Kalean da Asier Serranoren 'Euri gorriaren azpian' liburua

Mireia Galarza Bastida 2024ko urr. 8a, 14:00

Serrano, bere azken liburua eskuetan duela. (Erein)

Donostiako udal liburutegian egindako aurkezpenean eman dituzte liburuaren xehetasunak. Azaldu dutenez, botereak indar berezia du kontakizunean, eta sinbologia asko ageri da bertan.

Gaur eguardian aurkeztu du Asier Serranok bere azken liburua, Euri gorriaren azpian. Donostiako udal liburutegian egindako hitzorduan eman ditu bere nobelaren inguruko xehetasunak, eta berarekin izan da Uxue Razkin Ereingo editorea ere.

Serranok adierazi duenez, duela bost urte inguru hasi zen liburua idazten, baina hainbat arrazoi medio, kaxoian eduki du kontakizuna. "Ez nuen bilatzen argitara eramateko momentua, zalantza asko eduki ditut horrekin, baina sentitzen dut urteek aurrera egin ahala hartu duela zentzua istorioak, edo beste era batera esanda, zentzua eman diotela liburuari azkenaldian gertatu ez diren aldaketek. Horregatik ikusi du orain argia". 

Emakume baten istorioa kontatzen du liburuak, hogeita bost urte atzera herrialdea utzi zuena estatu kolpea hirira heldu zenean. Orduan ezagutu zuen egun idazletzatik erretiratua den emakumeak gizon antzezlea. Ordutik, zazpi urteko diktadura, eta hemezortzi urteko ustezko demokrazia. Orain, emakumea hirira itzuliko da, hilzorian den gizonaren enkargua betetzera. Serranok ez du enkargu horri buruzko xehetasun gehiago eman, baina bai azaldu du hainbat kontzeptu lantzen saiatu dela kontakizunean. Horietan nabarmentzekoa da boterea. "Boterea hainbat modutan antzeman daiteke diktaduratik kanpo ere, adibidez, ekonomiaren maskarapean", gehitu du.

Sinbologiaz betetako kontakizuna ere badela dio Serranok: eskopetak, soldaduak, fusilak... Eta gehitu du: "Kontakizuna latza da, baina izugarrikerian edertasuna bilatzen ere saiatu naiz". 

Narratzailea

Istorioak badu ahots gidari bat, baina zehaztu gabekoa dela dio Serranok. "Kontakizuna pistaz betea dago, baina irakurleak erabakiko du nor izan daitekeen narratzailea". Zentzu horretan, irakurlea interpelatzen saiatu dela ere gehitu du. 

Horixe bera nabarmendu du Razkinek ere. "Irakurlearekin jokoa bilatzen du idazleak, eta zentzu horretan nobela zoragarria da. Gainera, Serranoren poetikotasuna ere nabari daiteke azken liburu honetan, nahiz eta eleberri bat izan".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide