Harrituta eta eskertuta. Horrelaxe agertu dira Gaztea irratiko eta EITB Musikako langileak, euren lan baldintzak hobetzeko asmoz hasi duten bidean jasotako babesagatik. Asko dira etxe horretako langileak, eta badaude eskualdekoak ere tartean. Borroka "kolektiboa" dela sinistuta, ordea, nahiago izan dute horiek adierazpenak izenik gabe eman, "taldearen izenean hitz egitea lehenetsita".
Orain gutxi argitara eman dituzte aipatutako langileek EITBko zuzendaritza taldearekin dituzten desadostaunak. Izan ere, kexu dira "lantaldea jasaten ari den prekarietate egoerarekin", eta diskriminazioarekin amaitzea dute xede plazaratutako arrangurarekin. Langileek kontatutakoaren arabera, diskriminazioa kontratutik dator, horiek musika animatzaile bezala hartzen baitituzte, eta ez erredaktore bezala, etxe horretako beste irratietako langileak bezala: "Beste irrati kateetan erredaktoreak daude, eta horren barruan lau talde: A, B, C eta D. Gurean ez da hori gertatzen, eta nolabait esateko, ez dugu mailaz igotzeko aukerarik". Figura hori "zaharkituta" dagoela ere gehitu dute, lan hitzarmenaren arabera abestiak aurkeztu eta jartzera mugatzen baita langile mota hori. "Gaur egun, ordea, hori baino askoz ere gehiago egiten dugu: saioak gidatu, produkzio lanak, gidoigintza... ", azpimarratu dute.
Elkarrizketatuen borroka ez da oraingo kontua, gaiak aspalditik sortu baititu tirabirak etxe barruan; gutxi gorabehera, egonkortze prozesua hasi aurretik. Langileek Instagramen sortu duten Desgastea kontu berrian azaldutakoaren arabera, urteak daramatzate "egoeraren birplanteaketa eta lan kargak eta ardurek exijitzen duten kategoria eskatzen", baina zuzendaritzatik jasotako azalpenak urriak izan dira: "EITB osoan kategoria eta ardurak berrikusiko zituztela esan ziguten, eta gehienez 21 hilabeteko epea eman digute erantzun bat jasotzeko".
Egoera gehiegi luzatuko zelakoan, greba deitu zuten langileek martxoaren 6rako, hain justu, Gaztea sariak banatzekoak ziren egunerako. Zuzendaritzak orduan bertan behera utzi zituen sariak, "horrek sortutako albo kalte ekonomiko eta sozial guztiekin, arazoari irtenbide bat eman beharrean". Gainera, langileek diote EITBk ez zuela horren inguruko adierazpen publikorik egin, eta horrek herritarren artean nahasmena sortu zuela. "Komunikazio enpresa bat izanda, deigarria da ezer ez komunikatzea; guri ere aurreko astelehenean [martxoak 3] jakinarazi ziguten sariak bertan behera geldituko zirela", esan dute. Azken erabaki horren aurrean, azkarra izan zen langileen erantzuna: bertan behera utzi zuten greba. Eta horren zergatia ere azaldu dute elkarrizketatuek: "Ez zitzaigun iruditzen grebak behar adina oihartzun izango zuenik aurreko ostegunean [martxoak 6] egin izan bagenu, ohiko lan egun bat bilakatu zelako azkenean. Egun horretarako gure asmoa zen, Gaztea sarien atarian, Euskalduna jauregiaren kanpoan gure aldarrikapena egitea, jendea irudi horrekin geratzeko".
Irrati lehiakorra jomuga
Elkarrizketatuek azaldu dutenaren arabera, jakina da egiten dutenaren eta kontratuan jartzen duenaren artean "talka" bat dagoela. "Gauza bat da zuzendaritzatik zer eduki proposatzen diren, eta beste gauza bat da etxe hau prest dagoen gauza horiek ordaintzeko", diote.
Talkak talka, akordio batera iristea "denen onurarako" litzatekeela nabarmendu nahi izan dute irrati horretako langileek. "Hedabide mota honek bilakaera izan du, besteak beste irrati bisualarekin, baina aurrera begira lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu, etxeak berak jarri behar ditu baliabideak, berari ere interesatzen zailako", gehitu dute. "Ematen du guk lanik ez dugula egin nahi, baina gu oso prest gaude eduki berriak sortzeko; eskatzen duguna da horiek kontratuan aitortzea".
"Egoera deserosoa"
Egunak aurrera doazen arren, zuzendaritzako kideen jarrera "pasiboa" izaten ari dela iritzi dute langileek, ez baitute berririk jaso haien aldetik. Dakitenez, sindikatuak pertsonal saileko kideren batekin ari dira hizketan, eta aste honetarako bilera bat espero zuten arren, elkarrizketa egunera arte [martxoak 10], behintzat, ez zuten proposamenik jaso. "Egoera deseroso" bezala definitu dute bizi dutena. Izan ere, edukiei buruzko bestelako bilerak egiten jarraitzen dute, baina gatazkaren gaia ez da mahai gainean jartzen.
Egoera hobetu ezean, epe motz eta ertainera egoera salatzen jarraitu nahi dute, orain arte euskal musika eszenako sinadura bilketarekin edo Instagram kontu berriarekin egin duten moduan. Ez dute zehaztu hori nola egingo duten, baina gehitu dute aurrekoan greba ez egin izanak ez duela esan nahi aurrerantzean egingo ez dutenik.