28.000 bizikleta daude Zarautzen, biztanleko 1,23 unitate

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 12a, 10:00

Herritar bat bizikletan bidegorritik. (Intza Trula)

Europan erreferente diren beste hiri batzuen pare jarri dela nabarmendu du Zarauzko Udalak. Mugikortasun Astean 541 herritarri egindako inkestak baliatu dituzte herriko bizikletaren erabilerari buruzko datu zehatzak jasotzeko.  Mugikortasuneko zinegotzi Iker Basurkok zehaztu du "bizikletaren mundua kudeatzeko fasean" dagoela Zarautzen.

Betidanik aipatu da adierazgarria dela zeinen ohitura hedatua den Zarautzen batetik bestera mugitzeko bizikleta erabiltzea. Fenomeno hori kontuan izanda, bizikletaren erabilerari buruzko datu zehatzak jasotze aldera,  Zarauzko Udalak Olatu Berdea enpresari txosten bat egiteko eskatu zion duela hilabete batzuk; azterketa osatzeko, 541 zarauztarri egin zieten inkesta, Mugikortasunaren Astean. Jasotako emaitzen arabera, Zarauzko etxebizitza bakoitzeko ia 3 bizikleta unitate (2,91) daude, eta horrek esan nahi du, guztira, 28.262 bizikleta daudela udalerrian, 1,23 unitate biztanleko.

Bizikletaren kulturari dagokionean, Europan erreferente diren beste hiri batzuen pare jartzen dela Zarautz nabarmendu du udalak. Gisa horretan, Herbeheretako Groningen (1,7), Utrecht (1,44) eta Amsterdam (0,97) jarri ditu adibide bezala, eta bizikletaren erabilera sustatzeko ahalegina egiten ari diren euskal hiriak baino dezente gehiago dela ere nabarmendu du, hala nola Gasteiz (0,62) edo Donostia (0,57).

Bizikleten tipologiari ere erreparatu diote, eta zarauztarren ia %80ak paseokak ditu, %10ak errepidekoak eta %7,7ak mendikoak; herri barruko bizikleta elektrikoen kopurua oso txikia da, berriz. Erosketa prezioa kontuan hartuta, bizikleten %45,6ak 200eurotik beherako balioa du; % 39,8ak, 200 eurotik 600 eurora bitartekoa; eta  %10,1a da 600 eurotik gorakoa.

Guztira, 541 herritarri egin zitzaien inkesta, eta erdiak baino gehiagok –% 63,1ak, alegia– egunero edo ia egunero erabiltzen du bizikleta, eta arrazoiak askotarikoak dira: erosketak egitera, aisialdira, eskolara edo lanera joateko, esaterako. Zarauzko Udalak ez du zalantzarik bizikleta "oso elementu garrantzitsua" dela bizilagunentzat.

Kudeaketa egokia

"Inkesta hau garrantzitsua da, iritziak, sentsazioak eta usteak datu zehatzetara eramateko balio digulako, eta horrela, hobetzen jarraitu ahal izateko interpretatu eta erabili ditzakegu", adierazi du Iker Basurko Mugikortasuneko, Proiektu Estrategikoetako eta Zarautz 2030eko zinegotzi arduradunak. Bizikleta zarauztarren kulturaren parte dela jakitun da udala, baina "elkarbizitza egoki bat" eduki ahal izateko, "bizikleten mundua kudeatu" behar dela zehaztu du Basurkok: "Gure kasuan, ez gaude bizikletaren erabilera sustatzeko fasean, baizik eta zuzenean bizikletaren mundua kudeatzeko fasean, eta hobekuntzak guztion ahalegina behar du".

Bestalde, inkesta baliagarria izan zen herritarrei kezkatzen dien beste alderdi batzuk identifikatzeko. Udalak jakinarazi du horietako asko Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuaren barruan sartuta daudela. Udaleko Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko departamentuak ari dira elkarrekin lantzen proiektu hori, eta espazio publikoaren erabiltzaile guztien arteko koexistentzia hobetzea du xede.

Udala argitu duenez, urtean zehar egiten diren jarduera asko biltzen dituela proiektu horrek; besteak beste, bidegorrien hobekuntza, seinaleen eta irisgarritasunaren hobekuntza, prebentzio-kanpainak, bide-hezkuntza eta kontzientziazio ekintzak. Garatzen ari diren ekintzen artean, udalerriko gizarte eragileekin batera egiten ari dena azpimarratu du; guztiek partekatutako erabilera eremu bat zer izan behar duen definitzeko lanketa egiten ari dira,  egun gatazka gehien egon daitezkeen eremuetan bizikidetza hobetzen joateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide