Zarautz Garbia Ute enpresaren zerbitzura 1,8 milioi euro bideratuko ditu udalak

Intza Trula 2025ko mar. 28a, 13:00

Martxoko osoko bilkura, ostegunean, udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

Atzo arratsaldean eginiko osoko bilkuran onartu zuten aho batez enpresaren prezio berrikuspena. Bestalde, Plan Ekonomiko Finantzarioa, brigadaren eraikin berrirako aldaketak, eraikinetako fatxadetako araudiaren aldaketa eta zuhaitzen ordenantza ere onartu zituzten.

Martxoko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udalbatzar aretoan, eta, bertan, zenbait aldaketen berri emateaz gainera, hainbat puntu onartu zituzten; esaterako, Zarautz Garbia Ute enpresaren prezio berrikuspena. Batzarreko bederatzigarren puntua izan zen eta aho batez onartu zuten bakarra.

Zarauzko udal mugapeko kale garbiketa eta antzeko zerbitzuak egiten dituen Zarautz Garbia Ute enpresarekin du kontratua Zarauzko Udalak, eta, hain zuzen ere, zerbitzu hori eskaintzeko zenbatekoa igotzea erabaki zuten udal alderdi guztiek. Aldaketa onartuta, 2025eko maiatzaren 21etik 2026ko maiatzaren 20ra 1.832.423,90 euro (BEZ barne) ordainduko ditu garbiketa zerbitzuengatik.

2021ean eginiko kontratuan 1.442.387 euro (BEZ barne) izatea adostu zuten, eta 2022tik orain arteko hitzarmenean, 1.796.777 euroan (BEZ barne) finkatu zuten. Beraz, 35.000 euro inguruko igoera izango du. Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik "behar-beharrezkotzat" jo zuen aldaketa, "Zarautz, gure herria, behar bezala maite eta zaindu ahal izateko".

Halaber, Plan Ekonomiko Finantzarioaren gaia ere jorratu zuten bilkuran. Azken urtean ezohiko diru sarrerak erabili dira zenbait inbertsio lan egiteko, eta, horren ondorioz, egonkortasun nahiz gastu arauak urratu dira. Hori dela eta, maiatzeko udalbatzarrean plan zehatz bat aurkeztuko dute gastuei eta sarrerei dagozkien neurri zehatzak jasotzen dituena, 2025eko eta 2026ko likidazioetan arau guztiak bete ahal izateko.

Brigadaren eraikin berria

Abendañoko bigarren zonako ekipamendu publikoko partzelaren lerrokadurak aldatzea onartzen zuten EAJren eta PSE-EEren udal taldeen aldeko botoekin; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen. Udaleko brigadaren eraikin berria altxako dute eremu horretan, eta EAJko udal bozeramaile Garbiñe Oiarbidek zehaztu zuenez, eraikin hori "behar den moduan eraikitzeko" aldaketak onartzea jasotzen du puntu horrek.

Eraikinari dagokionez, bozeramailearen hitzetan, "brigadaren instalazioak hobetzea, kokaleku hobea izatea, eta aire librean biltegiratzeko aukera izateaz aparte, estalpean biltegiratzeko aukera ere emango du". Illarramendik, bere aldetik, brigadaren eremu berria "beste pauso bat" dela azaldu zuen: "Horrela, gaur egungo brigadaren eremua [Amillubi] etxebizitzekin eta autobus geltoki berri batekin hornitu genezake".

Jarraian, Zarauzko HAPOko 1-2 arearen hiri berrikuntzako plan bereziaren aldaketa, ordenantza orokorretako 20. artikuluari dagokiona. Oiarbideren esanetan, plan horrek jasotzen dituen zenbait arauek "zabalgunean egin daitezkeen esku hartzeak behar baino mugatuagoak izatea dakar", herriko eraikinetako fatxadetan hainbat akabera galaraziz. Hori hala, aldaketa honen bitartez "zenbait materialen erabilera baimentzea eta onartuta ez dauden horien zerrenda murriztea" lortu nahi da. Beraz, aldaketak zabalguneko eraikinen birgaitzea "erraztuko" duela gehitu zuen.

Illarramendi, Ingurumen zinegotzi den heinean, aldaketa onartzearekin ados agertu zen, eta eraikinen energia birgaitzea sustatuko duela gaineratu zuen, "eraikin horiek energia eraginkortasuna handitzeko eta baita berotegi efektuaren gasen emisioak murrizteko ere".

Ildo beretik, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak herritarrei eskerrak eman zizkien beren etxeetako fatxadak "zaintzeko eta babesteko" egiten duten lan handiagatik: "Beraiei esker daude gure kaleak hain ederrak eta zainduak". Aurreko puntuan bezala, azken hau ere EAJren eta PSE-EEren udal taldeen aldeko botoekin onartu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen.

Alegazioei ezetz

Bilkurako azken aztergaian, behin betiko onespena eman zitzaion Zarauzko hiri zuhaitzak babesteko eta kudeatzeko ordenantzari. 2024ko azaroko udalbatzarrean behin-behineko onespena eman zitzaion ordenantza horri, aho batez. Atzo, ordea, helegitea aurkeztu zuen EH Bilduk, eta onespena apirilerako uzteko eskatu zuen. Koalizioko zinegotzi Ainara Landaren esanetan, helegitea aurkeztearen arrazoia da "Tiloa plataformak ordenantzako puntu bati egindako alegazioan kontraesan esanguratsuak" ikusi dituztela. "Txukuntzea eta aldatzea proposatzen dugu", gehitu zuen Landak. Dena den, helegitea ez zen onartua izan.

PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek argitu zuen moduan, ordenantza horrek "herriko zuhaiztia babestea du helburu". Hala eta guztiz ere, genero-inpaktuari buruzko irizpideak kontuan hartzearen garrantzian egin zuen azpimarra: "Beharrezkoa da zuhaizti sare bat egotea, baina irizpide egokiak jarraitu behar dira kaleak ezkutuan gera ez daitezen, eta puntu beltzik sortu ez dadin".

Lorezaintzako zinegotzi arduradun Iban San Martinen esanetan, "bide luzea egin du ordenantza honek, eta jende askorekin elkarlanean osatutako dokumentua da". "Zuhaitzak dira gure ondare naturalaren altxorrik preziatuenetako bat, eta gure betebeharra da ondo zaintzea eta kontserbatzea", gaineratu zuen. Halaber, ordenantzak herriko zuhaitzak babesteko eta zaintzeko udalak duen "konpromiso sendoa" erakusten duela esan zuen.

Hori hala, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin behin betiko onartu zuten zuhaitzak babestu eta kudeatzeko ordenantzari; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.

Olaizola, EH Bilduren bozeramaile

Udalbatzar hasieran, EH Bilduk bozeramaile aldaketa iragarri zuen; izan ere, orain arte Itziar Murua izan da koalizioko bozeramailea, baina, aurrerantzean, Garazi Olaizolak izango du kargu hori. Muruak azaldu zuenez, denbora darama Eusko Legebiltzarreko kide izaten, eta bertan izaten dituen konpromiso batzuk direla medio, sarritan ezin izaten du bozeramaileen batzarretara joan. Horregatik erabaki dute aldaketa egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide