Moila ondoko errepidea pintatu dute, segurtasuna areagotzeko helburuarekin

Intza Trula 2025ko mai. 18a, 10:00

Zarautz-Getaria sarrera-irteera, pintaketa lanak eginda. (Zarauzko Udala)

Dragoi hortzak izenez ezagutzen direnak pintatu dituzte errepidearen ertzeetan, estutze sentsazioa areagotzeko. Datozen hilabeteetan beste bi esku hartze egingo dituzte.

Zarauzko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, herriko zenbait puntutan bide-segurtasuna hobetzeko aldaketak egiten ari da azken asteotan. Lehenengo lanak amaitutzat eman dituzte jada: hain justu ere, Moila ondotik hasi eta Munoa plazaren ingururaino doan errepidean pintaketa lanak burutu dituzte; hau izango litzateke Getaria-Zarautz sarrera-irteerari dagokiona.

Zehazki, bi erreien banalerroa indartuz, dragoi-hortzak bezala ezagutzen direnak gehitu dituzte. Horrek, bidea estutzeko efektua egiten du, gidarien arreta areagotuz, abiadura murriztuz eta, ondorioz, inguruko bide-segurtasuna handituz.

Era berean, gune horretan aurreratzeko aukera ematen zuen lerro eten bat ere ezabatu dute, inguruan dauden herritarren segurtasuna areagotuz. Azkenik, seinaleak berrikusi eta aldatu dira, abiadura murriztea sustatzeko.

Lan gehiago

Moila inguruan gauzatu dituzten lanez aparte, datozen hilabeteetarako beste bi proiektu ere aurreikusi ditu udalak. Lehenengo lanketa bera gauzatuko dute herriaren beste muturrean, Zarautz-Orio sarrera-irteeran, alegia. Bi jarduketa horiek Foru Aldundiaren oniritzia dute, eta udala horiek gauzatzeko lanean ari da.

Hirugarren esku hartzea GI-2633 errepidean egingo dute, Meagako igoeran. Hala eta guztiz ere, lan hauen gauzatzea aztertzen ari da Foru Aldundia, aurrekoak baino konplexuagoa baita.

Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Gervasio Gabirondok herriko sarrera-irteerek duten garrantzia azpimarratu du: "Garrantzitsua da puntu horietan ibilgailuek abiadura murriztea Zarauzko hiri-bilbera iritsi aurretik".

Ildo beretik, Mugikortasuneko zinegotzi Iker Basurkok zehaztu du jarduera horiek Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuaren barruan kokatzen direla. "Proiektu horrek herriko mugikortasuna osatzen duten eragileak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzak biltzen ditu, baita Zarautzen bide-segurtasuna areagotzeko pentsatutako horrelako jarduera zehatzak ere", gehitu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide