Lau iltzerekin hormara jositako plakan, Editorial Itxaropena Argitaldaria hitzak berun gainean. Eta pauso gutxi ezkerretarantz, leihoetako batean gorago, paseatzaile eta errepideko gidarientzat dezentez bistarago, telefono zenbaki bat eta hitz bakar bat euskarri arrosa batean: salgai. Apenas argirik ez barruan, paper metak, hutsune nabarmenak, eta tinta usain gutxi, hotsik batere ez, ez makinena, ez langileena. Duela hiru urte eskas, 90. urtemuga ospatu zuen Zarauzko (Gipuzkoa) Itxaropena inprimategiak, zeina eragile ezinbestekoa izan den euskal liburugintzaren esparru beti hauskorrean. Zenbakiak ez zihoazen aparretan orduan ere, baina aurrera jotzeko esperantza bazutela zioen orduan enpresako nagusi eta sortzaileen oinordeko Pello Unzurrunzagak. Gauzak ez dira hala izan. Eta isiltasunak eta argi faltak salatzen dute orain azken berria: Itxaropena inprimategi historikoaren itxiera.
Erabakia hartu beharra baizik ez zaie geratu. Hala azaldu du Unzurrunzagak, eta, bistan da, ez da bat-batean hartutako erabakia izan. «Kontua ez da urte txar bat izan dugula. Ze hemen urte txar asko izan ditugu 93 urtean, eta beti izan dugu moduren bat aurrera egiteko, merkatu berriak lortuz-eta, baina gaur egun ja ezinezkoa bihurtu da». Ez du ezkutatu, bada, emozio ugari eta korapilatsuzko asteak izan direla erabakia hartu aurrekoak, eta orain, baita hartu ondorengo hauek ere. «Tristea da, zer esango dut. Enpresa bat ixtea gogorra da. Nik bizitza osoa egin dut hemen lanean, eta ez nik bakarrik; nire aitonak, aitak, osabek, orain seme-alabek... Mingarria izaten ari da».
Duela lau bat aste gelditu zituzten makinak, eta paradoxikoa da inprimatu duten azken liburuetako baten izenburua: George Orwellen Lur jota Parisen eta Londresen, Igelak ekarri berri duena euskarara. «Marka da gero», Unzurrunzagak. Hutsuneak hazten ari dira ordutik lantokian, bai urteetan makinak egon diren tailerrean eta bai haren goiko biltoki, korridore eta bulegoetan. «Lokala garbitzen ari gara, dena husten». Kaiolak eta kaiolak daude zakarretara botako dituzten askotariko liburuz beteak, paper eta kartoi birziklatu bihurtuko direnak. «Duela aste gutxi bukatu dugu produkzioa, eta ez dugu konpromiso gehiago hartu. Enpresa bat ixteko prozesuak ere bere denbora behar du, eta ikusiko dugu nola datorren dena; momentuz, aholkulariekin lanean ari gara». Langileei dagokienez, erretiroa hartuko du berak, eta enpresaren itxierak hiru behargin utziko ditu kalean: Unzurrunzagaren seme-alabak —familia enpresaren laugarren belaunaldikoak— eta beste langile bat.
Erreportaje osoa irakurri daiteke Berria.eus egunkariaren atari digitalean.