Saria irabazi zenuela esanez deitu zizutenean, zer-nolako zirrara nabaritu zenuen?
Azken finean, hori da hitza: zirrara. Deia jaso nuenetik laino batean nago, eta sinetsi ezinik. Oso eskertuta nago epaimahaiko kideei, eta harrotasun puntu batekin ere sentitzen naiz. Ikusita zer-nolako lehiaketa potoloa den eta ikusita aurreko edizioetako irabazleen zerrenda eta izan duten ibilbidea, badut inpostorearen sindrome hori. Parte hartu dudan lehen lehiaketa izan da, eta ez dut esango ezgauza sentitzen naizela izen handi horien artean, baina bai inpresioa egiten didala nire izena Xabier Leteren izenaren alboan ikusteak lerroburuetan, baita irabazleen zerrenda horretan ere.
Inpostorearen sindromea aipatu duzu, baina epaimahaikideak ez dira nolanahikoak. Aurkeztu diren hamasei proposamenetatik zurea aukeratu dute. Zerbait izango du zure lanak.
Zerbait izango du, eta ukituko zuen norbaiten zuntza. Orain, epaimahaiaren ebazpena irakurtzeko irrikitan nago: jakin nahi dut nola argudiatu edo justifikatu duten erabakia. Zalantzarik gabe, nire lana hautatu badute, zerbaitegatik izango da. Aurkeztutako hamasei lan horietatik bizpahiru aukeratu zituzten azken faserako, eta horietatik nirea izendatu zuten garaile. Beraz, oso gustura eta eskertuta nago.
Azpimarratu zituzten xehetasunen artean, zure lanak "heldutasun poetiko harrigarria" duela zehaztu zuten.
Ni neu ere harrituta geratu nintzen hori irakurri nuenean. Izan ere, ni berandu gerturatu naiz poesiara, bai irakurle bezala, bai idazle bezala. Esango nuke poesiarekin izan nuen lehen hurbilketa modu ia oharkabean izan zela, 2008-2009an. Eibarren bizi nintzen sasoi hartan, eta ...eta kitto aldizkarian lan egiten nuela eta, emanaldi batera bidali ninduten argazkiak ateratzera; bi ikusle eta ni neu besterik ez geunden, eta emanaldia hasi zenean horrenbeste txunditu ninduen, ikuskizun guztia ikusten bukatu nuen. Gotzon Barandiaran idazlearen Arrakalak poesia liburuan oinarritutako emanaldi musikatua zen; ondoren, Katamalo egin zuen, Gorka Urbizuren kolaborazioarekin, eta sekulako eztanda kulturala izan zuen. Ondoren, sartu-irtenak egin ditut poesiaren alorrean, egile ezberdinak deskubritu ditut, baina poemak idazten hamar urte geroago hasi nintzen. Bereziki, pandemia garaian ekin nion; nire laneko lehen poemak 2018an idatzitakoak izango dira, eta %90 izurri garaikoak.
Baden verboten da zure poesia lanaren izenburua. "Bainatzea debekatuta" esan nahi du alemanieraz. Nondik dator edo non ikusi duzu esamolde hori?
Zarautzen askok ikusiko zuten, baina segur aski ez dira gogoratuko. Garai batean, Iñurritza ibaia horren garbi ez zetorrenean itsasora, biotopoko gune hartan, hondartzan bertan, debekatuta zegoen bainatzea, eta golfeko bidetik aurrera jarraitzen duen bidean hainbat debeku seinale zeuden bainatzea galarazita zegoela adierazteko, hainbat hizkuntzatan. Garai hartan, egun nire emaztea denarekin askotan paseatzen nuen han, eta Baden verboten ikusten genuen bakoitzean grazia egiten zigun, fonetikoki eta sonoritate aldetik polita egiten zitzaigulako. Ondoren, ikasketak zirela-eta Ingalaterrara joan nintzen, eta han lagun alemaniar bat egin nuen; hari grazia egiten zion alemanieraz esaten nekien gauza bakarra "Baden verboten" izatea.
Izenburuak badauka zerikusia liburuaren funtsarekin, liburuan ukitzen diren gaiekin. Ez nuke esango liburu tematiko bat denik. Poemek ez dute gai bakarra lantzen, baina badago gai bat guztietan edo gehienetan presentzia duena. Gai hori oroimina edo nostalgia da. Iragandako garaiei, aspaldi ezagututako pertsonei, joandakoan uzten diguten absentziari... nolabait ere, nostalgia horiei gorazarre egin nahi izan diet liburu honetan. Horregatik, iruditzen zait izenburuko esaldiak ongi islatzen duela poemetan jaso nahi nuena.
Nostalgia eta debekua elkar lotuta al doaz?
Erreferentzia egin nahi izan diot, nolabait, gazteak garenean debekuak edo, oro har, aginduak eragin ohi digun probokazioari. Gero, denborak aurrera egin ahala, heldutasunera iristen garenean, gehiago lerrokatzen gara eta ohikoagoa da debekuei zein aginduei men egitea, kasu egitea. Bada garai bat gure bizitzan, non gazteak garen, eta gazteak badu kontestaziorako joera hori, debekuei aurre egitekoa. Sasoi hura eduki dut presente; izan ere, oso pertsona nostalgikoa naiz, eta askotan urte haiek gogoratuz aritzen naiz, genuen askatasunaz, mundua aldatzeko genuen gogoaz eta munduaz geneukan beste ikuspegi hartaz; askotan horren falta sumatzen dut. Zentzu horretan, denboraren iragateari keinu egin nahi izan diot; jaso dut nola jartzen garen atzera begira eta gaztetako oroitzapenak etortzen zaizkigun gogora, eta horren inguruan hausnartu dut.
Poemak nola joan zara sortzen, tarteka-marteka ala bata bestearen atzetik arrapaladan?
Inolako asmorik gabe idatzi nituen. Nire inguruan, etxekoek ere, ez zekiten poesia idazten nuenik, ezta halako zaletasunik nuenik ere. Inolako pretentsiorik gabe idatzitakoak dira, ez nuen sekula pentsatuko kalitate nahikoa izango zutenik liburu batean bilduta kaleratzeko. Gaztetatik izan dut liburu bat idazteko ametsa, eta lehiaketa honek amets hori betearaziko dit.