Sei hilabete eta bizipen asko

Mireia Galarza Bastida 2024ko urr. 17a, 10:00

Gorka Lertxundi eta Alba Fernandez. (Utzitakoa)

AEBetan eta Alpeetan sei hilabetez eskalatzen ibili ziren Gorka Lertxundi eta Alba Fernandez zarauztarrak, eta horri buruzko hitzaldia emango dute gaur.

Pagoeta mendizale elkarteak antolatuta, hitzaldia emango dute gaur Gorka Lertxundik eta Alba Fernandezek Ameriketako Estatu Batuetara eta Alpeetara egin zuten bidaiari buruz. Zehatzago esanda, eskalatzeko bidaiatu zuen bikoteak duela bi urte leku horietara, eta bizipen "ahaztezin" moduan definitu du Lertxundik esperientzia hura. 

Eskalatzaile zarauztarrak azaldu duenez, aspalditik zuen gogoa bikoteak AEBetara joan eta bertako eskalada modua probatzeko, "oso desberdina" baita hemengoarekin alderatuta. Behin joaten hasita, baina, eskalatzaileek ondo aprobetxatu nahi izan zuten bidaia, eta momentu onenari itxaron zioten esperientzia egia bihurtzeko. "Alba anestesista da, eta ospitalez aldatzen zen momentua aprobetxatu genuen bidaia egiteko", dio zarauztarrak. Lertxundik berak lanean eszedentzia eskatu zuen, eta orduantxe ekin zioten abenturari, 2022ko martxoan. "Azken finean, denbora asko da, eta dena ondo lotu behar da", gaineratu du.

Hasieran bidaia Kanadan jarraitzea pentsatu zuten arren, burokrazia kontuak tarteko, Alpeak izan ziren bidaiako bigarren helmuga. "Adibidez, aseguru etxeek ez zituzten bidaia moduan hartzen hiru hilabete baino gehiagoko esperientziak; beraz, AEBetako lehen zatia eta gero etxean astebete igaro eta Alpeetara joan ginen".  Ia 90 egun egin zituzten Ameriketan, eta beste horrenbeste Alpeetan. Abuztu amaieran Euskal Herrira itzulita, irailaren 1ean hasi zen lanean berriro ere bikotea. "Esperientzia asko zukutu genuenez, itzulera ez zitzaigun hain gogorra egin", adierazi du Lertxundik.

Sortutako harremanak

Horrelako bidaia luzea egiten zuen lehen aldia zen bikotearentzat, nahiz eta munduko beste dozenaka txoko bisitatu dituzten, guztiak eskalatzeko. "Libre izaten ditugun oporraldi guztiak baliatzen ditugu eskalatzeko, eta hortxe ibiltzen gara, ahalik eta ondoen antolatzen saiatzen", azaldu du. Bisitatu dituzten herrialdeen artean aipatu ditu Jordania, Madagaskar, Maroko eta Kirgizistan. Izan ere, Lertxundik azpimarratu du beraiek eskaladaren bitartez ezagutzen dituztela herrialdeak eta ez dutela ohiko turismo eredu masiboa jarraitzen. «Herri txiki askotan egoten gara eta horietan bizimodua nolakoa den ezagutzeko ere balio izaten digu bidaiatzeak, baina gure helburua eskalatzea da», azpimarratu du. 

Egiten dituzten bidaia guztietan ibiltzen dira eskuz esku Fernandez eta Lertxundi, baita egin duten luzeenean ere. Bidaiak iraun zituen hilabete guztietan, baina, azaldu dute jende askorekin topo egin zutela bidean. Are gehiago, batzuekin "harreman estua" egin dutela ere gaineratu du Lertxundik: "Ameriketan, adibidez, Suitzako bikote bat ezagutu genuen. Oso harreman polita sortu genuen haiekin, eta haiek ere antzeko ibilbidea egiteko asmoa zutenez, ia-ia hiru hilabeteak elkarrekin igaro genituen. Gaur egun ere badugu harremana haiekin, eta saiatzen gara elkarrekin gauzak egiten".

Izugarrizko esperientzia

Besteekin eraikitako harremanak harreman, Lertxundik "orain arteko esperientzia onena" dela dio 2022an egin zuten bidaia hura. "Oso-oso ondo pasatu genuen, eta eskalatzaile moduan ere ekarpen asko egin zizkidan bidaiak. Bikote bezala ere oso aberasgarria izan zen", dio.

Ondo gogoan dituzte atzerrian bizitako momentuak, eta horietatik bat nabarmendu du Lertxundik: eskadala bideak amaitzen zituzten momentua. "Bide batzuk ametsetako kontuak izaten dira, eta horiek egitea izugarrizkoa da, eskalatzeko modu desberdinetan ere trebatzen zarelako", gehitu du zarauztarrak.

Moduak ere, desberdinak

Izan ere, inguruotako leku eta paisaiekin alderatuta, desberdinak dira bikoteak bisitatu zituen eremuetako eskalatzeko guneak. Lertxundik aditzera eman du AEBetan pitzadurak direla nagusi arroketan, eta horrek ere "guztiz" aldatzen duela eskaladarako teknika. 

Eskalatzeko moduak desberdinak diren bezala, desberdinak dira eskalada ulertzeko moduak ere. Lertxundiren hitzetan, eskalatzaileek erraztasun asko dituzte, eta adibide bat jarri du hori azaltzeko: "Ordesara [Espainia], adibidez, autobusez joan behar da eskalatzera udan, baina ordutegia ez da hain ona, azken autobusa 10:00etan baitago, eta hori motz geratzen da askotan. Zion parkean [AEB], berriz, baimen berezi bat ematen dizute parkeko ordutegiak ez badatoz bat zureekin", dio. 

Bidaiak bidaia, eta etorkizun hurbil nahiz urrunak zer ekarriko duen jakin gabe, Lertxundik gehitu du berak eta Fernandezek beren pasioa praktikatzen jarraituko dutela, bai etxetik gertu, bai nazioartean. "Denborarekin ikusiko dugu horrelako beste zerbait egingo dugun ala ez", esan du eskalatzaileak, azken bidaiaren oroitzapen gozoak gogoan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide