Irisgarritasun unibertsala oinarri duen aplikazioa aurkeztu du Eraztun Berde Urdinak

Intza Trula 2025ko api. 16a, 16:00

Ezkerretik eskuinera Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduraduna, Ainara Garcia teknikaria eta Juncal Cepeda desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aldeko aktibista. (Intza Trula)

Besteak beste, Vista Alegre parkearen eta Iñurritzako biotopoaren inguruko informazioa eskaintzen du aplikazioak, audioen, zeinu hizkuntzan egindako bideoen eta testuen bidez.

Eraztun Berde Urdina guztien eskura egon dadin, irigarritasun unibertsala oinarri duen aplikazioa garatu du Zarauzko Udalak, eta ibilbidean zehar ere hainbat hobekuntza egin ditu. Atzo arratsaldean eman zituzten xehetasun guztiak Eraztun Berde Urdineko zinegotzi Gloria Vazquezek, teknikari Ainara Garciak eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aldeko aktibista Juncal Cepedak. Hiru protagonistek kontatu zuten moduan, ondutako aplikazioarekin eta Eraztun Berde Urdineko ibilbidean zehar egiten ari diren zenbait moldaketekin, "herritar guztiek inguruneez gozatu ahal izatea" lortu nahi dute.

Ibilbidean egindako hobekuntzei erreparatuz, aplikazioa sortu aurretik Vista Alegre ingurua aztertu zuen Eraztun Berde Urdinak, Begisare elkarteko Zuriñe de Anzolarekin eta ikusmen-urritasuna duten hainbat pertsonekin elkarlanean. Irisgarriagoa izateko helburuarekin, ibilbide horretan egin zitezkeen hobekuntzak jaso zituzten, Cepedaren laguntzarekin. 

Diagnostiko horretatik abiatuta, hainbat jarduera egin dira dagoeneko Vista Alegren. Lehenengo fasean, esaterako, Eraztun Berde Urdinaren eskuorriak sortu ziren braillez eta zailtasun kognitiboak dituzten pertsonentzako hizkuntza erabilerrazean. Halaber, ukipen-mapa bat ere sortu zuten, erliebe altuan. Dokumentu horiek Turismo Bulegoan daude eskuragarri.

Bigarren fasean, informazio panelak eta biotopoko hegaztien behatokiak altueraz jaitsi zituzten, gurpil aulkian dauden pertsonentzat irisgarriak izan zitezen.

Aplikazioa

Hurrengo pausoa izan zen Eraztun Berde Urdineko aplikazioa sortu eta kaleratzea. Android zein IOS plataformetarako dago eskuragarri, eta, oraingoz, ibilbideko bi gune interesgarrienetako informazioa ematen du: Vista Alegre parkekoa eta Iñurritzako biotopoakoa, hain justu. Espazio horietako altxor naturalei buruzko informazio atsegina eta irisgarria eskuratzeko aukera ematen du aplikazioak; hala nola audioak, zeinu hizkuntzan egindako bideoak eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako testuak ditu.

Gainera, interesgune guztiak geolokalizatuta dauden mapa bat ondu dute. Horrez aparte, mapa horrek eserlekuak, iturriak, eskailerak, aparkaleku irisgarriak, komun publikoak edo garraio publikoko geltokiak non dauden ere adierazten du. Geolokalizazio sistema horri esker, aplikazioak erabiltzailea bere kokapenetik ibilbideetara, informazio puntuetara erta paneletara gidatzen du. Halaber, panel bakoitzak QR bat ere badu, zuzenean aplikazioko bideoetara, audioetara eta testuetara bideratzen duena.

Aplikazioaren beste atal interesgarri bat da Zentzumenen ibilbidea, bai Vista Alegren, bai Iñurritzan, naturaren soinuez, usainez, kortxozko enborren ukimenaz edo fruitu batzuen zaporeaz goza dezan gidatzen du norbanakoa.

Amaitu ez den bidea

Vazquezek aurretau zuen moduan, jarduera gehiago egingo dituzte aurrerantzean, Eraztun Berde Urdineko ibilbidea irisgarriago egiten jarraitzeko. Besteak beste, ondorengo lanak egin nahi dituzte: irristagaitza den materiala jartzea eskaileretan, ikusmen urria duten pertsonentzako gidak jarri lurrean edo barandak gehitu zenbait puntutan. Zehaztu zuenez, gurpil aulkian dauden pertsonentzat irisgarri egin nahi dute Torreoira bitarteko azken zatia.

Hori hala, Vazquezek eskerrak eman zizkien prozesuan parte hartu zuten guztiei, hala nola Anzolari eta Cepedari: "Zuen laguntza funtsezkoa izan da hau aurrera ateratzeko". "Eraztun Berde Urdinaren irisgarritasun unibertsala lortzeko egindako aurrerapenagatik oso pozik" dagoela gaineratu zuen zinegotziak. "Pertsona guztiek Zarautzek eskaintzen dituen altxor naturalez gozatzeko aukera izatea nahi dugu, eta zarauztar guztiak animatzen ditugu aplikazioa mugikorretan deskarga dezaten, dituen informazioak guztiontzat baitira baliagarriak eta interesgarriak”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide