Adiskidetasunaren gaia lantzeko hitzaldia eta antzezlana antolatu ditu udalak

Intza Trula 2025ko mar. 29a, 10:00

Hainbat esku, elkar helduta. (Pixabay)

Berdintasun departamentuak antolatu ditu bi saioak. Hitzaldia apirilaren 2an izango da, Emakumeen Etxean; antzezlana, berriz, apirilaren 9an, Modelo aretoan.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak, emakumeen arteko adiskidetasuna oinarri hartuta, bi hitzordu antolatu ditu datozen bi asteetarako: hitzaldia eta antzezlana, hain justu ere. Horrela, laguntasunaren gaia jorratuko dute bi ertz ezberdinetatik.

Hitzaldia apirilaren 2an izango da, 18:30ean, Emakumeen Etxean. Bakarrik lo ez, lagunekin bai: adiskidetasunaren inguruko hausnarketak feminismotik izenburupean, Marta Lujana eta Miren Guillo izango dira hizlariak; dinamizatzaile lanetan, berriz, Onintza Legorburuk jardungo du.

Bigarren hitzordua, antzezlana, astebete beranduago izango da: hau da, apirilaren 9an, 19:00etan, Modelo aretoan. Promesa guztia egiten diegu lagun guztiei antzezlana taularatuko dute Intza Alkainek eta Maite Aizpuruak. Sarrerak aurrez erosteko aukera izango da Kutxabank atari digitalaren bitartez.

Laguntasuna, arazoei aurre egiteko giltza

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak tratu onen inguruko lanketa prozesua egin zuen pasa den azaroan, zenbait hitzaldi eta tailerren bitartez. "Lanketa horretan konturatu ginen oso garrantzitsua dela emakumeen artean sortzen den babesa, indarra eta laguntza, emakumeak izateagatik dauzkagun arazoei aurre egiteko”, egin du azpimarra Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek. Bi hitzordu horien bitartez herritarrek emakumeen arteko adiskidetasunari buruz hausnar dezaten nahi du zinegotziak, "laguntasun erlazio horrek emakumeon bizitzetan betetzen duen funtzioari buruz eta honek feminismoan daukan garrantziaz ohartarazteko”.

Era berean, Vazquezek iritzi dio interesgarria dela emakumeak nola saretzen diren ikertzea, eta honen beharra aldarrikatzea ahalduntzeko bidean, "baita indarkeria matxistaren aurka elkarlanean jokatzeko ere eta, zentzu horretan, ahizpatasuna emakume desberdinen arteko genero-itun politikoa dela esan daiteke".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide