Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak laguntza bekak eman zituen iaz lehendabizikoz Zarautzi buruzko Gradu Amaierako Lanak (GRAL) eta Master Amaierako Lanak (MAL) egiteko. Egitasmoaren xedea izan da unibertsitateko ikasketak egiten ari diren gazte zarauztarrek ikasturte amaierako lanetan herriari buruzko errealitateak aztertu ditzaten sustatzea, edozein diziplinari eta korronteri azpimarra eginez.
Guztira, bost beka eman dituzte, lan bakoitzeko mila euro, eta bekadun bakoitzak bere azterketa aurkeztuko du datorren asteazkenean, otsailaren 26an, Etxezabala eraikineko aretoan egingo den ekitaldian. Saioa 18:00etan hasiko da.
Ondorengo boskotea da beka jaso duena: Maialen Ajuria Lertxundik Zarauzko adineko emakumeei ahotsa ematen: genero-ikuspegitik erronkak, adinekoen zaintzaren errealitateak eta zahartze aktiboa aurkeztuko du; Sara Laskibar Agirretxek Zarauztarron osasun mentala lantzea eta arazo hauen ondorioz egunerokotasunean izan ditzakegun gatazkak gainditzeko tresnak ematea; Izaro Aristondo Illarramendik Familia-eskola lankidetza haur hezkuntzan: loturak sendotzen; Unai Burgoa Rotetak Zarauzko ehungintzaren historia ekonomikoa; eta Paulo Eizaguirre Mirallesek, azkenik, Zarauzko gozogintzaren historia ekonomikoa.
Bekak bikoiztu
Une honetan, aurtengo beka deialdia prestatzen ari da udala, baina jakitera ema duenez, diruz lagunduko dituen lanen kopurua bikoiztuko egingo du; hamar beka emango ditu, guztira. Deialdia datorren irailean zabalduko dute, eta eskatzaileek oinarrizko baldintza batzuk bete beharko dituzte ezinbestean.
Interesdunek 2024-2025 ikasturtean matrikulatuta egon beharko dute, eta 21-30 urte bitarteko adina eduki. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Zarautzen erroldatuta egon beharko du aurreko hiru urtetan etenik gabe, edo gutxienez hamar urtetan etenekin. Ikertu nahi den lanak Zarautzekin erlazio zuzena izan behar du –ekimenak, zerbitzuak, industria, historia eta abar–, eta euskaraz idatzita aurkeztu behar dira. Nahitaez, GRALeko eta MALeko ikasgaian matrikulatuta egon beharko du eskatzaileak: fakultatean, gainera, gutxienez 6ko kalifikazioa jaso beharko du proiektuak, bestela ez du bekaren bigarren zatia jasoko eta lehenengoa itzuli egin beharko du.
Gazteria zinegotzi Irune Urbietaren hitzetan, herriko gazteek "herriko errealitate desberdinak aztertzeko duten grina" sustatu behar da: "Askotan, honek, Zarautzi buru ezagutzen ez ditugun, edota ahaztuta genituen, aspektu eta datuak azaleratzen lagunduko digu". Zentzu horretan, unibertsitateko ikasle zarauztarrak animatu nahi dituzte herria aztertzera, "ondoren bizilagunei aztertu duten horren berri emateko”.