2025ko udal aurrekontu proposamena eztabaidatu eta onartu aurretik, EH Bilduren udal taldeak bost zuzenketa aurkeztuko zituen, non horietako batek Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) diru laguntzarekin zerikusi zuzena izan zuen. Udal Gobernuak Zarautz GUKA argitaratzen duen komunikazio taldeari laguntza ekonomikoa erdira jaistea erabaki du, eta halaxe jaso zuen datorren ekitaldirako osatutako kontuetan. Horren aurrean, koalizio subiranistak 2024ko diru laguntzaren zenbatekoari eusteko emendakina eraman zuen udalbatzarrera, baina EAJk eta PSE-EEk ezezkoa bozkatu zuten; gauza bera egin zuten gainerako lau zuzenketekin.
EH Bilduko kide Eider Gurrutxaga "kezkatuta eta harrituta" agertu zen UKTren diru laguntzaren jaitsierarekin. "GUKAk bere zerbitzua egoki eta modu duin batean emateko kalkulu bat egiten du gure herrietan; alegia, biztanleko 6 euro kalkulatzen du udalari gutxi gorabeherako bat eskatzeko. Zarautzen, 23.000 biztanlerekin, 178.000 euro izan beharko luke. Iaz 78.000 euroko diru laguntza eman zitzaien, eta hori biztanleko 3,40 eurora ez da da iristen, eta aurten Udal Gobernuak 78.000 euro horiek erdira jaitsi du laguntza: 39.000 euro, hau da, 1,7 eurora ez da iristen biztanleko; GUKAk proposatutakoa baino lau aldiz gutxiago da hori", nabarmendu zuen azalpen zehatza eman ondoren.
Udal Gobernuak hartzen dituen erabakiek, honako kasuan bezala, "beldurra" ematen dietela aitortu zuen Gurrutxagak. Koalizioko zinegotziak behin eta berriz azpimarratu zituen UKTk euskararekin, herrigintzarekin eta tokiko kazetaritzarekin duen konpromisoa eta erantzukizuna: "GUKAk gure eskualdea ikustarazten du, gure herrian eta auzotan gertatzen den den dinamika zabal eta aberatsari ahotsa jartzen die. Zarauztarrekiko hurbil daude, baita zarauztarroak antolatzen ditugun ekintza horietan ere. Txikitik herri hau ekiten dihardutenei ahotsa jartzen diete, eta hau dena euskara hutsean egiten du. Zarauzko euskara komunitatearentzat erreferentziazkoa da eta gertuko komunikabidea da. GUKAk ahotsa jartzen die plaieroei, herriko hizkerari, herriko ekitaldi solidario zein kulturalei, zarauztarren iritziei... GUKAk bertatik bertara egiten du lan, profesionaltasunez eta euskara hutsean".
"Ez udalari zerbitzua emateko"
Gurrutxagaren ustez, diru laguntza iazkoaren erdira jaisteak eragina izango du GUKAk zarauztarrei emango dien zerbitzuan eta ziurrenik lantaldean ere. "Ez gaude ados jaitsiera honekin, eta are gehiago berez aurreko urtekoa igotzearen alde gaude". Udal Gobernuko kideekin bildu zirenean, "GUKAk ez duela lan hitzarmena betetzen" esan zietela kontatu zuen koalizioko zinegotziak. "Talde honi ematen zaion laguntza komunikabidea bera eusteko da, eta ez da udalari dagokion zerbitzuak emateko. Ez da gobernuaren komunikazio gabinete bat, eta honek beste zerbitzu batzuk kontratatu nahiko balituzke diru gehiago jarri beharko du".
Hartutako erabakiak, Gurrutxagaren hitzetan, badu eskala handiagoko eragina, Zarauzko mugetatik harago doana. Zentzu horretan, Irune Urbieta Euskara zinegotzi eta UEMAko lehendakariordeari zuzendu zitzaion: "Duela bi aste UEMAko batzar orokorrean esan zenuen Zarautz Udalerri Euskaldunon Mankomunitateko herririk handiena dela, eta ustez balio handia ematen diozue euskarak Zarautzen duen lekuari. Zarautzi badagokio herri horientzat guztientzat errenferente izatea, euskararen sustapenean eta artikulazioan, uste dugu diru laguntza hau erdira jaistea ez dela horretarako bide aproposa".
Udal Gobernuaren jarrera
Hitza hartu bezain pronto, alderdi sozialistak kontra bozkatuko zuela erantzun zuen PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik: "Ez da ahaztu behar zer egoeretan gauden gaur egun. Udalak egun duen gastu maila oso altua da, eta zarauztarrentzat behar-beharrezkoak diren proiektuak aurrera eramateko departamentu guztiok hasierako proposamenetatik barne lan sakona egin behar izan dugu, eta gure partidak jaitsi, gastuak orekatu ahal izateko".
Pentsatu gabe hartutako erabakia ez dela izan komentatu zuen Illarramendik, "ongi aztertutakoa baizik". Era berean, azpimarratu nahi izan zuen diru laguntza "enpresa bati zuzenean" ematen ari zaiola: "Komunikabide bat da, baina zarauztar guztion dirua jasotzen duen enpresa bat". UKTk biztanleko egiten duen kalkuluaz aparte, PSE-EEk EH Bilduri gogora ekarri zion hedabide honek "udalak egiten dituen kanpainetatik 30.000 euro jasotzen" dituela; hala ere, horiek ez dute zerikusirik diru laguntzekin, zerbitzuko lanak edo publizitate kontratazioak izaten dira. Illarramendik gogoratu zuen duela bi aste bildu zirela UKTko arduradunekin, eta 2025ean ere prest daudela etxe honen beharrak entzuteko eta hitz egiteko.
EAJko udal bozeramaile Garbiñe Oiarbidek zuzena izan zen bere hitzartean: "Diru laguntzak erdira jaisteraren arrazoi nagusia da ez gaudelako ados bereziki GUKAk ikus-entzunezkoetan Zarautzi egiten zion arretarekin". UKTko arduradunekin duela bi urte elkartu zela alderdiko beste kide batzuekin batera, eta aurten ere elkartu dela aditzera eman zuen, eta "hizketan jarraitu beharko dugu elkarren arteko konfiantzak eraiki nahi baldin baditugu".
Argi utzi nahi izan zuen Zarauzko Udalak euskararekiko duen konpromisoa, eta nahierako alderaketa bat egin zuen: "Errenteriako Udalak 25.000 euroko diru laguntza eman dio aurten Errenteriako Hitzari eta eskualdeko telebistarik ez dagoenez, Hamaika Telebistari 7.000 euro eman dizkio. Guztira, 32.000 euroko laguntza EH Bilduk agintzen duen 39.000 biztanleko udalerri batean, biztanleko 0,82 euro. Beraz, 2025erako GUKAra bideratuko den laguntza Errenteriakoren bikoitza izango da biztanleko".
Soziolinguistikoki konparaezinak
EH Bilduko zinegotzi Eider Gurrutxagak, ordea, ez zion onartu esandakoa, eta bi udalerrien egoera soziolinguistikoa oso ezberdinak dela erantzun zion, beraz, ezin direla konparatu horren erraz. "Badakigu GUKA badela erreferente bat herritarren parte handi batentzat, eta ziurrenik Errenterian ehuineko hori askoz ere txikiagoa da. Segur aski, herri horretako Euskara departamentuak beste lehentasun batzuk izango ditu".
Bestalde, Kultura eta Gaztedia sailetik antolatzen diren jarduera ia denak euskaraz direla sakondu zuen zinegotzi jeltzaleak: "Beraz ezin da zalantzan jarri zarauzko Udalak euskararen alde egiten duen apustua. Zarautz bada erreferente euskarari eta euskalduntzeari dagokionez".