Ion Zaldua eta Unai Muniain: "Gure lana ondo egin behar dugu, baina bertsolarien esku dago aurrera egitea"

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 20a, 15:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoaren atarian, Ion Zaldua gai jartzaileak eta Unai Muniain epaileak txapelketaz eta beren zereginez jardun dute Gukastekan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa puri-purian da. Asteburu honetan, bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Protagonista nagusiak bertsolariak dira, baina txapelketen bueltan badira ezkutuko beste pertsona batzuk ere. Ion Zaldua eta Unai Muniain dira horren adibide; Zaldua gai jartzailea da, eta Muniain, epailea. Gainera, Zaldua Zarauzko saioan gai emaile lanean arituko da.

Bertso txapelketetan bertsolariek bereganatzen dute arreta guztia. Zuek, ordea, ezkutuan aritu ohi zarete. Nola daramazue hori?

Ion Zaldua: Nik oso barneratuta daukat. Txapelketen parte sentitzen naiz, baina protagonistak bertsolariak dira, eta ni saiatzen naiz beren jarduna ahalik eta gehien errazten eta kanpoko faktoreek beren lana oztopa ez dezaten lan egiten. Horretarako, saiatzen naiz gaiak ahalik eta ondoen azaltzen, ahalik eta lasaitasun gehiena transmititzen eta behar duten guztirako adi egoten.

Unai Muniain: Epaileon lana gai jartzaileena baino ezkutukoagoa dela esango nuke. Izan ere, gai jartzaileak oholtzan ikus daitezke; gu, ordea, ez gara bertan egoten. Zalduak esan bezala, nik ere barneratuta daukat txapelketetan gu ez garela protagonistak.

Hala ere, kontuan izan behar da zuen zeregina funtsezkoa dela txapelketa bat aurrera joan dadin.

I. Z. : Bertsolariek beren lana egin dezaten gaiak eta gai jartzaileak behar dituzte, eta txapelketa batean parte hartzen duten unetik, irabazle bat egon behar da; hori epaileak hautatzen du.

U. M. : Fase bakoitzean epaitzen ditugu bertsolariak, eta guk erabakitzen dugu nor doan aurrera eta nor ez. Noski, oso garrantzitsua da ahalik eta ondoen epaitzea gehien merezi dutenek egin dezaten aurrera eta jendea sentipen txarrarekin gera ez dadin.

Zuen esku dago bertsolariek aurrera egin ala ez. Izan ere, gaia beraien aldekoa izan daiteke ala ez, eta puntuazioa epaileen esku dago.

I. Z. : Batez ere bertsolarien esku dago, beraiek egin behar baitute bertsotan eta beraiek erakutsi behar baitute egun horretan eta aurreko saioetan aurkari izan dituztenak baino hobeto egin dutela. Gu lagungarriak gara. Gaien kasuan, gerta daitekeena da gustukoa eta gertukoa izatea, eta, beraz, bertsoaldi hobea egitea. Hala ere, ez dut uste gaien ondorioz bertsolari bat fasez kanpo geratzen denik, ezta aurrera egiten duenik ere.

U. M. : Ados nago Zalduak esandakoarekin, eta uste dut lehendabizi bertsolariek dutela ardura. Baina egia da guk ere gure lana ondo egin behar dugula aurrera egitea merezi duen bat fasez kanpo gera ez dadin, eta alderantziz.

Txapelketa bat den heinean, kontu eske joaten al zaizkizue bertsolariak?

I. Z. : Zuzenean ez zaizkigu etortzen, baina zeharka entzun izan ditugu «gai hau bestea baino errazagoa zen» eta horrelakoak. Gu ere pertsonak gara, eta txapelketen aurretik lan handia egiten dugu. Taldean elkartzen garenean gai bakoitza aztertzen dugu, bertsolariei ahalik eta ondoen ulertarazteko, eta gaiak elkarren artean alderatzen ditugu. Halere, beti izango dute nahiago gai bat bestea baino.

Elkarrizketa hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen aurrez bideoan. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide