EH Bilduk tren geltokian bizikletak uzteko "tokia eta modua" hobetzeko eskatu dio udalari

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 16a, 10:00

Tren geltokian bizikletak ez aparkatzeko hesiak eta kartelak. (EH Bildu)

Koalizioak uste du bizikletak ez zirela "behar bezala" kontuan hartu geltoki berria diseinatzerakoan, eta hori "hutsegite nabarmena" dela.

Zarauzko Udalak hesiak eta kartelak jarri ditu aste honetan tren geltoki berriaren kanpoaldean, bizikletak bertan ez uzteko eskatuz. Horren aurrean, bere iritzia agertu du Zarauzko EH Bilduk, eta geltokian bizikletak uzteko "tokia eta modua" hobetu beharra daudela adierazi du. Arrazoitu duenez, geltokiko alde bakarrean dago bizikletak uzteko aukera: "Salberdingo aldean ez dago batere euskarririk horretarako, eta horren ondorioz, herritarrek aldapan uzten dituzte bizikletak".

Geltokiko obra egiterakoan, "aukera anbiziotsuagoak" planteatu eta kontuan hartu behar zirela dio koalizioak; esaterako, bizikleta-aparkaleku bi aldeetan jartzeaz harago, "estalita gordetzeko aukera, bizikletentzako azpi aparkalekuak edo antzeko instalazio berritzaile eta egokiagoak diseinatzeko aukera" galdu zen. Geltoki berria diseinatzerakoan bizikletak ez zirela "behar bezala" kontuan hartu, eta hori "hutsegite nabarmena" dela deritzo, "Zarautz bezalako herri batean, bizikleta bidezko mugikortasuna hain orokortua denean”.

Horrez gain, gogor kritikatu du tren geltokiko igogailua ere, bizikletak garraiatzeko behar bezala diseinatuta ez dagoela salatuz. "Bizikleta bat ezin da zuzenean sartu; gurpil baten gainean jarri behar da sartu ahal izateko. Trena hartzeko ezinbestekoa da goiko solairura igotzea, eta trenez bizikleta eramaten duen jende askorentzat oztopo handia da hau". Hori hala, udalari leporatu dio ez zuela egoera hori "ondo aurreikusi".

Hiru eskakizun

Desasostasun horien aurrean, Zarauzko EH Bilduk hiru eskakizun egin dizkio udalari: bata, geltoki inguruan bizikletak uzteko aukerak egokiago jartzea; bigarrena, bizikletak uzteko gune itxiak jartzeko aukera aztertzea; igogailua aldatzeko egin beharrekoak egitea, bizikletak eramateko egokia izan dadin.

Mugikortasun iraunkorra herriko garraio publikoaren oinarrizko elementua izan behar duela uste du koalizioak. "Udalak bizikletaren erabilera benetan sustatu nahi badu, hitzak ekintzekin bat etorri behar dira. Geltoki berria aukera paregabea zen hori probatzeko, baina, tamalez, beste behin ere, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua hutsean geratu da", nabarmendu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide