Zarauzko Udalak abenduan abiatu zuen Amalur parkearen etorkizuna irudikatzeko parte hartze prozesua, eta lehen bilera ireki hartan prozesuaren nondik norakoak aurkeztu zituen. Horrekin batera, ekarpenak egiteko galdetegi bat jarri zuten abian, ahalik eta herritar gehienek parte har zezaten; besteak beste, bilerara joateko aukerarik izan ez zutenentzat. Online egiteko aukera eman zuten, baita paperean aurkezteko aukera ere, herriko postontzietan. Lehen fasea bukatuta, orain bigarrenari ekingo diote. Hori horrela, beste saio ireki bat antolatu dute datorren astearterako, otsailaren 25erako, 18:00etatik 20:30era, Santa Klara komentuan.
Bigarren fasea hasita dagoela jakitera eman du Partaidetza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek: "Taldekako dinamikak eraman ditugu aurrera giza talde ezberdinekin: adinekoekin, dibertsitate funtzionala dutenekin, haurrekin, talde misto bat ere osatu genuen kultura, natura eta naturako kideekin, Emakumeen Etxean ere egin genuen eta beste bat egingo dugu emakume migratzaileekin". Gazte jendearekin ere talde bat osatzen saiatu dira, baina, tamalez, ez dute lortu.
Dinamika hauen helburua izan da "beste era batera parte hartzen ez duten giza taldeek parte hartzea eta haien ekarpenak jasotzea", Oiarbideren esanetan. "Gisa horretan, ahalik eta parte hartze anitzena izatea nahi dugu. Ez bakarrik jende askok, baita herritar ezberdinek ere".
Asteartean, taldekako dinamika batzuk egingo dira, eta prozesua aurrera daraman elkarteak proposatuko ditu mahai bakoitzean gai jakin batzuk, "aurreko fasean atera direnak". Bertaratzen den herritarrak zehazten diren gaietako baten mahaian esertzeko aukera izango duela azaldu du Partaidetza zinegotziak: "Orain arte jaso diren proposamenak eramango dituzte; batzuk kontrajarriak dira, eta elkarren artean erdibidera iritsi beharko dute edo aztertu nola izan daitezken bateragarriak. Izan ere, mota askotako proposamenak jaso ditugu".
Konpromisoa
Saioa "nahiko luzea" izango dela azpimarratu du Oiarbidek, "galdetegia bera ere nahiko luzea" izan zela argudiatuta. Parte hartze prozesuak "parte-hartzailearen konpromisoa" eskatzen du: "Ez da parte hartze prozesu soil bat, hiru aukeren artean hautatzeko zenbait. Parte-hartze sakona eskatzen du honek eta halaxe planteatu dugu. Orduan, partaideen aldetik eskatzen du konpromiso sendo bat".
Bi ordu eta erdiko iraupena duen saioa izanda, zalantzak sortzen zizkion udalari, baina beharrezkotzat jo dute orain arteko ekarpenen berri emateko eta ondorengo lanketa aurrera eramateko nahiz ateratako ondorioak aurkezteko.
Udalak bazekien Amalur parkearen parte hartze prozesuak jakin-mina sortuko zuela herrian, eta herritarrek erantzungo zuela. Estreinako bileran ehun lagun inguru elkartu ziren, eta zinegotziaren arabera, "hasiera potentea izan genuen". Ildo horretan, kontuan izan du 300 galdetegi jaso dituztela beteta, eta oso pozik agertu da jasotzen ari diren erantzunarekin.
Askotariko ekarpenak jaso dituzte, baina oraindik goiz da ondorio zehatzak ateratzeko. "Aurrerago pentsatu beharko dugu zer den uztargarria eta zer ez, edo aukerak planteatu beharko ote diren. Parte hartze prozesua bukatzen denean, ez da erantzun bakar bat egongo; izan ere, zarauztar batzuk gauza bat nahiko dute eta beste batzuk bestea. Beraz, ondorio hauek guztiak jasotzen ditugunean pentsatuko dugu zer dinamika egin beharko dugun".