ZarautzOn elkarteak hamar urte bete ditu; hamar urte daramatza herria zientziaz blaitzen eta herritarrak arlora gerturatzen. Orain arteko jardunarekin jarraituz, aurten ere Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldia antolatu du elkarteak. Datorren asteartean, hilaren 19an, 19:00etan, jarri dute hitzordua, Modelo aretoan. Saioaren helburua da herrian zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatzea, eta, bide batez, herriko ikerlari gazteei hitza ematea. Hamargarrenez antolatu du ZarautzOn elkarteak ekitaldia, eta bost ikertzailek beren ibilbideaz eta proiektuez hitz egingo dute.
Zein proiektutan dabiltzan azalduko dute Esther Udabe, Leire Lopetegi eta Jakes Udabe zarauztarrek eta Naiara Rodriguez-Florez zumaiarrak. Halaber, gonbidatu berezi gisa, Mikel Artetxe zarauztar gaztea arituko da solasean. ZarautzOnek azaldu duenez, "aurtengo bost protagonistak gazteak diren arren, ibilbide profesional oparoa dute", eta bakoitzaren proiektuak "gaur egungo erronkekin lotuta" daude, hala nola material berriekin eta horien aplikazioarekin. Esaterako, industrian, osasun arloan, ekonomia zirkularrean, baliabideen kudeaketa arduratsuan eta Adimen Artifizialean aritzen dira.
Esther Udabe:
Esther Udabe Kimikan graduatua da, eta Kimika Aplikatuan eta Material Polimeroetan masterra du. 2020an doktoratu zen Poymat zentroan (EHU), aplikazio biologikoetarako garatutako poliuretano eta poliester antimikrobiano eta hidrogel ionikoei buruzko lau urteko ikerketa lanaren ondoren. Apiriletik Tecnalia enpresan ari da lanean, eta hondakinak balorizatzeko hogei adituren talde burua da.
Naiara Rodriguez-Florez:
Naiara Rodriguez-Florez Industria Ingeniaritzan lizentziatua da Tecnun unibertsitatean, eta, ondoren, Bioingeniaritzan doktore tesia egin zuen Imperial College London unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun, 2019az geroztik, Tecnuneko Materialen Mekanika eta Fabrikazio Aurreratua ikerketa taldeko kidea da, eta biomedikuntza arloko proiektuez arduratzen da bertan. Ikerbasque Research Fellow izan ostean (2019-2024), Ikerbasque Research Associate postua lortu berri du. Bere ikerketa lerroak hezur biomekanikan eta hezurren ordezkoen diseinu eta fabrikazioan oinarritzen dira.
Leire Lopetegi:
Leire Lopetegik Biologia gradua egin zuen EHUn, eta, ondoren, Itsas Baliabideen Kudeaketan masterra garatu zuen Wageningen University & Researchen (Herbehereak). Masterreko praktikak eta amaierako lana AZTI ikerketa zentroan egin zituen. Han jarraitzen du arrantzari lotutako tesia egiten.
Jakes Udabe:
Jakes Udabek Kimikako gradua eta Kimika Aplikatua eta Material Polimeroetan masterra egin zituen EHUn, eta MBA masterra Unir unibertsitatean. Aurten, Kimika Aplikatuan doktoretza (Cum Laude) egin du EHUn, Polymat zentroan lau urte igaro ondoren. Bere tesia nanopartikulen eta sistema biologikoen arteko interakzioetan oinarritu da, makinak erabiliz.
Mikel Artetxe:
Mikel Artetxe Informatikako Ingeniaria eta Hizkuntzaren Prozesamenduan doktorea da –EHUn ikasi zuen–. Gaur egun, azken belaunaldiko eredu multimodalak sortzen dituen Reka adimen artifizialeko start-up-aren sortzaileetako bat da. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean Ikerketarako Kolaboratzaile Akademikoa da, eta %20ko dedikazioarekin lan egiten du IXA ikerketa taldean.