Ikastolaren alde lasterka egingo dute larunbat arratsean

Intza Trula 2025ko mar. 26a, 09:45

Hainbat pertsona, urtarrilean Zarauzko ikastolaren alde egindako elkarretaratzean. (Fernando Rojo)

Hartxintxar lasterketa antolatu du Salbatore Mitxelena ikastolak. Izen emateekin lortutako dirua Eusko Jaurlaritzak jarritako isuna ordaintzeko erabiliko dute.

Lehiakortasunaz harago doan lasterketa antolatu du Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak larunbat honetarako: Hartxintxar lasterketa, familian, lagunartean edo bakarrik korrika egiteko. Lasterketaren bueltan, egun osorako egitaraua prestatu du ikastolak, haurrentzako distantziekin, jan-edanerako postuekin, jolasen txokoarekin eta musikarekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lasterketa nagusian oraindik izena eman ez dutenak garaiz daude horretarako, zerrenda erabat ixteko dortsal batzuk geratzen baitira.

Duela pare bat hilabete, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 140.000 euroko isunarekin zigortu zuen Zarauzko ikastola, 2023-24 ikasturtean ikastetxean har zitzaketena baino zortzi haur gehiago onartzeagatik. Ordutik, ikastolako sustapen taldea –urtero ikastolako jaia antolatzen duena– diru bilketa egiteko ekitaldiak eta jarduerak prestatzen ibili da, eta, hain zuzen ere, larunbateko lasterketan bildutako dirua aipatu isuna ordaintzeko erabiliko dute. Gaurko egunez, orotara, 140.000 euro horietatik 119.000 bildu dituzte.

Ikastolako sustapen taldea gurasoek zein ikastolako langileek osatzen dute, eta bertako kide Maite Larrañagak kontatu du "azken urteetan korrika txapelketak hartzen ari diren oihartzuna dela eta", egokia iruditu zitzaiela sos batzuk biltzeko ekintza modura lasterketa bat antolatzea. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du "norberak nahi duen modura" egin ahal izango duela lasterka; hau da, bakarrik, familian edota lagunartean, "guztia dago onartuta". "Garrantzitsuena da bideaz gozatzea, parte hartzea eta amaitzea", egin du azpimarra.

Komunitatearen lana

Larrañagak azken hilabeteotako ikastolako langileen eta gurasoen lana goraipatu nahi izan du, 12 eta 16 urte bitarteko ikasle askok izena ematea lortu baitute: "Adin tarte horretako jendea ez zen izena ematen ari, lotsagatik edo ibilbidea bukatu ezingo zuten beldurrez, eta langileen animoei esker askoz ere gehiagok eman dute izena". Hori horrela, irabaztera joan nahi ez dutenei edota helburu bakarra ibilbidea amaitzea dutenei zuzendu zaie Larrañaga, korrika taldean egiteko aukera dagoela argituta: "Musikarekin joango gara, elkarrekin".

Hainbat distantziatako ibilbideak egongo dira larunbatean aukeran, eta horiek adinaren arabera banatuko dituzte. Izan ere, Larrañagak adierazi du ez zutela inor kanpoan utzi nahi, eta, beraz, proba nagusia ez ezik, HH3tik LH6ra arteko haurrentzako distantziak ere prestatu dituztela. Azken lasterketa horiek ikastolan zein ondoko bidegorrian egingo dituzte.

Lasterketa nagusiari dagokionez, 3,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, 19:30ean hasita. Ikastolatik abiatuta, Gipuzkoa kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte, Musika Plazaraino helduz. Handik, Santa Marina eta Herrikobarra kalea eta Paxo pasabidea igaroko dituzte. Bertatik, Amalur parkeari itzulia emango diote, eta tren geltoki berriaren azpitik pasatu ondoren, Lapurdi kaleko bidegorritik ikastolara itzuliko dira, helmuga zeharkatzeko.

Oraindik dortsalak

Orain arte, 160 korrikalarik eman dute izena lasterketa nagusirako, eta parte hartu nahi dutenek kronoak.com webgunean eman dezakete izena oraindik. Berrehun korrikalariren muga igarotzea da antolatzaileen nahia.

Irabazleen artean hainbat sari banatuko dituzte amaieran. Halere, parte hartu duten guztiek izango dute opariak eskuratzeko aukera; izan ere, zozketa egingo dute sari banaketaren ondoren, eta bertan parte hartzeko txartel bana emango diete korrikalariei –erosteko aukera ere egongo da bertan–. Hala, Zarauzko jatetxeetan eta tabernetan otorduak zozkatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide