Bederatzi urte zeuzkan Amaiur Aristik (Zestoa, 1991) Danbolin herri aldizkaria sortu zenean. Unibertsitatean kazetaritza ikasten ari da egun, baina horrekin batera baita Danbolin-erako lanean ere. Otsailera bitartean egongo da bertan, eta hasieran «beldur piska bat» ematen zion arren, orain «gustura» dabil, nahiz eta azterketak gerturatzen ari zaizkiola gogoratzean arduratu egiten dela aitortu. Garbi dauka lanean asko ikasten ari dela.
Noiz eta nolatan hasi zinen Danbolin-en kolaboratzen?
Duela bi urte hasi nintzen Enbido etabarrak idazten. Baina seigarren mailan, hamabi urterekin, eskolan Gazte giro aldizkaria idazten genuen. Lan batzuk egiten genituen han, eta batzutan Danbolin-en ere jartzen zituzten. Lau bat lagun bildu ginen orduan, eta denon arten zerbait idatzi genuen bolada batean. Esango nuke Zestoako eskolak kazetaritza bultzatu duela, neurri batean. Izan ere, irratia geneukan eta Gazte giro aldizkaria ere bai. Ni oso oso gustura ibiltzen nintzen, bai batean zein bestean.
Eskolak lagundu dizu, beraz.
Kazetaritza mundura bultzatu nau neurri batean. Azken finean astean bi aldiz irratsaioa egiten genuen, eta gure lanak bertan irakurtzen genituen. Aldizkaria ere astero egiten genuen.
Zeren inguruan idazten zenuten?
Eskolako idazlanak aprobetxatzen genituen. Horrez gain, inauteritako pertsonaien inguruko lana egin genuela gogoratzen dut, besteak beste. Gerora, beti esaten genuen hasi behar genuela eta hasi behar genuela. Unibertsitatean Danbolin-en inguruko lan bat egitea pentsatu nuen, eta Jone Bergarari eskatu nion laguntza eta informazioa. Informazioa emango zidala esan zidan, baina horren truke Enbido bat egiten baldin banuen. Enbidoa idatzi nuen, eta handik aurrera laguntzen hasi nintzen.
Zein da gutxi-gorabehera zure lana?
Astero zazpi lagun biltzen gara Danbolin-en, eta hil hasieran hurrengo hilabetean zein gai jorratuko ditugun erabakitzen dugu. Bertan gaudenen artean banatzen ditugu lanak, edo besteren bati ematen diogu lan jakinen bat. Izan ere, zazpi biltzen gara bilera horretan, baina guztira hamabost bat lagun aritzen gara Danbolin-en lanean edo kolaborazioak egiten. Hil hasieran dena finkatzen dugu, beraz, eta nik guztiaren jarraipena egiten dut; zer moduz doazen edo laguntzarik behar duten ikusi, jendeari presioa sartu [kar kar]. Horrez gain, Danbolin zulo atala egin behar izaten dut. Argazki txikiak eta albistetxoak egoten dira bertan. Irakurri berri dut atala ere badaukagu. Liburutegira joaten naiz, eta euskarazko liburua nork irakurtzen duen jakiten dut.
Ikasketekin nola bateratzen duzu lana?
Hasiera batean beldurra neukan. Zalantza nuen lan hau egiteko gai izango nintzen. Baina neure buruari zera esan nion: «Aprobetxatu egin behar duzu hau, ezin duzu aukera galdu. Saiatu egin beharko duzu». Azkenean uste baino hobeto nabil. Normal-normal daramat. Goizetan unibertsitatean egoten naiz, eta arratsaldez Danbolin-en. Gainera astelehenetan ez dut klaserik izaten. Beraz, egun hori aprobetxatzen dut. Azterketak oraindik ez ditut hasi, baina ongi egingo ditudan esperantza dut.
Tabernan ere ari zara lanean.
Bai, asteburuetan. Horrek sortu zidan zalantza. Izan ere, ikasketak eta Danbolin bakarrik izango balitz, tira, baina ikasketak, Danbolin eta taberna, hori guztia dut esku artean. Ez nekien zer egin, baina denbora mugatu baterako zela pentsatu nuen, eta horregatik hartu nuen ardura.
Kolaboratzaileekin sestra asko izaten al dira?
Ez gehiegi. Batzutan azkenengo momentura arte tiraka ibiltzen naiz, baina kolaboratzaile onak ditugu. Azkenean komeria guztiekin, baina dagokigunean argitaratzen dugu aldizkaria.
Zenbat bazkide dauzka aldizkariak?
Doan banatzen da, etxe guztietan. Baina horrez gain bazkideak dauzkagu, eta urteko kuota ordaintzen dute. 300 baino zerbait gutxiago dira guztira. Herritik kanpora 70etik gora daude. Azkenaldian Zestoatik kanpora joan den jende asko egin da bazkide.
Txikitatik al daukazu kazetari sena?
Egia esan nahiko txikitatik daukat. Idaztea asko gustatzen zitzaidan. Bost urte neuzkala gure aitonak hala esaten omen zuen: «Ume honek galdera gehiegi egiten ditu, kazetaria edo ertzaina izango da» [kar kar].
Orain arte lanean bestelako euskarririk probatu al duzu?
Topatu.info-n ibilia naiz, baina ez gehiegi. Irauli uhinak-en ere bai, apur bat.
Non ikasten da gehiago, lanean ala klasean?
Lanean, dudarik gabe. Azkenean praktikak erakusten dizu. Teoria hor gelditzen da.
Zein euskarri probatzea gustatuko litzaizuke?
Probatzen hasita, dena probatzea gustatuko litzaidakeela uste dut. Dena probatu arte ez dakizu seguru zein gustatzen zaizun, eta horregatik probatu egin behar da, baina egia esan niri idatzizkoa gustatzen zait gehien, oraingoz behintzat.
Otsailetik aurrera zer asmo dauzkazu? Danbolin-en jarraituko al duzu?
Bai, dudarik gabe. Adibidez, orain askotan pentsatzen dut «honi egingo nioke elkarrizketa gustura, edo erreportaje hori landuko nuke», baina hau utzitakoan egingo ditudala pentsatu ditut, lasaiago nagoenean. Izan ere, horrela gehiago gozatzen dira lanak, horretara jarrita, presarik gabe.
Danbolin-en lana horrela egiteak zein aukera eskaintzen dizkio ikasle bati?
Ikasten ari naiz, baina benetan egin nahi dudan lanerako praktikatzen ari naiz, edo benetan errealitatea ikusten ari naizela esan liteke. Azkenean, eskolan aldizkari bat maketatzen dugu, adibidez, baina gezurrezkoak dira. Hemen benetan ari naiz. Lan giroa ere ezagutzen da, kalera ateratzen zara…
Gazteei aukera ematen die, beraz, Danbolin-ek.
Baietz uste dut. Orain, gainera, talde oso gaztea dugu. Lehen aipatu dudan bezala, hamabost bat gara orokorrean, baina astero biltzen garenak, 20, 21, 23, 25 eta 30 urte ditugu. Oso talde gaztea daukagu.