Boluntariotza Azoka egingo dute igande eguerdian Zarautzen, laugarren urtez, eta irabazi asmorik gabeko herriko 24 elkartek parte hartuko dute bertan. Urtero bezala, malekoian izango da, Galtxagorri elkarte gastronomikoaren parean, 11:00etatik 14:00etara, eta boluntariotza lana gertutik ezagutzeaz gain, elkarteren bateko kide egiteko aukera izango da. Bereziki, gizarte politikekin zerikusia duten elkarteen erakusleiho zabala izaten da azoka, Zarauzko Udaleko Boluntariotza zinegotzi Jesus Aranak azaldu duenez; besteak beste, garapenerako lankidetza egin duten elkarteak, aniztasun funtzionalarekin lotuta daudenak, osasunarekin eta gaixotasunekin lotutakoak, sorospen zerbitzu boluntarioa ematen dutenak eta kolektibo ezberdinekin lan egiten dutenak bilduko dira ekitaldian.
Zarauzko Udalak eta Gizalde Gipuzkoako boluntariotza agentziak antolatu dute azoka beste urte batez, eta Gizaldeko arduradun Miren Gurrutxagak eskertu egin du udalaren konpromisoa, elkarteek egiten duten lana herritarren aurrean "ikusarazteko" garrantzitsua dela irizten baitio. Haren esanetan, "asko dira komunitatea sortzen laguntzen duten elkarteak, eta herritar ugari aritzen dira boluntario".
Ildo horretatik, Gurrutxagak zehaztu du Gipuzkoan herritar dezente egongo liratekeela boluntario izateko prest, baita halako egitasmo batean laguntzeko gertu ere. Adibide gisa, pandemia garaian eta Valentzian (Herrialde Katalanak) tanta hotzak eragindako hondamendian mobilizatu ziren epe laburreko boluntarioak aipatu ditu. Edonola ere, epe luzeko konpromisoa hartzen dutenak ere badirela nabarmendu du. "Guztiok dugu gure espazioa, eta inportanteena da nork bere lekua aurkitzea. Azokak horretan lagun dezake".
Aurkezpen agerraldira azokan parte hartuko duen elkarte bat gonbidatzen dute, eta aurten Nagusilani eman diote aukera. Elkarteko boluntariotza arduradun Unai Perez de San Romanek argi azaldu du beren helburua zein den: bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntzea, babesa ematea eta haiek animatzea.
Aurten, 30. urteurrena betetzen du Nagusilanek, baina Zarautzen bi urte geroago ekin zion bere jardunari, zortzi lagun ingururekin. Gaur egun, 47 boluntario aritzen dira lanean, eta horietatik 29 emakumeak dira; batez besteko adina 60 urtekoa da.
Ekintzetan bidaide
Herriko egoitzekin elkarlanean aritzen dira, eta eguneroko ekintzetan parte hartzen dute, karta edo mahai jokoetan eta paseoetan, baina baita Gabonak edo inauteriak bezalako ekintza bereziak antolatzerakoan ere. Bada boluntario bat, gainera, gitarra joz musikarekin adinekoak alaitzen dituena.
Bestalde, telefonozko laguntza ere eskaintzen dute; zazpi boluntario aritzen dira zeregin horretan, eta beti pertsona berarekin hitz egiten dute. Guztia ongi atera dadin, elkarteko bost lagun aritzen dira kudeaketa lanak egiten, eta Perez de San Romanek goraipatu egin du haien egitekoa. Horretaz aparte, Nagusilanek herriko beste elkarte batzuk ere laguntzen ditu: Elikagaien Bankua, Aspace eta Garagune.
Zentzu horretan, Jesus Aranak berriz azpimarratu nahi izan du elkarteek beren artean duten "ikuspegi komunitarioa". Zinegotziaren arabera, "loturak sortzen dituzte eta elkarlana existitzen da beren artean, eta horri balioa eman behar zaio". Azken finean, hori guztia bistaratzeko parada eskainiko du Boluntariotza Azokak, eta elkarteen lan eskerga eskertze aldera, Eduardo Galeano idazlearen aipu bat ekarri du gogora zinegotziak: "Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete3.