bildu eta kontrastatzen jardun dugu egunotan. Datuak biltzen eta interpretatzen jarraitu beharko dugu. Argi daukagu zaborraren arazoaren aurrean ezin dugula bestaldera begiratu. Zaborra bereizten hobekuntzak egin eta gutxiago sortzeko bidea lantzen jarraitu nahi dugu.
Baina, zalantzaz josita gaude: Nola liteke zaborraren %82 bereizten dugun herri honetara Gipuzkoa osoko hondakinak ekartzea birziklatzen ez duten herrietara eramatea proposatu gabe? Aproposa al da Osinbeltz hondakinekin zuloa betetzeko? Zestoako harrobiaren itxiera pozik ospatu genuen guztiok. Akuiferoak kutsatu zituztelako epaitu zituzten ustiatzaileak orduan eta hala behartu zituzten kantera ixtera. Orain, galdera bera egiten diogu gure buruari: berriz al gaude herri honetako aberastasun nagusia, ura, arriskuan jartzeko puntuan?
Zestoako herritarren artean proiektu zehatz honen aurrean iritzia eraikitzea da gure helburua.
Herriko udalbatzari eskatu genion alderdikerien gainetik herritarren ordezkari izateko, bai agintean dagoen Bilduri, baita oposizioko EAJri ere.
Gaur jakinarazi du Martin Garitano ahaldun nagusiak prozesuaren amaieran Zestoako herriarena izango deka erabakia. Pozten gaitu hori jakiteak, aldundiak egin dezakeen gutxienekoa da.
Guk gure bidea egiten jarraituko dugu, frogak, bermeak eta gardentasuna eskatuz. Ez diogu inori utziko propagandarako gu erabiltzen. Partaidetzaren bandera garrantzitsuegia da botu ehizarako bakarrik astintzeko.
Aldundiak egin dituen informazio emanaldietako azalpenei esker argitu ditugu termino batzuk. Osinbeltzeko gordailu egonkortuen biltegia zabortegia da, hiri hondakin ez arriskutsuen gordailua deitutakoa zabortegi gisa tramitatu behar da. Honek ateak zabaltzen ditu gerora bestelako hondakinak jasotzeko. Osinbeltzekoa kareharrizko harrobia da, eta urteetako leherketen ondorioz erabat pitzatuta dago. Bost kobazulo daude eta azpian akuiferoak. Posible al da hori iragazgaitz bihurtzea? Proiektua 15 milioi euro kostatuko da. Honek erakusten digu zailtasunaren neurria. Ez al litzateke zentzuzkoagoa naturalki permeableagoa den eremu batera eramatea?
Harrobia berreskuratzeko plana bideragarria izanik ere, zeinek ziurtatzen digu agintariek ez dutela etorkizunean proiektua bertan behera utziko, eta gu, berreskuratzeko planoak eskutan eta harrobia erdi beteta, tonto aurpegiarekin geratuko?
Herritar guztiei dei egiten diegu antolatzera. Organigrama irekia prestatu dugu talde antolaketa bideratu eta lan talde eraginkor eta dinamikoak sortzeko asmoz: arlo juridikoa eta zientifikoa, ingurugiroa eta osasuna, eragin ekonomikoa, logistika eta finantziazioa eta komunikazioa izan dira osatuko ditugun lan taldeak. zestoakoharrobi@gmail.com da plataformaren helbidea".
Zestoako Herri Plataforma
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide