Mikel Ibargurenek (Zestoa, 1967) laugarren poema liburua argitaratu berri du, Joan da negua (Susa) izenburupean. Heriotzaren eta bizitzaren arteko gatazka du gai nagusia. Bizipen larrietatik abiatu, eta itxaropenez betetako bideari ekin dio, barruko ahotsari jarraituz.
Nola sentitzen zara liburu bat kaleratzen duzuean?
Neurri handi batean behintzat poz handia sentitzen dut. Egia esanda, momentu txar baten ondoren idatzitako liburua izan da, eta barruan neukan premia handi bati erantzuteko idatzi nuen. Barruko ahotsa atera dudala ikusita, gero esku artean emaitza ikustean poza sentitu dut. Inoiz baino gehiago sentitu dut gauzak esan beharra edo komunikatu beharra. Barru-barruan neukan ahots hori bilatu behar izan dudanez, eta ahots horren bitartez kanporatu dudanez sentipen, arrangura edo kezka hori, emaitzarekin oso gustura nago; egia da.
Itxaropenari tartea egin diozu, izenburutik hasita.
Bai. Hitz joko bat egin nuen Gabriel Arestik bere garaian idatzi zuen haren kontra. Hark zera idatzi zuen: «Joan zen uda eta negua heldu da». Alderantzizko bidea egin nahi izan dut. Zerikusi handia du Zea Maysen abesti ezagunak ere eta Ainhoa Molluak bideoan egindako interpretazioak ere. Bien lotura egin dut. Negu isil, ilun eta ospelaren adiera banuen nire baitan, eta izenburuarekin hori esan nahi nuen: Nire barruko negu hori, bizi izan dudan negua joan dela. Aldarri moduko bat da.
Gaixotasuna, heriotza… Gai sakonak eta bizipen traumatikoak dituzu hizpide. Ikasten al da horrelakoetatik?
Bai, behartuak gaude ikastera. Eskarmentua da, azken finean, eta ikasteko balio du. Mikel Laboak abesten zuen irakaslerik onena bizitza dela. Hitz handiak eta indartsuak dira, baina, nolabait, lurrera erortzen garenean gauzak beste era batera ikusten dira behetik. Erraza da hegoak zabal-zabal eginda hegan egiten dugunean gauzak oharkabeago pasatzea. Hegoak hautsita lurrera erortzen garenean, orduan ohartzen gara hilkorrak garela, eta ezinduta eta ezinean gabiltzanean ohartzen gara zein aukera edo zorte dugun bizitzan aurrera egitean.
Deserriratzea ere betidanik izan duzu idazterako gai.
Azken liburuaren ardatza bizitza, maitasuna eta heriotza dira.
Heriotza oso hurbiletik eta kolpez bizi izan dudan esperientzia izan da. Eta heriotza errebelatzen doan argazkia bezala, pixkanaka gero eta gardenago ikusten den argazkia bezala ikusi dut nire begiz. Bizitzari buruz mintzatzeko heriotzari buruz mintzatu behar da. Ideia hori piztu du nigan. Heriotza ulertu gabe ezin da bizitza ulertu, eta alderantziz. Bizitza eta heriotza bizipen horien artean idatzitako zerbait izan da. Tematika batzuk nire konstanteak dira, hala esango nuke: maitasuna, deserrotzea, bakardadea, denboraren joana… Denbora nola igarotzen den jabetzen naiz, gero eta argiago, eskuartetik hondarra joaten den bezala. Kontzeptu horien kontzientzia gero eta txertatuago dut. Deserrotzearena, sorterria utzi beharra, bertako senideak eta lagunak utzi beharra… Une jakin batean niretzako gogorra izan zen; zauri latz bat bezalakoa da, beti hor dagoena. Denbora igaro ahala sorterritik kanpo bizitzen ikasten duzu, egia da hori, baina herrimina edo deserrotze horren sustraia beti barnean egoten da.
Lau ataletan banatuta dago liburua. Zein irizpide jarraitu duzu?
Lanari hasiera eta amaiera eman diot, inoiz baino modu kontzienteagoan. Gaiak eta tematika nahiko konstanteak dira liburuan, eta intentsitatea eman nahi nion. Atalik gabe entregatu nuen liburua, ez nuen beharrik, baina editoreak atalkatzea proposatu zidan. Nahiz eta poemak elkarren artean oso desberdinak ez izan, hasieratik bukaerara badago garapena. Esango nuke hari existentzial moduko batek lotzen dituela denak. Nik ez nuen ataletan banatzeko beharrik ikusi baina irakurleari apur bat errazago egiteko, eta geldialdia egiteko ondo dago. Niretzako dena bat da; korpus bakarra du lanak.
Beraz, konfiantza osoa duzu editorearengan.
Edukiari ematen diot garrantzia. Liburua editatuta ikusten dudanean asebeteta sentitzen naiz, baina gehien gustatzen zaidana sortze prozesua da. Eskuz idazten dut. Paper sastar bat hartu eta hitz bi idatzi, edo sentipen bat dudanean, papera hartu poltsikotik eta zirriborroak egin, hitz bat kendu eta bestea ipini… Momenturik intentsoena eta politena hori da.
Nolako idazlea zara? Disziplinatua al zara?
Nahiko oldartsua naiz. Hitz jokoa, sentipena edo sentsazioa harilkatzen dudanean, buruan artxibatzen joaten naiz. Eta gero, zerbait gorpuztu nahian ari naizenean, zerbait badudala sentitzen dudanean, hasten naiz idazten. Nahiko sistematikoa izatea gustatzen zait. Ideiak lanean ari zarela harrapatu behar zaituzte, bestela joan egiten zaizkizu. Errotarria neure baitan martxan dudanean hor egotea gustatzen zait, konstantea izatea, eta goiz, gau, egun, ahal dudanean idaztea.
Beti poesia landu izan duzu. Ez al da literatura generorik zailena?
Jendeak zailtzat katalogatzen du poesia. Niri ez zait hain zaila egiten; beharbada, hori bakarrik egin dudalako. Eskua hartua diodalako-edo izango da. Momentuan poesia idatzi dut, baina, egia esan, barruan zerbait sentitzen dudanean garrantzitsuena idaztea da; gero zein forma hartuko duen ez dakit. Formak garrantzia du, baina garrantzitsuena idaztea da. Poesian erabat biluzten zara. Niretzako introspekzio ariketa da. Itsasoa bezala gara: Badugu ur azala, eta badugu itsasoaren hondoa. Niretzako neure barruko itsasondo horretara murgiltzea da poesia, eta erabat biluztea. Gainera, askotan neure buruaz dakidana baino, ez dakidana ateratzen zait.
Azken liburua ere ez zait oso lan samurra egin, geuk bizitako esperientzia aski gogorra izan delako. Idazketa eta berridazketa konstante horretan buruan edukitzea oso nekagarria izan da. Idazterako orduan, bazuetan ez da lan samurra izaten. Baina beste egun batzuetan nahi gabe ere etortzen zaizkizu hitzak.