Zarauzko Musika Bandak, Iosu Isasti Agoues zuzendariaren gidaritzapean, Udaberriko Kontzertua eskaini du gaur goizean. Herritar mordoa gerturatu da banda entzutera, eta goraino bete dute Merkatu plazako bigarren solairua.
Kontzertuan jazzaren aitzindaria den ragtime musika estiloa landu dute. Gehienbat pianoarekin lotutako estiloa da, eta kategoria honetan sartzen diren lanei rag deitzen zaie. Jazzaren hasierako garapenean eragin nagusietako bat izan zen (blusarekin batera). Baina ragtime-ak, jazzak ez bezala, ez zuen inprobisaziorako tarterik uzten, izan ere, dena idatzita zegoen.
Hori horrela, Kota Okadaren March Beyond the Sing abestiarekin eman die hasiera emanaldiari. Jarraian, Eduardo Mocoroa konpositoreak egindako eta J. Francok moldatutako Ordizia abestia jo dute. Mocoroa euskal kapera maisu, organista eta zuzendaria izan omen zen. Nick LaRoccaren Tiger Rag abestiarekin segitu dute. LaRocca jazz tradizionalaren konpositore, kornetista eta tronpeta-jotzaile estatubatuarra izan zen.
Ondoren, Phillips Sparkerren Fanfare, Romance and Finale obra jo dute. Izenburuak dioen bezala, obra honek hiru zati ditu: fanfare, hau da, brass edo metalak deituriko instrumentuak, tronpeta, bonbardinoa eta tuba, esaterako; romance, hau da, haize-egurra deituriko instrumentuak, besteak beste flauta edota klarinetea; eta finale, banda osoarentzat.
Amaierarantz, Toshio Mashimaren Paris Montmartre jo dute, Sous le Ciel de Paris, Moulin Rouge, La Vie en Rose, Les Feuilles Mortes eta C'est si Bon doinu ezagunekin konpositore japoniarrak osatutako popurria. Emanaldiko azken abestia Rhapsody in Blue izan da, George Gershwinek konposatua. Obra honetan Gershwinek musika klasikoaren elementuak jazzaren eraginarekin nahasten ditu.